ERREPORTAJEA

Euria goian-behean, eta uholdeak eskualdean

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 3a, 07:59

1983ko uholdeek utzi zituzten hainbat irudi. ANTIGUA TOLOSA

Gogor kolpatu zuten Euskal Herria 1953ko eta 1983ko uraldiek. Tolosaldeko hainbat herritan ere denetariko kalteak eragin zituzten.

Inor gutxik ukatuko du inguru euritsua dela Tolosaldea. Ohikoa da jendea kexaka entzutea eguzki ezagatik, lainotutako udagatik edo inauteri euritsuengatik. Baina eguzkiak ihartutako herri mortuetan ere izango da gogaituta dagoenik. Paraje idorretan lehortea izango dute kezka; eta hezeetan, berriz, uholdeak dira mehatxu. Hainbatetan egin dute gainezka eskualdeko ibaiek zein errekek, baina eragindako kalteek nabarmentzen dituzte bi uraldi: 1953ko urriaren 15ekoa eta 1983ko abuztuaren 26koa.

Biek ala biek antzeko altuera hartu zuten Alegian: hiru metro inguru. Tolosan, berriz, izan zen alderik: lehengoa, hiru metro ingurura iritsi zen; bigarrenak, aldiz, metro eta erdi inguruko garaiera hartu zuen lekukoen arabera. 1983ko ezbeharra gertutik bizi zuten Inaxio Landak (Alegia, 1950), Jesus Mari Oiarzabalek (Alegia, 1955) eta Felix Irazustabarrenak (Alegia, 1961).


Irazustabarrena, Landa eta Oiarzabal. A.A.


Garai hartan okina zen Landa, eta lanean zegoen ibaiak gainezka egin zuenean: «Ate azpitik ura sartzen zen Titanic-en egongo bagina bezala! Ura gerriraino nuela atera nintzen handik». Oiarzabal oporretatik iritsi berria omen zen, eta kontatu du bezperan Amezketako festetan barrez aritu zirela jendea katiuskak jantzita ikustean. Irazustabarrena, aldiz, soldaduska egiten ari zen Burgosen eta, baimena lortuta, etxerako bidean harrapatu zuen uholdeak: «Altsasuraino nafar batzuekin joan nintzen. Handik auto-stop egin eta kamioilari batek eraman ninduen Olaberriara. Bada, han uragatik errepidea moztuta zegoela-eta, trenbidea hartu eta oinez etorri nintzen».

 

Felix Irazustabarrena: «Uragatik errepidea moztuta zegoela-eta, trenbidea hartu eta oinez etorri nintzen»


Hirurek nabarmendu dute Alegian «uholde asko» gertatzen zirela, baina txikiagoak izaten zirela. Hain zuzen, lantegi askotan ohikoa omen zen lanaldi betean lurreko gauzak mahai gainean jarri behar izatea «urak altxatzen» ari zirelako.


1983ko uholdea, Belate ingurua urpean. M.A. BERMUDEZ


Dena dela, horien aldean 83koa larriagoa izan zela kontatu dute aho batez: «Ura indar handiz igo zen eta harrapatu zuen guztia txikitu zuen: dendak, tabernak… Paper fabrika baten biltegian errekaren aldeko pareta puskatu eta paper bobinak arrastaka atera zituen». Landak aipatu du autoak ere mugitu zituela: «Ezkaratzean nengoela kotxeak pasatzen ikusten nituen; uretan barkuak bezala!». Herriko azpiegituran ere eragin zituen kalteak, azaldu dutenez, zubi zaharra eraman ez bazuen ere, petrilak eta azpiko harriren bat ere kendu omen zion urak.

Tolosako Berazubiko zubiaren gainetik ura pasatzen, 1983ko uholdeetan. MIGUEL ANGEL BERMUDEZ

 

Inaxio Landa: «Ezkaratzean nengoela kotxeak pasatzen ikusten nituen; uretan barkuak bezala!»


