ELKARRIZKETA

«Musika da harremanak bultzatzeko tresna unibertsala»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mar. 20a, 07:59
Iñaki Zalakain eta Arantzazu Mujika. A. ARROYO

Loatzo mankomunitateak bi hamarkada bete ditu Anoetan eta Ibarran musika eskolak eskaintzen hasi zenetik. Iñaki Zalakain zuzendariak eta Arantzazu Mujika irakasleak Loatzoren beharren berri eman dute.

Bi hamarkada bete ditu aurten Loatzo musika eskolak eskualdean musika irakasten. Duela hogei urte sortu zuten mankomunitatea Anoetak eta Ibarrak, eta hilabete gutxiren buruan batu zen Villabona. Gaur egun, eskualdeko zortzi herri biltzen ditu antolakundeak, eta hogei irakasle eta 470 ikasle inguru ditu. Urtez urte zabaltzen joan dira ikasteko instrumentuen eskaintza, eta baita bestelako ikasketak ere, hala nola, musika-hezkuntza, abesbatza, ikasketa osagarriak, talde instrumentalak eta banda.

Iñaki Zalakain (Amasa-Villabona, 1964) zuzendariak eta Arantzazu Mujika (Andoain, 1977) irakasleak eta zuzendaritzako kideak kontatu dute nola aldatu den musika eskola urte hauetan, zein ekarpen egiten duten herri txikietan eta nola ospatuko duten urteurrena. Bestalde, aipatu dute musika eskolak izan dituela «garai oparoagoak», baina zalantzarik gabe azaldu dute prest daudela «egoera hobetzearen alde» lan egiteko.

Sortu zinetenetik aldatu egin da jendartea. Nola egokitu zarete?

Zalakain: Ahal dugun moduan; urtez urte eskaintza aztertuz, beharrak identifikatuz eta horiei erantzuten saiatuz. Hasieran hamabost irakasle bageunden, gaur egun hogei irakasle gara. Matrikulazio minimo batekin hasi ginen lanean, eta matrikulazio hori goraka joan zen. Orduan, tresnen eskaintza ere handitzen joan ginen, eta horrekin batera, irakasle gehiagoren beharra atera zen.



Gaur egun ezberdina da. Umeek ere gero eta gehiago nahi dituzte emaitza azkarrak; eta musika ikasteko diziplina eta jarraikortasuna behar dira.

Mujika: Gizartearen joera orokorrarekin dago lotuta nik uste. Gurasoek ere emaitza azkarrak nahi dituzte, esfortzurik gabe, ikasi gabe… Badago, agian, ezjakintasun bat; hau da, jendea ez dela jabetzen musika ikasteak benetan zer dakarren. Gaur egun zalantzan jartzen da musika-hizkuntza zergatik ikasi behar den; badaudela beste modu batzuk tresnarekin bakarrik ikasten hasteko. Guk garrantzia handia ematen diogu, batetik, musika eskola behartuta dagoelako ikasketa planean sartzera; eta bestetik, iruditzen zaigulako hizkuntza unibertsal bat dela.

Zalakain: Musika hizkuntza ikastea irakurtzen ikastea da. Hori jakiteak irekitzen dizkizu ateak edozein instrumentu jotzen ikasteko. Baina kontua ez da derrigortzea, benetan dituen onurak balioestea baizik.

Zein izan dira gakoak bi hamarkadaz aurrera egiteko?

Zalakain: Lehena zalantzarik gabe irakasleen motibazioa. Oso gurea sentitu dugu eskola. Nik uste hori dela ibilbidean zehar irauteko gakoa, gurea sentitu dugu, eta prest egon gara borrokarako eta gauzak lortzeko.

Mujika: Mankomunitatearen egitura ere garrantzitsua izan da. Kontrakotasun batzuk baditu ere, aukera ematen du talde handiak sortzeko. Aurten, adibidez, banda sortu dugu.

Zalakain: Herri txiki batek ezin du musika eskola bat sortu berak bakarrik. Zentzu horretan izan da gakoa mankomunitatearen formula. Baina, esan behar da, interes orokor batengatik egin duela aurrera: matrikulazioak egon direlako, ikasleek bertan ikasi nahi zutelako eta irakasleak mugitzeko prest zeudelako.



Mujika: Gurasoen babesa ere izan dugu, eta baita politikariena ere. Batik bat herri txikietakoek asko eskertu dute herrietan eskaintza hori izatea.

Hogei urte ez dira edonoiz betetzen. Nola ospatuko duzue?

Zalakain: Ikasturte amaieran ekimen berezi bat egingo dugu eskualdean. Zortzi herriak elkartuko gara, kontzertu handi bat egingo dugu eta musika eskolako hainbat taldek joko dute: abesbatzak, haize-metalak…

 

Iñaki Zalakain: «Ikasturte amaieran ekimen berezi bat egingo dugu eskualdean. Zortzi herriak elkartuko gara, eta kontzertu handi bat egingo dugu»



Mujika: Oraindik lantzen ari gara hori guztia. Baina dagoeneko sortu da irakasleen lantalde bat, eta lan teknikoak aurreratzen ari dira: azpiegiturak lortzea, oholtza muntatzeko antolatzea, politikariekin hitz egitea…

Zalakain: Gauez egin nahi dugu; ilundu ondoren argiekin-eta giro berezia sortzea da asmoa.

Mujika: Horrez gain ere pentsatu ditugu beste ekimen batzuk, mendi irteeraren bat egitea edo… Baina ez daukagu ezer zehaztuta oraindik. Momentuz, egiten ditugun jarduera guztietan gogorarazten ari gara urteurrenarena.

Zergatik da garrantzitsua herri txikietan musika ikasteko aukera ematea?

