Eskualdeko txirrindulariek eman diote hasiera denboraldiari

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2023ko otsailaren 9a

Amondarain, Murua, Diaz eta Zubeldia Laboral Kutxan daude; Iribar Euskaltelen; Larrarte Bizkaia-Durangon; Sorarrain BAI-Sicasalen; eta Arrospide Cafes Baquen.

Eskualdeko txirrindulariek orain dela zenbait hilabete hasi ziren pedalei eragiten, denboraldiari begira ahalik eta prestakuntza hoberena egiteko, eta bete-betean hasteko. Batzuek korritu dituzte jada sasoiko lehen lasterketak, eta beste batzuek oraindik pixka bat gehiago itxaron beharko dute denboraldiari ekiteko. TOLOSALDEKO ATARIA-k eskualdeko txirrindulariek sasoi honetarako dituzten helburuak eta asmoak bildu ditu ondorengo orrietan.

Gorka Sorarrain da tropeleko helduena, eta iaz amateur mailan lehiatu ostean, aurten BAI-Sicasal Portugalgo taldeak fitxatu du, maila profesionalean lehiatzeko. Sorarrain da bakarra Euskal Herriko talde batean ez dagoena. Izan ere, aipatuko diren gainerako txirrindulari guztiak, hemengo talde batean daude.

Leaburuko Eneko Arrospide duela bi denboraldi hasi zen lehiatzen amateur mailan. Aurten gora egin du eta Cafes Baque taldeak fitxatu du.

Maila gorenean dago Unai Iribar Euskaltel Euskadiko txirrindularia, eta bigarren denboraldia egingo du bertan. Errepidea eta pista uztartuko dituena izango da Eukene Larrarte. Bizkaia-Durangoko txirrindulariak, Iribarrek bezala, bigarren sasoia egingo du taldean.

Geratzen diren gainerako txirrindulariak Laboral Kutxa taldekoak dira: Naia Amondarain, Iñaki Murua, Iñaki Diaz eta Unai Zubeldia. Amondarain eta Diaz estreinakoz ariko dira taldearekin, lehenak Sopelan hiru denboraldi egin ostean, eta bigarrenak bi Caja Ruralen. Murua da eskualdetik Laboral Kutxan eskarmentu handiena duena, bosgarren sasoia egingo baitu. Zubeldiak, berriz, bigarrena du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!