ELKARRIZKETA

«Lagundu gintuzuen guztioi: eskerrik asko, bene-benetan»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 3a, 07:57

Maite San Miguel eta Javier Muñoz. A.A.

Eskualdean uholdeak izan ziren egunean hasi zen erditzen Maite San Miguel. Helikoptero bat joan zen haren bila, baina ez zuen topatu.

Gertatu osteko egunean uholdea zuten hizpide hedabideek. Hogeita zazpi zituen 1983ko abuztuak, eta egunkari batek aipatzen zuen Tolosaldera helikoptero bat joan zela erditzen hasi zen emakume baten bila. Iristerako, ordea, ibilgailu partikular batean eraman omen zuten emakumea. Maite San Miguel Balerdi (Amezketa, 1962) zen, hain zuzen, uholdearen egunean erditzen hasi zena, eta haren bikote Javier Muñoz Izuriaga (Olaberria, 1962) ibilgailuko gidaria. Kontatu dutenez, helikopteroa Alegiara iritsi zen; ez, ordea, Ugartera haiengana. Tarteka irribarrez, tarteka serio kontatu dute nola bizi zuten 1983ko abuztuaren 26 hura.

Ezustekoz betetako eguna izan zen zuen alabaren jaioteguna, ezta?

Javier Muñoz: Uholdea gertatu baino egun batzuk lehenago Tolosan egon ginen eta Plaza Berritik gertu zegoen markaz hitz egin genuen: 1953an ura noraino iritsi zen adierazten du. Ez genuen imajinatzen zer gertatuko zitzaigun handik egun batzuetara.

Uholdea gertatu bezperan hasi zineten zerbait sumatzen.

Muñoz: Gaueko bederatziak aldera iritsi ginen Ugartera, eta ordurako errepideak urez betetzen ari ziren; errekak gainezka egin zuen. Zerbait berezia zela ikusi genuen, baina ez gintuen ikaragarri harritu, hiruzpalau egun baitzeramatzan euria etengabe egiten. Garaiz oheratu ginen, hurrengo egunean Maitek kontsulta zuelako.

Nola hasi zenuten abuztuaren 26ko goiz hura?

Maite San Miguel: Donostian tokatzen zitzaidan kontsulta, goizeko bederatziak aldera uste dut. Bada, Alegiara abiatu ginen Ugartetik, baina ezin izan genuen jarraitu, luizi bat zegoelako.

Muñoz: Harrobiaren bidegurutzera iritsi aurretik luizia zegoen eta ezin zen pasatu. Beste aukera zen Abaltzisketatik igotzea eta Orendainetik inguratzea, baina hortik ere ezin zen pasa, beste luizi bat zegoelako. Egoera ikusita eta Maitek erditze sintomarik ez zuenez, etxean geratzea erabaki genuen.

Ez zen, ordea, horretan geratu kontua.

San Miguel: Goiz erdialdera agertu zitzaigun etxean Amezketako OLTa [Osasun Laguntzaile Teknikoa]. Ez dakit bueltaka ikusi ote gintuzten edo zer, baina norbaitek deitu omen zion. Guk ez genuen haren beharrik, orduan oraindik ez bainuen sintomarik eta, agian, beste norbaitek beharko zuela-eta, bilatzen jarrai zezala esan genion.

Muñoz: Kasualitateak kasualitate, eguerdian berriro agertu zen esanez herrian ez zegoela beste inor haurdun, eta gurekin geratu zen, ordurako Maite sintomekin hasia baitzen. Osasun langileak ikusi zuenean egoeraren bilakaera eta errepidez ezin ginela mugitu, erabaki zuen onena helikoptero bati deitzea zela, handik ateratzeko.

Baina ez zen iritsi zuengana.

