Senidetzeak 30 urte

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 27a, 07:58

Aurten 30 urte betetzen ditu El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen eta Aiztondo bailararen arteko senidetzeak. Juanma Balerdi Euskal Fondoko zuzendariaren esanetan, bizirauten duen senidetze bakarrenetakoa da: «Saharar herriarekin ere egiten dira horrelakoak, baina modu askoz sinbolikoagoan».

Ozeanoz bi aldera dauden bi komunitate hauen arteko senidetzea etenik gabe ospatu izan da 1993. urtetik. Maiatzeko azken asteburuan egiten da Aiztondon eta azaroan ospatzen da El Salvadorren. «Gerratik ihesi dozena bat urte erbestean eman ondoren, azaroan bueltatu ziren euren herrialdera eta beraz urte sasoi horretan ospatzen dute itzulera. Ahal denetan hemengo ordezkaritza bat han presente egoten da», dio Euskal Fondoko zuzendariak.

Ezer gabe bueltatu ziren herritarrak erbestetik eta herri oso bat planifikatzen hasi zirela nabarmendu du Balerdik. «Ezerezetik abiatu eta etxebizitzak, azpiegiturak, argindarra eta uraren saneamendua eraiki zituzten pixkana». Lan horiek hemengo elkartasun eta lankidetzari esker egin ahal izan dira, neurri handi batean. Aiztondo bailaran urtero egiten dira elkartasun ekimenak laguntza bideratzeko: Asteasun herri krosa antolatzen dute urtero, Zizurkilen talo solidarioak egiten dituzte eta ikastetxeek ere badute Segundo Montes komunitatearekin hartu-emana. «Gaur egun ingurune horretan 15.000 lagun bizi dira eta komunitate bizi-bizia osatzen dute».

Urtero El Salvadorreko Segundo Montes komunitatetik bisitan etortzen da norbait Aiztondo bailarara. Udal ordezkariak izaten dira askotan edo bestela ikasle bekadunak. Aurten Euskal Herrian dira Geovany Sanchez, Jocoaitiqueko (Morazan departamendua) alkatea; Geovanny Diaz, Meanguerako (Morazan departamendua) alkate ohia; Pedrina Rivera, Suchitotoko (Cuescatlab departamendua) alkate ohia eta Yesica Escolar, Suchitotoko (Cuscatlan departamendua) gazte mugimenduko erreferentea. Bihar Zizurkilen ospatuko den Senidetze egunean hartuko dute parte eta astelehenean harrera instituzionala egingo zaie Zizurkilgo udaletxean.

Biharko eguneko egitaraua Amasa-Villabonako, Asteasuko, Adunako eta Zizurkilgo udalek babestu dute eta senidetzearen 30. urteurrena gogoratzeko Che Guevararen esan bat ekarri dute gogora: «Elkartasuna da herrien arteko samurtasuna».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!