Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira igande honetan, beraz, udal hauteskundeak igaro eta bi hilabetera, eskualdeko herritarrak bozka ematera deituak daude berriro.
2019ko azaroan egin ziren Espainiako Kongresurako azken hauteskundeak eta egun horretarako eskualdeko 36.185 herritar zeuden bozkatzera deituta. Bozka emateko hautua egin zutenak 24.128 izan ziren, eta beraz, deituta zeudenetatik herena (%33,32) abstenitu egin zen. Emaitzak aztertuta berriz, eskualdeko lehen indarra EH Bildu izan zen, 9.406 bozka eskuratuta. Bigarren tokian, EAJ geratu zen, 7.975 botorekin. Elkarrekin Podemos eta PSOE-k hirugarren eta laugarren lekua izan zuten, hurrenez hurren, 2.800 eta 2.580 botorekin. Lau horiez gain, beste bederatzi alderdi ere bozkatu zituzten eskualdeko herritarrek.
Herrietako koloreei begiratuta berriz, kasu honetan ere, EH Bildu izan zen alderdi irabazlea eskualdean, 28 herrietatik 23tan lehen indarra izan baizen. Gainontzeko 5etan berriz, EAJ izan zen lehen indarra.
Urte horretan bigarrenez egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak azaroan, 2019ko apirilaren 26an ere egin baitziren. Kasu hartan, abstentzioa %28,08koa izan zen. EH Bildu izan zen eskualdeko lehen indarra 9.271 (%35,88) botorekin, eta EAJ bigarren indarra 8.521 (%32,97) botorekin. Elkarrekin Podemos hirugarren izan zen, 3.573 (%13,83) botorekin eta laugarren indarra PSOE izan zen 2.873 (%11,12) botorekin.
EH BILDUK GORANZKO JOERA
Iragan maiatzaren 28an udalerako eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak izan ziren. Bada, Batzar Nagusietarako emaitzei erreparatuta, eskualdeko lehen indarra EH Bildu izan zen, 10.872 boto jasota, duela lau urteko hauteskundeetan baino 1.466 gehiago. Bigarren indarra EAJ izan zen 7.028 (duela lau urte baino 947 gutxiago) botorekin, hirugarrena PSE-EE 1.573 (1.007 gutxiago) botorekin eta laugarrena Elkarrekin Podemos 750 (2.050 gutxiago) botorekin.
36.398 herritar zeuden bozkatzera deituak, eta 21.496k eman zuten botoa, beraz, abstentzioa %40,94koa izan zen, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, zazpi puntu handiagoa.
JARRAIPENA 'ATARIA'-N
TOLOSALDEKO ATARIA-k Espainiako Hauteskundeen jarraipena egingo du igandean. Batetik, 14:00etan eta 18:00etan botoa ematera joan direnen kopuruak begiratzeko unea izango da. 20:00ak arte izango dute herritarrek botoa emateko aukera, eta behin zenbaketak egiten dituztenean datu ofizialak euren grafikoekin ikusgai izango dira Ataria.eus-en.
Gainera, herriz herri ikusi ahalko da alderdi bozkatuenak zeintzuk izan diren, eta aurreko hauteskundeekin alderaketa egiteko aukera izango da. Era berean, hauteskundeek Tolosaldean utzi duten emaitza eta horren inguruko alderdien balantzea ere irakurri ahalko da webgunean.