ELKARRIZKETA

"Historiak eta arkeologiak bat egiten dute Belabietan"

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 27a, 07:59

Datorren urtean beteko dira 150 urte karlistak eta liberalak elkarren kontra borrokatu zutela Belabietan. Gertatutakoa ikertzen ari da Aranzadi zientzia elkartea Amasa-Villabonako Udalaren enkarguz.

Amasa-Villabonako Udalak Belabietako batailaren inguruko ikerketa abiatu du eta Aranzadi zientzia elkartea ari da lan zientifikoa egiten. Taldearen gidaritzan dabil Historian doktore den eta Aranzadiko kide den Karlos Almorza Arrieta (Andoain, 1959).

Datorren urtean beteko dira 150 urte hirugarren karlistadaren barruan Belabietako bataila gertatu zela. Udaberritik hona zein urratsa eman dituzue?

Egindako proposamenarekin jarraituz hainbat gauza ziurtatu ditugu. Pentsatzen genituen gauzak pentsatzen genuen lekuetan aurkitu ditugu. Hurrengo fasean, Belabietako borroka gertatu zen tokian panelak jartzeko asmoa dugu eta berriki jakinarazi diogu Amasa-Villabonako Udalari zein izan daitezkeen leku aproposak panel horiek jartzeko.

Zenbat panel jarriko dira guztira?

Bataila Belabietan, Meakako gurutzea dagoen tokian gertatu zen nagusiki, eta hortaz, paneletako batek han egon beharko du. Beste sei toki ere azpimarratu ditugu, eta jakinarazi dizkiogu Amasa-Villabonako Udalari. Haiek erabaki beharko dute, orain, panel horientzako kokagune zehatza zein den. Bestalde, bataila honek izan zuen oihartzunari begiratuta ikusten dugu 13 herri egon zirela inplikatuta. Jendeak bataila hau non eman zen ikusteko herri horietarako batzuetara doazen ibilbideak ere osatu daitezke. Adibide bat jartzearren, mendian zauritu zituzten liberalak Villabonara eta Andoainera jaitsi zituzten, karlistek berriz Berastegira. Egun bakarrean, 600 baja inguru izan zirela kalkulatzen dugu. Hainbeste zauriturekin ospitaleek gainezka egin zuten eta berriki jakin dugu nola eraman zituzten horietako batzuk Berastegitik Azkoitira.

Beste herri horietan ere zerbait egiteko asmoa duzue?

Amasa-Villabonak izan zuen zentralitatea borroka horretan. Bertatik abiatu eta Azkoitira bitarteko ibilbide bat osatzea, adibidez, gehiegitxo iruditzen zaigu. Baina egia da, Amasa-Villabonatik kanpo, beste hiru leku desberdinetan ere proposatzen ditugula panelak jartzea. Bat Andoain da, leku aproposa iruditzen zaigu lehenengo hildakoak hara jaitsi zituztelako eta badakigulako egun batzuk beranduago nola lurperatu zituzten bertan 94 pertsona; Bigarren toki bezala Berastegi proposatzen dugu, karlisten bandoko zauritu gehienak hara eraman zituztelako eta horietako asko larri zeudenez, bost hilabete iraun zuelako bertako ospitaleak; Eta hirugarren tokia Tolosa da, kontuan hartu behar baita herri hori zela setiatuta zegoela eta Uzturren denbora luzean egon zirela karlistak. 

Belabietako batailaren inguruan osatuko duzuen ibilbide horren berri emateko, irudiak jasoz bideoak osatu dituzue.

Bai. Hainbeste dokumentazio bildu dugu hilabeteotan panelak jartzeko aukeratu ditugun tokiak direla aproposak, baina aldi berean, enbarazu gutxien egiten dutenak. Badakigu panelak jartzeko aukeratu ditugun leku hauetan karlistak egon zirela. Amasatik Belabietara igo eta handik jaisteko aukera ematen duten ibilbideak izango dira, jendeak borroka hori nola eman zen irudika dezan.

 

Batailarekin loturiko zenbat dokumentu topatu dituzue?

Lan txukun baten ondorioa izan da hori. 1.500 dokumentu inguru topatu ditugu erreferentzia egiten diotenak batailari. Dokumentu horietan aipatzen diren gauzak ikertzeko joan izan gara galdezka beste hainbat herrietara ere. Adibidez, Belabietan parapetoak egiten jardun zuen jendeak bidalitako fakturak topatu ditugu hainbat herritan, eta gero parapeto horien arrastoak aurkitu ditugu mendian. Oso gauza polita izan da guretzat.

Guzti horren emaitzak noiz emango dituzue argitara?

Datorren urtean izango da. Paneletan joango da informazio hori guztia eta argitaratuko dugu orain arte egin ditugun aurkikuntzak.

Derrigor agertu behar aztarnak Belabieta inguruan hainbeste jende borrokatu zela ikusita.

Bai. Borrokan 15.000 lagunek parte hartu zutela esan nuen udaberrian. Zifra mantendu egiten dut. Liberalen artean, jakin dugu 8.500 pertsonentzako otorduak eskatu zituztela inguruko herrietan. Egun hartan, bando bakar batean, hainbeste jende bazegoela badakigu. Karlisten bandoan, beste milaka batzuk egon zitezkeela uste dugunez, zenbaki horren bueltan izango da batailan parte hartu zutenen kopurua.

1873ko abenduaren 9an, egun bakarrean gertatu zen. Horrek erraztu edo zaildu egiten du zuen ikerketa?

