Elkarrekin ospatzeko deia

Ataria 2023ko irailaren 14a

'Ataria'-k hamar urte beteko ditu urriaren 6an, eta komunitatea osatzen duten guztiekin ospatu nahi du Tolosako Zerkausian.

Bai Tolosaldeak, bai eta euskarak ere, badituzte arrazoiak pozik eta harro egoteko. Izan ere ospakizunerako uneak dira, ATARIAK, eskualdeko euskarazko hedabideak, hamar urte egiten baititu. Eta guztiok elkarrekin ospatzea nahi dugu!

2013ko urriaren 6an sortu zen, eskualdeko hiru komunikabideren (Tolosaldeko Hitza egunkaria, Galtzaundi aldizkaria eta Txolarre irratia) bateratzetik. Helburu argi batekin, Tolosaldeko herritarrentzat erreferentziazko gunea izatea, euren jakin-mina eta komunikazio premiak erarik profesionalenean asebetez, euskaratik eta euskaraz.

Hamar urte geroago esan daiteke proiektua bide onean ari dela pausoak ematen, eta horren erakusle da Ataria.eus-ek egunero-egunero izaten dituen bisitarien kopurua (lehen zortzi hilabeteetan 1.332.548 bisita, eta iaz 1.149.533). Urtez urte eta hilabetez hilabete gorantz doan kopurua da, eta horrek ATARIA-ren komunitatea handitzea dakar. Handitzearekin batera, ordea, indartzea ezinbestekoa du euskarazko hedabideak, eta hori proiektua babestuz, Atarikideak gehituz eta iragarleen babesa areagotuz lortzen da. Horrela baino ez da bermatuko, Tolosaldeak euskarazko hedabide multimedia sendoa edukitzea, eta herritarrak euskarara gerturatzeko lanean jarraitzea.

Festarako unea da

Hamargarren urteurrena ospakizunerako baliatu nahi du ATARIAK eta era berezian egingo du, gainera: betiko ekitaldiak atzean utziz eta herritarrekin, kalean, guztiek batera, ATARIA badela ospatuz. Atarikide, kolaboratzaile, elkarte, erakunde, bisitari, irakurle, entzule... guztiek izango dute lekua ospakizun festan.

Urriaren 6an, ATARIAK hamar urte egingo dituen egunean bertan hartuko du festa Tolosako Zerkausiak. ATARIA eskualdeko izaera duen hedabidea dela kontuan hartuz, eskualdetasunari garrantzia eman nahi izan zaio ospakizun ekitaldian, eta horregatik, Tolosaldeko kultur eragileek hartuko dute parte, eta eskualdeko ekoizleek eskainitako jan-edana ere izango da.

Egitaraua oraindik osatzeko dagoen arren, noiz —urriaren 6ko arratsaldea— eta non —Tolosako Zerkausia— izango den zehaztuta dago, eta gainerakoak data gerturatu ahala argituko dira. Gonbidapena herritar orori luzatu dio ATARIAK, baina eskaera batekin batera doa: agendan egun hori gordeta uztea, guztiek batera ospatzeko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!