Badator 2023ko udako argazki lehiaketa

Ataria 2023ko uztailaren 14a

2022ko argazki lehiaketako saridunetako bat: Xabier Agirrezabalaren 'Bidean'

Beste urte batez, aurten ere antolatu dugu Udako Argazki Lehiaketa. Eskualdeko herritarrek, irailaren 10a baino lehen bidali beharko dituzte udan zehar ateratako irudiak; irailaren 11n hasiko da bozketa, eta irailaren 22an jakinaraziko ditugu saridunak

Urteroko legez, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan Tolosaldeko Ataria-k. Gaurtik hasi, eta irailaren 10era bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bidez bidali behar dira eta lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.

Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 11n hasiko da bozketa eta irailaren 20ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak irailaren 22an jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.

Parte hartzaileek sari bikainak irabazi ahalko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak:

Epaimahaiaren saria jasotzen duenak 3 orduko bakarkako argazki ikastaro bat egiteko aukera izango du, edozein dela bere maila, Arri Studioaren eskutik; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Albizturko Ostatuan lau lagunentzako asteburuko menua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean argazki sesio bat banatuko dugu, Arri Studioak egingo duena.

Parte hartzaileek kontuan hartzeko informazio gehiago

Webgunean ez ezik, Ataria-ko artxiboan ere gordeko dira irudiak, eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen utziko dio Ataria-ri, euskarri inprimatuan edo interneten, betiere, egilearen izena adieraziz.

Bestetik, bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2023ko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!