Elkar laguntzeko borondatea

Hurrengo egunean, ura jaitsi zenean, garbitzen hasteko ordua iritsi zen. Oiarzabalek ondo gogoan du irudia: «Jendeak etxabeetan pilatutako lokatz guztia kalera atera zuen, beraz, imajinatu nola zegoen kalea». Gehitu du, ordea, garbitzeko «aparteko tresna bat» izan zutela eskura. Antza, harrobian lan egiten zuen herritar bati bururatu zitzaion hango pala bat erabil zezaketela garbiketa errazteko: «Gestionatu zuen, eta kalearen zabalera adinako pala bat ekartzea lortu zuen». Harekin garbitu omen zituzten Alegiako kaleak.



Alabaina, ez zen berehalakoan bukatu garbiketa: lekuko guztiek aipatu dute uholdea gertatu eta hainbat hilabetera oraindik lokatza ateratzen zela «izkina guztietatik». Landak kontatu du ogirik egin ezinda geratu zela, urak dena hondatu zuelako. Bada, herrian bazen beste okindegi bat eta haiekin lan egitea eskaini zioten egoera konpondu bitartean: «Abisatu nien, gutxienez, bi hilabeteko lana nuela berriz martxan jarri arte. Lasai egoteko erantzun zidaten, nolabait moldatuko ginela». Okinarentzat «aste gogorrak» izan ziren, besteenean bukatutakoan bere okindegira joaten baitzen lokatza kentzera eta berriro martxan jartzera.


Alegiako uholdeen marka. A.A.


Tentsio handiko uneak ere izan zirela gogoratu dute hirurek: «Arriskurik handiena Lolak pasa zuen». Egunkariak saltzen zituen lokal batean eta, antza, ura igotzen hasi zenean barruan geratu zen inor konturatu gabe. Landak aipatu du dendatik atera nahian ikusi zuela: «Ateraino irten eta han geratu zen markoari helduta. Pixka bat gehixeago aurreratu izan balitz urak eramango zuen!». Pareko eraikineko herritarrek haren gaineko bizilagunak ohartarazi eta bizpahiru lagun jatsi omen ziren teilapera. Alegiarraren esanetan, teilak kendu, sabai aizuna puskatu eta lokalera jaitsi ziren soka batekin; ondoren, handik gora irten ziren denak: «Miragarria izan zen; pixka bat luzatu izan balira… Kristoren tentsioko momentua izan zen».

Urak eraman zituen

Data batean zein bestean, euriteek gogor kolpatu zuten Euskal Herria, eta kalte materialez gain, izan zen ondorio larriagorik ere. 1953ko uholdean 27 pertsona hil ziren; horietatik 22 Donostiatik Azpeitira zihoan autobus batean. Hogeita hamar urte geroago, 1983ko uraldian, 34 pertsona zendu eta beste bost desagertu ziren.


Tolosako uholdeen markak. A.A.


Eskualdean ez zen halako ezbeharrik gertatu, baina Migel Angel Bermudez tolosarrak gogora ekarri du aitak kontatu zion anekdota bat. Tolosako Plaza Berriko Abastos eraikinean arrandegiak eta harategiak zeuden garai hartan, eta uholdearen hurrengo egunean jendea garbitzen hasi zenean, adar eta lokatz artean gorpu baten tankerako zerbait topatu zuten. «Beldurrez gerturatu eta buelta eman ziotenean konturatu ziren maniki bat zela. Hura lasaitua!». Antza, urak jostunen baten erakusleihoa puskatu eta manikia leku horretaraino eraman zuen.

1983ko uholdea, Rondilla kalea urak hartuta, Euskal Herria plazaren inguruan. M.A. BERMUDEZ

 

Miguel Angel Bermudez: «Beldurrez gerturatu eta buelta eman ziotenean konturatu ziren maniki bat zela. Hura lasaitua!»


Uholdea, ustekabeko gertakaria?

Honezkero ondo ezagutzen omen ditugu gure inguruaren eta eguraldiaren ezaugarriak; eta ibaiek zein errekek gainezka egitea ez da azkenaldiko fenomenoa. Hori horrela, ez ote da posible uholdeak aurreikustea? Iker Ibarluzea meteorologoaren arabera «zaila da», baina aurreikus daitezke.