Muñoz: Helikopteroa gure bila ibili omen zen eta uste dut Alegiara heldu zela, baina ez zen iritsi gu geunden lekura. Ez dakit lanbro handia zegoelako edo zergatik…

San Miguel: Nire anaia izara batekin egon zen zain denbora luzez, zerutik non jaitsi behar zuen jakin zezan; baina han ez zen helikopterorik agertu.

Muñoz: Norbaitek abisatu zigun Alegiarako bidea ireki zutela, eta helikopteroa ez zenez iristen, OLTak erabaki zuen autoz joatea zela egokiena. Alegiara iritsi ginen, baina han konturatu ginen ezin zela pasa: kalea ibai bat zen. Sinestezina zen. Ikusten nuen gauza bakarra aurrezki kutxa probintzialaren goiko kartela zen; gainerako guztia urak estalita zegoen.

Eta, orduan, zer egin zenuten?

Muñoz: Geratzen zen aukera bakarra Altzotik joatea zen, eta horixe egin genuen. Jaisten ari ginela, ordea, beste luizi bat aurkitu genuen; ez oso handia, zorionez. Zortea izan genuen: beste aldean kamioi bat zegoen egurra kargatzen. Hari eskatu genion pare bat aldiz pasatzeko luiziaren gainetik, horrela bidea errazteko eta pasatzeko. Mesedea egin zigun, baina kilometro pare bat aurrerago errepidearen zati bat hondoratuta topatu genuen.

Berriro aurrera jarraitu ezinik geratu zineten?

Muñoz: Ezin zen autoarekin behar bezala pasatu. Bada, nirekin zihoazen hirurak [Maite, haren ahizpa eta OLTa] jaistea erabaki genuen, haiek luizia oinez inguratu zuten, eta nik, kotxearekin abiada hartuta, askatutako zatiaren gainetik pasatzea lortu nuen. Abentura bat izan zen, egia esan.



Baina ez zen azken abentura izan.

San Miguel: Errepide nazionalera irtetea lortu genuen, baina hura ere ibai bat zen. Uholdeak ez zuen beste leku batzuetako altuera, baina dena ura eta lokatza zen; errepidea nondik zihoan asmatu egin behar zen ia. Gure eskuinetik zihoan ibaia, eta orduan ikusi genuen urak paper fabrikaren bateko paper-bobinak zekartzala.

Muñoz: Begi bat errepidean nuen, eta bestearekin atzerantz begiratzen nuen bobinarik gainera etorriko ez zitzaigula ziurtatzeko. Sinestezina izan zen: paper bobinak albotik pasatzen zitzaizkigun. Tarterik arriskutsuena izan zen. Behin Tolosara iritsi ginenean Asuncionera igo ginen eta ez zen antzeko ezer gehiago gertatu.

Ez zen nolanahiko eguna izan.

San Miguel: Oso egun luzea izan zen. Kontuan izan arratsaldean bostak aldera irten ginela etxetik eta Tolosara, Asuncionera, bederatziak aldera iritsi ginela: lau orduko bidaia izan zen. Eta eguna amaitzeko haurra jaio zen.

Muñoz: Bide zaila izan zen, eta egun luzea. Hamaikak aldera esan zidatenean alaba jaio zela eta dena ondo joan zela, orduan lasaitu nintzen.

Aldrebesa izan bazen ere, esan liteke zortea izan zenutela.

San Miguel: Gure egoera partikularretik aterata, orokorrean desastre bat izan zen; erabateko hondamendia. Gogoan dut klinikatik auto irauliak ikusten zirela Tolosan... Izugarria zen, izugarria.

Muñoz eta San Miguel: Nabarmendu nahi dugu egun hartan jendeak, ahal izan zuen neurrian, asko lagundu zigula: OLTak, kamioiarekin bidea leundu zuenak… Lagundu gintuzuen guztioi: eskerrik asko, bene-benetan.

Erlazionatuak

Euria goian-behean, eta uholdeak eskualdean

Aitor Arroyo Askarai 2023 ira 03 Alegia   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!