ERREPORTAJEA

Atzoko distira, gaurko itzal

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mar. 20a, 07:58
Loatzo musika eskola. A. ARROYO

Hogei urte atzera zabaldu zituen ateak Loatzo musika eskolak. Denetariko bizipenak bildu dituzte bi hamarkadatan, eta pasa dituzte momentu oparoagoak zein zuhurragoak. 700 ikasle inguru izan zituen musika eskolak garai gorenean; gaur egun, berriz, 470 ikasle inguru dituzte matrikulatuta. Zuzendaritzako kideek kezkatuta azaldu dute «jaitsiera nabarmenena» joan den urtetik hona nabaritu dutela, baina joera «lehenagotik» zetorrela.

Jaitsiera hori zergatik gertatu ote den galdetzean hasperen egin dute, eta eragina «jendarteko faktore askok» izan dutela kontatu dute; esate baterako, jaiotza tasak behera egin izanak, «oraindik ere» krisi ekonomikoan egoteak hainbat eta hainbat familia, eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza ugaritzeak.

Musika eskolakoen aburuz, ordea, harago doaz matrikulak behera egitearen zergatiak, kasurako, nabarmen kezkatzen ditu gizarteak duen «esfortzurik egiteko borondaterik ezaren» joerak. Mujikaren eta Zalakainen ustez «emaitza azkarrak» bilatzen ditu jendeak, «esfortzurik eta kosturik gabe»; eta hori «oso arriskutsua» izan omen daiteke, musika ikasteak, hain zuzen, denbora, diziplina eta jarraikortasuna eskatzen dituelako, besteak beste. Haurrengan sumatzen dituzte jarrera horiek, baina, erroa beste bat delakoan daude, hots, gurasoek irakasten dizkietela aipatutako jokabideak euren seme-alabei.

Aitortzaren gakoa

Gaur egun musikari dagokion balioa ez zaiola ematen ere pentsatzen dute irakasleek. Gogora ekarri dute pandemian, etxetik atera ezin zenean, jendea ohartu zela «musikaren benetako garrantziaz»; garai hartan denbora pasatzeko edo estres maila jaisteko onuragarria zela nabarmendu dute, eta, oro har, lagungarria eta terapeutikoa izan zela. Orain, berriz, jendeak ez omen dio behar beste garrantzirik ematen, eta bigarren mailan geratzen ari ei da.

Eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen aldean, jendeak musika «gutxietsi» egiten duelakoan daude Mujika eta Zalakain. Askotan entzun omen dute «klase asko» dituztela musika-eskolako ikasleek: «Igeriketara edo futbolera ere astean bizpahiru aldiz joaten dira umeak, baina hori ez zaigu arrotza iruditzen». Horren atzean, berriz ere, esfortzurik egiteko borondate eza ikusten dute: «Musikak ahalegin bat eskatzen du klase orduetatik kanpo ere; eta, gaur egun, esfortzua suposatzen duen edozer baztertu egiten da».

Musika eskolan ere nabaritzen omen dute jarrera hori instrumentu batetik bestera, kasurako, perkusioa ikastea, horrela notak ikasi behar ez direlako edo zuzenean gurasoek bultzatzea seme-alabak «esfortzu handirik» eskatuko ez dieten tresna bat aukeratzera.

Mugak eraistea

Musika eskolan Loatzo mankomunitateko herrietan erroldatuta daudenek soilik eman dezakete izena. Hori dela eta, inguruko herri txikietako hainbat haurrek zailtasunak dituzte musika ikasteko; are gehiago, bi irakasleek uste dute ikasleak baztertuta sentitzeko aukerak sortzen dituela egoerak: «Demagun mahaian bost haur elkartzen direla, eta bat ondoko herrikoa dela. Lau horiek musika ikasten hasten badira, bosgarrena baztertuta sentituko da, berak ere ikasi nahi eta ezin duelako».

Egoeraren jakitun, irizpide hori aldatzen saiatzen ari direla nabarmendu du Zalakainek: «Uste dut ez erroldatuak onartzen ez dituen entitate publiko bakarra garela. Hori berrikusi egin behar da». Bide beretik, baita ere aipatu du egoera «sakon aztertu» eta pentsatu behar dela horiei nolako zerbitzua eskaini, zein kuota ezarri eta abar; baina «bidea behintzat» ireki behar dela.

 

Iñaki Zalakain: «Uste dut ez erroldatuak onartzen ez dituen entitate publiko bakarra garela. Hori berrikusi egin behar da»




Ekonomia, giltza ala sarraila?

Arazoak arazo, horiei nola aurre egin ere ari dira pentsatzen, eta uste dute gakoetako bat izan litezkeela diru laguntzak. Musika ikasketak «beti garestiak» izan direlakoan dago Zalakain, eta, beraz, sarbidea errazteko diru gehiago jarri beharko luketela instituzioek.

Iritzi berekoa da Mujika ere, baina zehaztu du «ez dela horren erraza». Kontatu du mankomunitateko herri bakoitzak ekarpena egiten duela Loatzon matrikulatuta duen ikasle kopuruaren arabera. Hori horrela, izen-emateek behera egitean, jaitsi egin da udalen ekarpen ekonomikoa ere, eta, ondorioz, gora egin du matrikularen prezioak.

Lanketa ekonomikoaren garrantzia «ez dago zalantzan jartzerik», baina Mujikak aipatu du «sentsibilizatzera» jo beharko luketela gehiago: «Jendeari ulertarazi behar diogu benetan zein garrantzitsua den musika; bai herritarrei, bai politikariei».

Zaharrak berri

Etorkizunera begira argi dute biek ala biek: «Ahalegina egin behar dugu ikasleak erakartzeko». Saiakera horretan hainbat ideia ere hasi dira lantzen, besteak beste, herriz herri lanketak egitea, ikasle ohiek proiektuetan parte hartzea eta ikasle mota berriak bilatzea.

Dagoeneko zenbait ikasle ohi ere hasi dira musika eskolako taldeetan parte hartzen, eta hori onuragarria dela uste dute: «Gaur egungo ikasleek ikusten dute posible dela aurrera begira musikarekin harremana mantentzea; ikasle ohientzat, berriz, aukera polita da gaur egungo ikasleak ezagutzeko». Dena dela, Mujikak aitortu du «beldur puntu bat» sentitzen dutela, taldeak osatzeko arazoak edukitzen ari direla-eta.

Ikasle mota berrien inguruan, berriz, gakoa helduak izan daitezkeelakoan daude. Irakasleek esan dutenez, «gero eta heldu gehiago» dituzte musika eskolan, eta aurrera begira, hori izan omen liteke aldaketa onuragarri bat: «Gurasoek eskatu izan digute umeei irakasten dieguna haiei ere erakusteko». Horrez gain, hirugarren adineko jendearekin ere egiten dute lan, kasurako, zahar etxeetako eta erretirodunen elkarteetako kideekin. Emaitzak emaitza, lanerako jarrera argia azaldu dute bi irakasleek: «Guk gogoa eta indarra jarriko ditugu; gainerakoa, denborak ekarriko du».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!