Adituek bi datu hartzen dituzte kontuan hori aztertzeko: 24 ordutan pilatu litekeen euri kopurua eta ur prezipitagarria. Alarma pizten da azken horrek adierazten badu hezetasun eta prezipitatzeko aukera handiak daudela eta horri gehitzen bazaio 24 ordutan pilatuko den ur kopurua «oso-oso altua» izango dela -ez 60 edo 80 litro, baizik eta 200 litro baino gehiago-; bestela esanda: «Euri asko eta potoloa». Ez da, ordea, horren erraza. Ibarluzeak gogora ekarri du eguraldian «parametro txiki bat» aldatzen bada goitik behera aldatzen dela iragarpena.

 

Iker Ibarluzea: «Ekaitzak, batez ere, udan dira arriskutsuak, lurra lehorrago egoten delako»



Ekaitza da uraldiak gertatzea ahalbidetzen duen beste fenomeno meteorologiko bat. Baina horiek iragartzea «oso zaila» omen da, eta gertatuko direla aurreikus badaiteke ere, ezin omen da jakin zehazki non eta noiz lehertuko diren. «Ekaitzak, batez ere, udan dira arriskutsuak, hain zuzen, lurra lehorrago egoten delako eta ez duelako izaten gaitasunik kolpetik erortzen den ur hori xurgatzeko». Atzetik etortzen da ondorioa: xurgatu gabeko ura kanpoan geratzen da eta erreketara isurtzen da; errekak ezin duenez ur hori guztia eraman, gainezka egiten du eta uholdeak gertatzen dira.

Laburtuz, bi egoeratan piztu litezke alarmak: etenik gabe euri asko egiten duenean eta ekaitz handi bat sortzen denean. Bide beretik, urteko bi momentutan handitzen da arriskua: urteko momenturik euritsuenetan, hots, azaroan eta abenduan; eta udan. Gainera, udako ekaitzetan «joera berezi bezain arriskutsu» bat eman liteke. Normalean, denboralea lehertzen da, ibilbide bat egiten du eta desegin egiten da. Batzuetan, ordea, ekaitza geldirik geratzen da elkarren aurkako norabidea duten aire korronteak direla-medio, eta leku berean botatzen du prezipitazio guztia. Hain zuzen, hori gertatu zen 1983ko abuztuan.

Tolosaldea tropikala

Fenomeno aski ezaguna da berotegi efektua, eta baita haren ondorioz gertatzen ari den klima aldaketa ere. Baina ba al du eraginik uholdeak gertatzeko probabilitatean? Ibarluzeak azaldu duenez hemengo klima «pixka bat tropikaltzen» ari da: «Tenperatura pixkanaka goraka doa, eta gehienbat azken urteetan nabaritu dena da euri kopuru berdina botatzen duela, baina egun gutxiagotan».

Eta zer esan nahi duen horrek? Bada, lehen egun askotan euri arina egiten bazuen, orain, egun gutxiagotan, kolpetik eta indartsuago erortzen dela. Lehen aipatu bezala, erauntsi handiak dira uholdeak gertatzeko arrisku faktoreetako bat; beraz, handitzen ari da uraldiak izateko probabilitatea? Meteorologoak argitu du joera handituko dela, baina «pixka bat; ez asko». Haren esanetan kontuan hartu behar da, baina ez da «alarmarik sortu behar», euriteei aurre egiteko «garbituta eta ondo prestatuta» omen daudelako hemengo errekak zein ibaiak.

Ezaugarri klimatikoez gain, zonalde geografikoak ere garrantzia duela uste du Ibarluzeak: Tolosaldeko herri gehienak Oria ibaiaren arrotik kanpo daude. Kanpoan dauden horiek errekak badituzte, baina goitik behera doazenez, oso zaila omen da gainezka egitea. Dena dela, ba omen daude zenbait inguru, non handiagoa den ura ateratzeko aukera eurite indartsuak gertatzen badira, besteak beste, Villabonan, Usabal eta Amarotz auzoetan eta Amezketatik Alegiarako errekan.

Erlazionatuak

«Egoerari buelta oso azkar eman zitzaion»

Aitor Arroyo Askarai 2023 ira 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!