Hiru hamarkada iraun dituen berdintasun, askatasun eta elkartasun esperientzia

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 27a, 18:30

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen eta Aiztondo bailararen arteko senidetzeak 30 urte bete ditu. Elkartasun ekimena abiatu zen tokian bertan, Zizurkilen ospatu dute gaur Senidetze Eguna.

Hiru hamarkada bete ditu El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekiko elkartasun esperientziak. Zizurkildik abiatu zen senidetzea bailarako hainbat herrietara zabaldu zen ondoren, eta gaur egun, kooperazio ekimenetan parte hartzen dute baita Adunak, Asteasuk eta Amasa-Villabonak ere. 1993an Zizurkilgo alkate eta gerora Euskal Fondoko lehendakari izan den Mikel Arrastoak egin die gaur harrera El Salvadorretik etorri diren ordezkariei Joxe Arregi plazan.

Geovany Sanchez Jocoaitiqueko alkatea, Geovanny Diaz Meanguerako alkate ohia, Pedrina Rivera Suchitotoko alkate ohia eta Yesica Escolar Suchitotoko gazte mugimenduko erreferentea gonbidatu dituzte aurten Senidetze Egunera. Dantzariek haiei agurra dantzatu ondoren, opariak eman dizkiete. Besteak beste, Amaiurko gazteluaren erreplika bat eman zaie eta Hernandorena kultur elkarteko Joxin Azkuek ikur horren inguruko azalpenak eman dizkie El Salvadorreko ordezkariei.

Euskal Fondoko zuzendari Juanma Balerdik ere hitz egin du ekitaldian eta urte luzeotako esperientzian indarrean egon diren hiru balore azpimarratu ditu: berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna. "Ez da oso azkarra izan behar hiru balore horien nahasketaren ondorioz sortzen den ekuazioaren emaitza zein den jakiteko: iraultza. Eraldatzeko hezi, irauli, aurrera egiteko gogoa izatea da iraultzaile izatea". Munduko beste hainbat herrialderekin elkartasun ekimenek irauten duten arren, modu horretara, El Salvador eta Aiztondoren artekoak bakarrak irauten duela uste du Balerdik eta bai hango, bai hemengo ordezkarien "egoskorkeriari" egotzi dio hainbeste urteetako ekinaldia.

30 urteotan, bi herrien arteko senidetzeak iraun duen bitartean, betirako utzi gaituzten hainbat lagun aipatu dituzte gaurko ekitaldian. Azkena, Joakin Arregi Txe zizurkildarra. Hura gogoratuz eta hark hainbeste estimatzen zuen Habanera doinuan, Senidetze egunaren inguruan Unai Mendizabal herritarrak egindako bertsoak kantatu dituzte plazan. "Senidetzak ditu bi / herri hauek korapila / ta hori zer da? laguntza / eta elkartasun pila /gizarte bulkada bat da / aireratuz ukabila / irriz irri, harriz harri / herri berri baten bila".

El Salvadorreko kideen esker hitzak

El Salvadorretik etorritako ordezkariek hartu dute hitza ondoren. Yesica Escobar gazte mugimenduko aktibistak El Salvadorren egiten dituzten ekimenak ekarri ditu gogora. Lehen aldia du Euskal Herrian eta gustura agertu da bisitaldiarekin, baita Geovany Sanchez Jocoaitiqueko alkate eta FMLNko kidea ere. Senidetzeari eskerrak ur saneamenduaren arloan egin diren lanak azpimarratu ditu Sanchezek. Geovanny Diaz Meanguerako alkate ohiak, berriz, gogoratu du erbestetik bueltan ezerezetik abiatu zirela euren herria eraikitzen eta Euskal Herritik bideratutako laguntzari esker egin izan direla elektrifikazio eta eraikuntza lanak. "Dena den ur edangarria izateko proiektua da urteotako kooperazioaren ikur. 1.050 familiak ur edangarria dute horri esker. Hemendik bideratutako laguntza eta 70 egunez bertako jendeak jarritako eskulanarekin gauzatu ahal izan zen proiektua".

Suchitotoko alkate ohi Pedrina Riverak, berriz, Euskal Fondoarekin duten kooperazio ekimen bereziaren inguruan hitz egin du. "Gizarte patriarkal horretan biolentzia matxistaren aurka kontzientziatzeko lana egiten ari gara eta horretarako eskualdetik bideratutako laguntza ezinbestekoa da. Gurea ere, Euskal Herria bezala, herri borrokalaria da", esan du Pedrinak.

El Salvadorreko lau ordezkariekin batera, Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Amasa-Villabonako hainbat ordezkari bildu dira Joxe Arregi plazan ekitaldiaren ondoren bazkaltzeko. Arratsaldean, DJ Anhaza arituko da musika jartzen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!