Erraztu. Hemen ez dira taktika eta estrategia kontuak korapilatzen, demagun, II. Mundu Gerran bezala. Ez da hain konplexua. Egun bakarrean gertatu zen bataila. Bestalde, aurreko bi hilabeteetan egon ziren hemen karlistak Tolosa setiatzen. Estatiko zeuden, tokian bertan, mugitu gabe. Horrek mendian aztarna asko uzten ditu. Historiak eta arkeologiak bat egiten dute Belabietan. Karlistak toki baten egon zirela esaten dute dokumentuek, hara joan eta arrastoak topatzea oso pozgarria da. Eta ez bakarrik dokumentuetan. Gu hemen ingurukoak gara, badakigu zeinengana joan galdezka eta Amasa inguruko jendeak seinalatu dizkigu toki posible horietako batzuk.

Ikerketa honek, datorren urtetik harago segida izan dezakeela uste duzu?

Nik izugarrizko aukera ikusten dut. Amasa-Villabonan dagoen dinamika ikusita lan honetan sakontzeko bideak daudela iruditzen zait. Adibide bat jartzeko: Donostian argitaratzen zen egunkari baten ale guztiak berreskuratu ditugu, 1873ko abendukoak. Belabietako borrokaren inguruko 80 aipamen badaude gutxienez. Besteak beste, liberal zaurituak Donostian hartzeko, 300 ohe baino gehiago prestatu zituztela irakurri ahal izan dugu artikulu horietan. Batailak zein ondorio eta zein bolumen izan zuen aztertzeko baliagarria zaizkigu horrelakoak.

Aukera ikusten duzue Saseta Defentsa Sisteman bezala, auzolandegien bitartez indusketa batzuk antolatzeko Amasamendin?

Bai, zergatik ez. Ez dut baztertzen. Doktore tesi bat baino gehiagorako mamia ematen du Belabietakoak. Normala ez dena da unibertsitatean gai hauen inguruan dagoen hutsunea. 150 urte beranduago horrela ibili behar izateak, daukagun defizitaren berri ematen digu. Doktore tesi bat aipatu dut, baina hemen topatutakoak eman dezake bidea baita filma bat egiteko ere.

Gaiak askorako ematen du.

Bai. Iruditzen zait gainera ahalegina egin beharra dagoela. Duela gutxi ETBn eman dute Amaiurko 1522. urteko batailaren berri, 500. urteurrenaren harira. Oso polita iruditu zitzaidan. Horrelako gertakizun bat azaltzea bada modu bat historia mahai gainean jartzeko. Hemen Belabietan duela 150 urte gertatutakoak programa baterako edo gehiagorako ere ematen du. Gure kulturan horrelako ekimen gehiagoren falta sumatzen dut. Aurreiritzirik gabe diot, besteek irabazi dituztenez batailak, beti haiek idatzitakoa iritsi dela guganaino. Guk ere noizbait esplikatu beharko dugu hemen gertatutakoa, bereziki belaunaldi gazteek jakin dezaten.

Eskualdean zein beste proiektu dituzue esku artean Aranzaditik?

Arantza txiki bat badaukagu kontu batekin. Saseta Defentsa Sistemaren harira, urteotan eman ditugu ezagutzera hainbat hildakoren izenak, baina badaude beste hainbat anonimoak direnak. Jakin badakigu 1937ko urrian Adunako Jose Andres Vicuña Aranburu parrokoak identifikatu gabeko gorpu bat hilerrian enterratzeko baimena eman zuela. Gorpu horren bila, hezurtegi bat hustu genuen iaz eta ez genuen ezer topatu. Aurten, beste hezurtegi bati ekiteko asmoa dugu. Aurreko urtean bezala, nirekin batera taldean arituko dira Jose Luis Iraola Puskas eta Jexux Bidaola Txirrita.

Iaz ez zenuten ezer aurkitu Adunako hilerrian. Beti jardun behar da bila, inoiz zerbait aurkitzeko?

Bai, dudarik gabe. Batzuetan badirudi gauza denak ongi ateratzen direla, aurkikuntzak seguruak direla. Baina gauzak ez dira beti pentsatu bezala ateratzen. Dena ez da Altzoko Handia. Gu, Aranzadin, nahikoa ongi gabiltza, neurri handi batean zortea izan dugulako. Dena den, gazteei transmititu beharreko balioa dela iruditzen zait: saiatu arren, beti ez dira gauzak ongi ateratzen. Oxala aterako balira, guretzako izugarrizko poza izango litzateke Adunako kanposantuan sartu zuten pertsona horren gorpua aurkitzea. Hark ere izango zituen bere senitartekoak eta haientzako garrantzitsua izango da beren senidea topatzea. Beste biktima hauen senideek ere merezi dute errespetua. Orain memoria demokratikoaren legea onartu berri duten honetan, ahal den neurrian, pertsona batzuei senitartekoak etxera ekarri behar dizkiegu. Ahalegindu behar gara horretan.

Zerbait gehiago gehitu nahi?

Bai, eskerrak eman nahi dizkiot TOLOSALDEKO ATARIAri beti hor egon zaretelako. Guretzako garrantzitsua da horrelako gauzak esplikatzeko aukera izatea, mundu guztiak ulertzeko moduan. Hamar urte daramagu kontu hauekin eta ez diguzue behin ere hutsik egin. Eskerrik asko.

LEHEN BISITA GIDATUA

Joan den igande arratsaldean Karlos Almorzak gidatutako bisita bat egin ahal izan zuten hainbat lagunek Belabietako bataila gertatu zen parajeetan zehar. Azkoitiko Munoandian Aranzadirekin lanean ari diren Espainiako estatuko boluntarioak izan ziren Amasako lurretan. Sevilla, Madril eta Bartzelonatik etorritakoek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten non eman zen 1873ko abenduaren 9ko borroka. Argazkian bisitariak Meakako gurutzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!