ELKARRIZKETA

«Egoerari buelta oso azkar eman zitzaion»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 3a, 07:58

Migel Angel Bermudez. A.A.

Tolosako Bermudez fruta dendan hainbat kalte eragin zituzten 1953ko eta 1983ko uraldiek, besteak beste, lehenak errotik erauzi zituen dendako ateak, eta bigarrenak jenero asko hondatu zuen.

Tolosar askok izango dute gogoan Alde Zaharreko Frutas Bermudez denda. Gaur egun Aramendia gozotegiak duen lokalean denetariko barazkiak saltzen zituzten, eta bereizgarri egiten zuen kanpoan edukitzen zuten sardinzarren saskiak. Ondo baino hobeto ezagutzen du tokia Migel Angel Bermudezek (Tolosa, 1949), eta dendan bertan egon zen 1983ko uholdean. Garai hartan Anoetan bizi zen, eta goizeko seietan jaso omen zuen uraldiaren abisua; Tolosara iristerako, ordea, urak hartua zuen kalea. Egun hartako bizipenak ahoratu ditu, eta inauterietan hartaz mozorrotu zela ere kontatu du.

Nola oroitzen duzu goiz hura?

Ez dut gogoratzen nork eman zidan abisua, baina norbaitek deituko zidala pentsatzen dut. Anoetan bizi nintzen orduan, eta saiatu nintzen etortzen, baina ura aterata zegoen. Bezperan ibaia oso hazita zegoela ikusi nuen, baina ez nintzen nahiko zuhurra izan: ez nuen altxa ez jenerorik ez bulegoko dokumenturik. Ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Zalantzaren aurrean hobe da altxatzea, hori ondo ikasi nuen.

Zer pentsatu zenuen abisua eman zizutenean?

Jeneroa han zegoenez asko kezkatu nintzen, tentsio handia nuen. Beste gauza bat ere bazegoen: denda askok irekita jarraitzen zuten eta gu haien hornitzaileak ginen. Auzo asko ez ziren kaltetuak izan, eta bezeroek jeneroa nahi zuten; baina egun horretan ezin izan zen inor zerbitzatu. Hurrengo egunera arte ez zen urik jaitsi eta ezin izan zen ezer egin.

Baina dendara iristea lortu zenuen.

1983ko uholdea, Bermudezen denda barruan esku-gurdiak flotatzen ageri dira. Momentu horretan urak metro bateko garaiera du. M.A.B.


Iritsi nintzenerako Rondilla kalea urez gainezka zegoen; ia metro bateko altuera zuen uholdeak. Dendara sartu eta segituan hasi nintzen ateratzen merkantzia eta bulegoko dokumentuak. Berehala ura gerriraino iristen zitzaidan, eta geratzeko itxurarik ez zuela ikusita, ahal nuen guztia furgonetan sartu eta geltokira eraman nuela uste dut, han ura ez baitzen hainbeste igo. Gero auzokideren baten etxean pasa nuen eguna, baina ez dut ondo gogoratzen. Lanean hasteko eguraldia baretzera eta ura jaistera itxaron genuen; hurrengo egunera arte ezin izan genuen ezer egin.



Beraz, uholdeak eragin ezberdina izan zuen herriko tokiaren arabera?

Gauza bat argi dago: uholdeetan Rondilla kalea da beti kaltetuena. Kalearen hasiera, Gorritiko bihurgunea, da herriko punturik baxuena. Hain zuzen, hor dago 1953ko uholdearen marka, Plaza Berrirako pasabidean. Bada, inguru horretako estoldetatik ura ateratzen zen iturri handi batetik bezala. Alde Zaharreko beste hainbat kale ere hartu zituen urak: Arostegieta, Errementari, Korreo… Baina horietan asko jaisten zen uraren maila. Gogoan dut Kale Nagusian dendak irekita egon zirela, ur-maila txikia zegoelako han.

Zure dendak zein kalte jasan zituen?

Pertsianak hautsi zituen urak, eta lurra ere altxatu zuen; uholdearen ondoren zoru osoa zementatu behar izan genuen. Eta, jakina, salgai asko ere galdu ziren. Dendan metro eta erdi inguruko altuerako esku-gurdi batzuk genituen, eta ahal nuen guztia jarri nuen haien gainean. Baina, hala ere, jenero asko galdu zen.

1953koaren aldean leunagoa izan zen, ezta?

Urak indar handia hartu zuen batean zein bestean. 1953koa aitari egokitu zitzaion eta esan zidan urak ia hiru metroko altuera hartu zuela; pentsa, 83koaren bikoitza gutxi gorabehera. Azkenak, adibidez, ez zuen sarrerako atea hautsi. 53koak, berriz, ateak errotik erauzi zituen, dena arrastaka eraman zuen. Beste neurri bateko uholdea izan zen.

Nola gogoratzen dituzu ezbeharraren ondorengo lehen egunak?

Lehenbailehen lanean hasi nahi nuen eta uste dut jendeak ere, oro har, normaltasunera itzultzeko gogo handia zuela. Egoerari buelta oso azkar eman zitzaion, oso azkar. Gogoan dut bizpahiru egunen buruan salgaiak zerbitzatzen ari ginela dendetara eta herrietara.

Aipatu izan da herritarrek asko lagundu zutela elkar.

Bai, bai: elkartasun handia egon zen. Niri ere bizilagunak etorri zitzaizkidan: Jose Mari, Maria Pilar... Asko lagundu zidaten garbitzen eta eskerrak, lokatz ikaragarri baitzegoen; pentsa, handik urtebetera oraindik lokatza ateratzen zen izkinetatik. Baina jende asko aritu zen saltokiei laguntzen, eta kalean ere lan handia egin zen. Horrelakoetan jendeak laguntzen du, eta borondate onez parte hartzen du.

 

«Jende asko aritu zen saltokiei laguntzen, eta kalean ere lan handia egin zen»

1984ko inauteriak, 'Rebajas por riada' mozorroa. Bermudez ezkerrean eta haren iloba arropa artean ikusten da. M.A.B.



Jendeak, beraz, aurrera egiteko borondatea erakutsi zuen?

Horixe egin behar da: orrialdea pasa eta aurrera jarraitu; ez dago beste erremediorik. Eta hori egiteko modu polita izan zen hilabete batzuk geroago, inauterietan. Urte osoan zehar aritzen nintzen inauterietarako ideiak pentsatzen. Bada, urte hartan bururatu zitzaidan erakusleiho moduko bat muntatzea eta ilobarekin batera egin nuen Rebajas por riada [Beherapenak uholdeagatik] mozorroa.

Nolakoa izan zen mozorroa osatzeko prozesua?

Tolosako hainbat dendatara joan nintzen galdetzera ea uholdean hondatutako zerbait gordetzen ote zuten. Batzuek erlikia moduan arropa eta objektu batzuk gordetzen zituzten oraindik, eta utzi egin zizkidaten. Pozaren pozez jaso nituen eta, azkenean, gauza pila bat bildu eta atera nituen: denetariko arropa, erlojuak… Gogoratzen naiz asko gozatu nuela eta ingurukoak ere gozatzen ikusi nituela. Jendeak oso ondo erreakzionatu zuen, askok merkealdiaren salerosketaren jokoa ere jarraitu zuten. Horixe zen helburua, beraz, oso ondo atera zen.

Erlazionatuak

Euria goian-behean, eta uholdeak eskualdean

Aitor Arroyo Askarai 2023 ira 03 Alegia   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!