Zalakain: Herri txiki batek ezin du musika eskola propio bat sortu. Eta, esan bezala, mankomunitatea formula egoki bat da hori posible bilakatzeko: irakasleak mugitzen dira herriz herri eta ikasleek aukera dute haien herrian musika ikasteko.



Mujika: Musika toki guztietara iristearen garrantziaz gain, herri txikietan irakasteko aukera baldin badaukazu, toki hori kulturalki aberasten duzu; eta, aurrera begira, posible bihurtzen da herriko musikariekin asetzea, esaterako, udalaren kultur eskakizunak. Hartu-eman ederra sortzen da.

Zalakain: Ikastetxeekin ere elkarlanak sortzen dira: ipuin kontaketa musikatuetan, adibidez, ikasle batzuk ipuina kontatu, eta beste batzuk musikatu egiten dute. Hori ez litzateke posible izango herrian inork instrumenturik jotzen jakingo ez balu.

Mujika: Hori da, eta gauza bera jasotzeko herritik mugitu beharko lukete beste herri batera. Horrek herri txikietako kultura eta bizitza ahuldu egingo lituzke, hustu egiten direlako, eta, kontrara, indartu egiten dira aurretik ere eskaintza hori bazutenak. Jakina, guk klaseak emateak ere ez du ziurtatzen gero behar horiek guztiak aseko direnik, baina, behintzat, horren alde egiten den lan bat da. Herri txikiak lotarako herri bilakatzen ari dira, bizirik gabeko guneak, jendeak bizitza soziala eta abar, beste toki batean egiten duelako. Joera horri aurre egiteko tresna bat ere bada herri txikietan musika ikasteko zerbitzua ematea.

 

Arantzazu Mujika: «Herri txikiak 'lotarako herri' bilakatzen ari dira […] Joera horri aurre egiteko tresna bat ere bada herri txikietan musika ikasteko zerbitzua ematea»



Zalakain: Eta hori ez da gertatzen musika eskolarekin bakarrik. Zenbait tokitan politikoak apustu txikiak egiten ari dira gazteak herrian geratzeko, bestela, badoazelako. Azken urteetan, hainbat eskola txiki ere ixten joan dira, eta orain badirudi ahalegina egiten ari direla berriro irekitzeko.

Loatzok hainbat helburu eta balio izan ditu sortu zenetik. Nola eman da horien transmisioa urteetan zehar?

Mujika: Balioen transmisioarekin gabeziaren bat egon litekeela uste dugu. Hori izan daiteke aurten gurasoen bileren ekimena martxan jartzeko arrazoia. Bere garaian saiatu ginen eskola kontseilu bat sortzen, eta pare bat aldiz bildu zen, baina ez genuen lortu egonkortzea. Proiektu honetan denok batera joan behar gara, eta agian, horregatik hasi gara orain bilera hauek egiten, hutsune bat ikusten genuelako informaziori dagokionez.

Zalakain: Informazio fluxua hainbat norabidetan osatze aldera galdetegiak ere helarazi dizkiegu gurasoei, galdetuz zer hobetu daitekeen, nola ikusten duten egitura… hori dena aztertu da. Informazioa ematen saiatzen gara, baina, egia da egin ditugun bileretan asistentzia ere ez dela oso handia izan. Deialdiak bidali ditugu, gogorarazi ere egin dugu, eta batzuk agian informazio nahikoa dutela ebatzita, ez joatea erabaki dute. Agian gurasoen partetik badago halako interes falta bat.



Mujika: Jabetzen gara balioen transmisio hori sortzeko beharrezkoa dela harreman egonkorrago bat. Horregatik ari gara guraso bilerekin apustua egiten, harremanak gertukoagoak eta zuzenagoak izateko. Azkenean, guk ez dugu herrietan gertatzen diren gauza askoren berri izaten; bertara joaten gara baina soilik klaseak ematera. Horrek hutsune bat sor lezake, eta hori konpontzeko bileretan gurasoen iritzia eskatzen ere hasi gara, eta hainbat ekarpen jaso ditugu; adibidez, ikasle batzuk gogo handia dutela herrian gauza gehiago egiteko. Gakoa da harremana estuagoa izatea Loatzo osatzen dugun guztion artean, bai guraso, bai ikasle, bai politikari eta bai irakasleen artean.

 

Arantzazu Mujika: «Gakoa da harremana estuagoa izatea Loatzo osatzen dugun guztion artean»

 


Harremanak sortzeko tresna gisa ulertzen duzue musika.

Zalakain: Musika da harremanak bultzatzeko tresna unibertsala. Oso aberasgarria da hainbat herritako ikasleak batzen direnean eta musika ikasten dutenean; elkar ezagutzen dute, gaitasun sozialak garatzen dituzte, eta adierazpenean ere eragiten du. Lotsak gainditzeko desinhibitze puntu hori ere ematen du… Kontzertu bat egiteko garaian, adibidez, beldur eszenikoa galtzen joatea, taldean bata bestearen babesa sentitzea…

 

Iñaki Zalakain: «Oso aberasgarria da hainbat herritako ikasleak batzen direnean eta musika ikasten dutenean»



Mujika: Herrien artean ere harremanak sendotzen dira, eta elkarlanerako bideak zabaltzen dira, baita politikoki ere. Beste herrietan ez dakit nolako harremana duten, baina Loatzoren bitartez tokatzen zaie harreman hori mantentzea; mankomunitate bat den heinean, bileren bitartez-eta, udal batek bestearekiko elkarlana sendotzen du. Eta hori gabe, agian, harreman hori ez litzateke egongo.

Erlazionatuak

Atzoko distira, gaurko itzal

Aitor Arroyo Askarai 2023 mar 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!