BABESTUTAKO EDUKIA

Albizturko Ostatua eskuz aldatu eta jaki gozoz bete da

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 23a, 11:29

Bizitza osoa ostalaritzan lanean aritu den Marta Deulofeu sukaldariak ireki du Albizturko Ostatua; garaiko eta bertako produktuekin osatutako menua eskaintzen du.

Eskuz eta aurpegiz aldatuta ireki ditu ateak Albizturko Ostatuak. Duela urte batzuk Herrialde Katalanetatik Tolosara bizitzera etorri zen Marta Deulofeuk ireki du jatetxea. Sukaldaria da bera, eta Ostatua kudeatzeko ardura hartu du.

«Ni beti dedikatu izan naiz ostalaritzara», azpimarratu du Deulofeuk, eta Euskal Herria «leku ona» dela ostalaritzan lan egiteko uste du.

«Euskaltegira Albizturko neska batekin batera joaten nintzen, eta Albizturrera etorri behar nuela esaten zidan behin eta berriz. Ondo aterako zitzaidala, eta berak animatu ninduen», kontatu du. Iazko udan Albizturko Udalak lehiaketara atera zuen Ostatua, eta aurkeztea erabaki zuen, eta berari eman diote Ostatua kudeatzeko ardura. Euskal Herrira bizitzera etortzean, lehen zortzi hilabeteak Route 33n eman zituen lanean, eta hurrengo bost urteetan Tolosako Saikin tabernako sukaldean aritu zen.



Orain, erronka berria du aurretik eta gogotsu heldu dio lan berriari. Albiztur herriari taberna eta jatetxearen zerbitzua eskaini nahi dio. «Hiru jatetxe egon arren, taberna zerbitzurik ez dago», dio. Taberna abenduaren 24an ireki zuen, eta jada jatetxearekin urtarrilaren 7an hasi zen lanean.

Albizturtarrak jakitun dira eskuz aldatu dela Ostatua, baina eskualdeko herritarrengana iritsi nahi du Deulofeuk.

Herritarrek «bikain» erantzun dutela lehen aste hauetan nabarmendu du. «Oso pozik nago, eta harrera oso ona egin didate», esan du, eta herritarrak ere gustura daudelakoan dago.



Albizturko Ostatuaren ezaugarrietako bat eskolako haurren jangela bertan dagoela da. Herriko haurrek Ostatuan bazkaltzen dute, baina euren gela prestatu du jatetxearen atzeko aldean, hau da, garai bateko herriko kartzelan. 25 bat haurrek bazkaltzen dute astelehenetik ostiralera, eta Deulofeuk prestatzen die bazkaria.

SUKALDEAN, «MIMOZ»

Lehen jangelako haurrei bakarrik ematen zieten bazkaria, eta Deulofeuk argi zuen eguneko menua ere eskaini behar duela. Horregatik, eskolako jangela eta eguneko menua emango dituen jangela bereizi egin ditu.

Mimoz aritzen da sukaldean, eta garaiko produktuekin egiten du lan. Astelehenetik ostiralera eguneko menua eskaintzen du, eta 12 euroko kostua du Albizturko Ostatuan bazkaltzeak. Asteburuetarako menu berezia prestatzen du, eta 25 euro ordaindu beharko da. Beti eskainiko ditu hasierako bost plater eta bigarren platereko beste bost plater. Ostiral, larunbat eta igande gauetan plater konbinatuak, hanburgesak, sandwichak, ogitartekoak,... jateko aukera dago. Gustu guztietako pertsonentzako moduko aukera du. Gainera, herri giroa sustatuz, ostiraletan pintxo-potea egiten du, 19:00etatik aurrera.

Astelehenetik igandera irekita egongo da Ostatua, baina astelehen eta asteazkenetan 17:00etan ixten du atseden hartu ahal izateko. Zerbitzu ona eman ahal izateko bi zerbitzari ditu alboan, jardun erdiz.



Albizturko Ostatua izanik plater izarra babarrunak izango da, «babarrunengatik galdezka etortzen da jendea», dio, eta azpimarratzen du: «Astelehenetik igandera bitartean menuan sartuta daude babarrunak».

Arkumea labean, azpizuna, bakailao entsalada, bakailaoa tenperatura baxuan, piper beteak... Era askotako platerak prestatzen ditu. «Arraina beti freskoa da, eta kataluniarra izanik kaneloiak ez dira faltako», azaldu du. «Karta aldatzen joaten naiz», gaineratu du. Horrez gain, «astelehena eguneko menua jatera etortzeko egun ona da, asteburuan saldu ez dudana jartzen dudalako», zehaztu du sukaldariak.

Asteburuan bazkaltzera edo afaltzera joan nahi izanez gero, gomendagarria da aldez aurretik 943 00 59 22 telefono zenbakira deitu eta erreserba egitea. Bezeroak esku zabalik hartzeko gogoz dira Albizturko Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!