Eskualdeko bi alderdi nagusienen balorazioak

Ataria 2023ko uzt. 23a, 23:45

Emaitzak jakin ostean, hauek dira EH Bilduko Gurutze Etxezabalek eta EAJko Olatz Peonek egindako lehen balorazioak.

Gurutze Etxezabal - EH Bildu

"Oso positiboki baloratzen ditugu EH Bilduk eskualdean lortutako emaitzak. Emaitza paregabeak dira. Oso harro gaude gure komunitateak eman duen erantzunaz, data zailak izanagatik, uda bete betean ere, parte hartzea nabarmentzekoa izan da.

Eskualdeko ia herri guztietan izan gara lehen indarra eta aipatzekoa da, herri handienetan ere aurreko hauteskundeetatik boto kopurua nabarmen igo dugula. Horrek esan nahi du herritarrek konfiantza jarri dutela gugan. EH Bilduk udalgintzatik eta herrigintzatik egindako lanaren isla dira emaitza hauek.

Espainiako Kongresuan eta Senatuan EH Bilduren eta Euskal Herriaren indarra hor egon dadin bere aletxoa jarri du Tolosaldeak. Oso eskertuta gaude eskualdeko herritarrekin gugan jarritako konfiantzagatik".

Olatz Peon - EAJ

"Hauteskunde hauek baldintza berezietan burutu dira. Lehenengo balorazio batean, EAJk Madrilen taldea mantenduko du. Era horretan, eta orain arte egin dugun bezala Euskadiko interesak Madrilen defenditzeko aukera izango dugu, hori baita dugun jomuga bakarra.

Zalantzarik gabe udal hauteskundeen emaitzak eragina izan dute gaurko hauteskundeetan ere, eta lanean jarraitu beharra daukagu euskaldunon interesak defenditzeko, nonahi eta noiznahi".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!