ELKARRIZKETA

«Musika ikasi izana beti da balio gehigarri bat»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mar. 20a, 07:57
Garazi Urkola Loatzo musika eskolako ikasle ohia. A. ARROYO

Lau urte zituela hasi zen Loatzo musika eskolan Garazi Urkola (Amasa-Villabona, 1998) ikasle ohia. Hamalau urte egin zituen bertan, ikasketak zirela-eta, Bilbora joan behar izan zuen arte.

Hori, ordea, ez zen eragozpen izan musikatik aldentzeko, hain zuzen, arte eszenikoen ikasketak egin baititu Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Eskolan, eta, orain, graduondokoa egin duelako Joan Llongueres goi musika eskolan: Musika-hezkuntza mugimenduan, J-Dalcroze metodologia. Urkolak kontatu du eragin «handia eta oso ona» izan zuela Loatzok harengan, eta musika oso baliagarria dela «oinarrizko hainbat gaitasun» lantzeko.

Nola erabaki zenuen musika eskolan hastea?

Lau urterekin hasi nintzen, beraz, erabakia ez zen oso nirea izan [Barrez]. Gurasoek apuntatu ninduten, baina, gero, oso-oso gustura ibili naiz. Hasieran, lau urterekin, Iñaki Zalakainekin ematen genituen klaseak: musika eta mugimendua izena zuen, eta jolasak egiten genituen; oso ondo pasatzen nuen eta asko disfrutatzen nuen. Gero, zortzi urterekin hasi nintzen klarinetearekin eta solfeoa ikasten. Orduan ere asko disfrutatzen nuen, eta gero jarraitzea bai izan zela nire erabakia. Hamabi urterekin edo DBH egiten hasterakoan, jendeak utzi egiten zuen, batxilerra egitera joaterakoan ere bai… Hor nik erabaki nuen jarraitzea. Beranduago, utzi nuenean, izan zen karrera ikastera joan nintzelako; eta klaseak utzi banituen ere, jarraitzen nuen nire kabuz klarinetea jotzen, ahal nuen tokietan.



Musika eskolak zein eragin izan du zure bizitzan?

Nik uste eragin handia izan duela, eta oso ona gainera. Batetik, izan da espazio bat non ahal izan dudan arteaz eta musikaz disfrutatu oso modu libre batean. Oroitzen naiz zela espazio bat, non oso ondo sentitzen nintzen. Gero, gainera, ikasketak arte eszenikoetatik jarraitu ditut; lehen ere ibiltzen nintzen antzerkian, musika eskolarekin batera, eta azkenean biak izan ditut esentzialak gerora jarraitzeko arte eszenikoen munduan eta artearekiko harreman honetan. Gaur egun ere parte hartu dudan proiektu askotan musika oso presente egon da, bai zuzenean klarinetearekin, edo bestela dantzan edo abesten. Karreran ere, nahiz eta antzerkiko ikasketak izan, hainbat ikasgai ditugu musikarekin lotuta. Musika ikasi izana beti da balio gehigarri bat.

Nolako harremana mantendu duzu musika eskolarekin?

Irakasleekin eta ikaskideekin harreman oso ona egin nuen. Urte batzuk pasa ditut kanpoan: bost urte egon naiz Bilbon, eta beste bat Madrilen; orduan, distantzia bat sortu da, fisikoki horrela zelako. Baina saiatu naiz haien bidearen berri izaten, eta nik ere musikan jarraitu dut nire bidetik. Klarineteko irakaslearekin harreman gehiago mantendu dut, edozein zalantza galdetzen nion edo partiturak ere eskatzen nizkion. Hain zuzen, lehengo urtean ikasi nuen master moduko bat Dalcroze metodologiaren inguruan; metodologia honetan gorputzetik lantzen da musika. Eta hor hasi nintzen berriro harremana sendotzen klarineteko irakaslerekin, gauza gehiago galdetzen eta partekatzen. Orain, berriz, eskualdera itzuli naizela, Loatzoko bandan hartzen dut parte. Hor bakarrik jarraitzen dut, baina astero egoten naiz musika eskolako jendearekin.

Zer eman dizu Loatzon ikasi izanak?

Batetik, zorionez, oso irakasle onak eta goxoak izan ditut, eta transmititu didate musikarekiko pasio handia; musika egiten ikasi dut, baina, beti gozamen batetik. Irakatsi didate zein garrantzitsua den praktikatzea, saiatzea eta ikasten jarraitzea, baina, gustatzen zaidalako jotzen dudala nabarmenduz. Bestetik, harreman asko eta lagun oso onak. Loatzo zortzi herriz osatuta dagoenez, beste herrietako jendearekin ere sortzen dituzu harremanak; batez ere bandan, taldeetan eta horrelako espazioetan ezagutzen dugu elkar. Gero, berriz, joaten zara batxilerrera edo edozein tokitara, eta musikan ezagututako jendea topatzen duzu berriro.

 

«Irakatsi didate zein garrantzitsua den praktikatzea, saiatzea eta ikasten jarraitzea, baina, gustatzen zaidalako jotzen dudala nabarmenduz»



Zergatik da garrantzitsua haurrek hezkuntza musikala jasotzea?

Zientifikoki esaten dute burmuinean eragin positiboa duela: arlo matematikoan asko laguntzen duela, eta memoria zein adierazpen-gaitasunak lantzen ere bai. Ikasten duzu musika beste puntu batetik ezagutzen eta disfrutatzen. Haurrei ere laguntzen die taldean gauzak egiten ikasten; aldi berean, oso baliagarria da lantzeko erritmoa, gorputz koordinazioa, entzumena… Oinarrizko gaitasun batzuk oso ondo garatzen dira musikaren bidez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!