Espainiako Kongresurako hauteskundeak ospatu dira gaur. Tolosaldean 36.370 herritar zeuden deituta eta 23.207k eman dute botoa, parte hartzea, beraz, %63,8koa izan da. 2019ko emaitzekin alderatuta ia %3an hazi da abstentzioa. EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Tolosaldean eta lehen indarra izan da eskualdeko 26 herritan; EAJ, aldiz, Abaltzisketan eta Albizturren gailendu da.
2019ko azaroan izan ziren Espainiako Kongresurako azken hauteskundeak eta ordutik 1.123 boto irabazi ditu EH Bilduk. PSE-EE izan da, ordea, ehunekotan gehien igo den alderdia, %38,22 igota. Hirugarren alderdi bozkatuenaren postua berreskuratu du alderdi sozialistak, duela lau urte Podemos izan baitzen hirugarren indarra. EAJk, berriz, nahiz eta boto galera izan (-2.253 boto gutxiago), eskualdeko bigarren indarra izaten jarraitzen du.
EH Bildu izan da lehen indarra Tolosaldeko 26 herritan eta EAJ, berriz, alderdi bozkatuena izan da Abaltzisketan eta Albizturren. Eskualdeko 10 herritan (Abaltzisketa, Aduna, Altzo, Baliarrain, Belauntza, Bidania-Goiatz, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orendainen) Sumar izan da hirugarren alderdia, eta gainerako guztietan, berriz, PSE-EE. Zizurkilen, alderdi sozialistak bigarren postua eskuratu du EH Bilduren atzetik. Orexan, aldiz, koalizioa abertzalea izan da botoak eskuratu dituen hautagaitza bakarra.
MAIATZEKOEKIN ALDERATUZ
Joan den maiatzaren 28ko Batzar Nagusietarako hauteskundeekin alderatuta, EH Bilduk 343 boto galdu ditu gaur, oraindik eta boto galera handiagoa izan du EAJk, 1.306 galduta. Alderdi estatalek, aldiz, emaitzak hobetu dituzte gaurko hauteskundeetan. PSE-EEk ia 2.000 bototan egin du gora eta PPk 541 boto irabazi ditu Tolosaldean. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, maiatzean Podemosek eskuratu zituen emaitzak hobetu ditu Sumarrek, ia 1.100 boto.
ZENBAIT DATU
2023ko eta 2019ko Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzen konparaketa taula
2023ko eta 2019ko Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzen konparaketa grafikoa
Gaurko Espainiako Kongresurako hauteskundeen eta Maiatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako emaitzen konparaketa taula
Gaurko Espainiako Kongresurako hauteskundeen eta Maiatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako emaitzen konparaketa grafikoa