Profesionaletan Iribar eta Sorarrain; goi mailan, Larrarte eta Amondarain

Gorka Sorarrain tolosarra BAI-Sicasal Portugalgo taldeak fitxatu du, Unai Iribar ibartarrak bigarren denboraldia egingo du Euskaltel Euskadi taldean, Europako txapeldunorde izan berri den Eukene Larrarte tolosarra Bizkaia-Durangon ariko da, eta Naia Amondarain ibartarra Laboral Kutxan.

«Aurrerapauso bat eman nahi dut lasterketen lehian egoteko, eta lehen postuetara gerturatzeko»

UNAI IRIBAR

EUSKALTEL EUSKADI

«Aurrerapauso» hitza da gehien errepikatu duena Unai Iribarrek (Ibarra, 1999), eta ez alferrik: bai hark, bai taldeak, «anbizio handiagoko» helburuak lortzeko urrats bat eman nahi dute. Ibartarrak bigarren denboraldia egingo du Euskaltel Euskadi taldean, eta «gogoa» du aurten beste urrats bat emateko: «Iaz kategoria ezagutu nuen, eta ihesaldi askotan sartu nintzen, baina lasterketen amaieran, ez nituen hain emaitza onak izan.

Aurten beste aurrerapauso bat eman nahi dut lasterketa batzuen lehian egoteko, eta lehen postuetara gerturatzeko».

Iribarren antzera, taldeak ere beste urrats bat eman nahi du Itzuli handietan korritzeko ezinbestekoak diren UCIko puntuak lortze aldera. Horren inguruan, ibartarrak nabarmendu du Euskaltel Euskadiko txirrindularien korritzeko modua «aldatu» egin dela: «Aurreko urteetan ihesaldietan protagonismoa izaten saiatzen ginen, baina aurten eskatzen digute jarrera oldarkorra eta ihesaldietan sartzeaz gain, lasterketa amaierara begira postu hobeagoak lortzea».

Sasoiko lehen lasterketa korritu zuen Iribarrek orain dela hiru aste, Valentziako Klasikoa, eta hamahirugarren postuan geratu zen. Hark ez ezik, taldeak ere emaitza onak izan zituen: lau txirrindulari sartu baitziren lehen hogei sailkatuen artean, eta taldekako sailkapena irabazi zuten.

Hilabete amaieran, Ruandako Itzulian izango da. Korritu nahi dituen lasterketen artean daude Donostiako Klasikoa eta Euskal Herriko Itzulia.

«Ordiziako Klasikoan egotea da helburuetako bat, aukera polita baita etxe ondoan korritzea»

GORKA SORARRAIN

BAI-SICASAL

Joan den denboraldian hasi zen pedalei eragiten afizionatuen txirrindularitzan Gorka Sorarrain (Tolosa, 1996).

Hasieran bakarrik, eta gero Cafes Baque taldearekin. Adinarengatik ezin du datorren denboraldian euskal egutegiko probetan parte hartu, eta azkenerako erabaki du Portugaleko BAI-Sicasal profesional taldean korritzea: «Joan den irailetik Portugaleko taldearekin harremanetan egon naiz, eta baiezkoa Gabonetan eman diet».

Tolosarrak oraindik ez ditu taldekide berriak ezagutzen, ezta hango talde teknikoko kideak ere. Soilik Mikel Mujika legazpiarra ezagutzen du, pasa den denboraldian tropelean ezagutu baitzuen. «Asmoa da hemen nire kabuz entrenatzea, eta lehiatzea egokitzen zaidanean, hara joatea. Izan ere, lanarekin jarraituko dut, eta biak uztartzen saiatuko naiz», adierazi du Sorarrainek.

Haren asmoa da Portugaleko egutegia egitea, eta martxoaren 18an emango dio hasiera denboraldiari Arrabidako Klasikan, eta martxoaren 22tik 26ra Alentejoko Itzulia korrituko du.

Taldearentzat egutegian gorriz markatuta egongo den lasterketa izango da Portugaleko Itzulian, abuztuan da. Tolosarrak nabarmendu du taldearen helburu nagusia dela hango lasterketetan «maila ematea, bereziki Portugalgo Itzulian».

Sorarrainentzat, berriz, lasterketa bereziena Ordiziako Klasikoa izango da: «Oraindik ez digute baieztatu, baina niretzako aukera polita da etxe ondoan korritu ahal izatea, eta hori ere bada sasoiko helburu nagusietako bat».

 

«Aurten ere Italiako Giroa korritu nahi dut, eta gustatuko litzaidake ihesaldi batean sartzea»

EUKENE LARRARTE

BIZKAIA-DURANGO

Alde batetik bestera dabil Eukene Larrarte (Tolosa, 1998): batzuetan pistan eta beste batzuetan errepidean. Biak uztartzen ditu, eta hala egiten jarraitu nahi du. Pistan Gipuzkoa taldearekin edo Espainiako selekzioaren lehiatzen da, eta helburu nagusia da 2024ko Olinpiar Jokoei begira puntuak lortzea. Horretarako, aste honetan Suitzan dago Europako Txapelketa jokatzen. Taldekako jazarpenean, omniumean, madisonen eta scratchean lehiatuko da. Hain justu, azken horretan, zilarrezko domina lortu zuen atzo, eta taldekako jazarpenekoan Espainiako marka hobetu dute. Munduko Kopan ere ariko da hilabete honetan, eta hurrengoan.

Errepidean Almerian korritu du sasoiko lehena, eta esan du ihesaldirako aukerak «bertan behera geratu» zirenez, taldekideei laguntzea egokitu zitzaiola. Hala ere, tolosarrak aitortu du ezin duela denetan «ehuneko ehunean» aritu, orain baitu Europakoa.

Taldean izango duen rolaz galdetuta, tolosarrak uste du esprintean bukatzen diren lasterketetan «aintzat hartuko» dutela. Bizkaia-Durango bigarren mailako taldea da, eta hala izaten jarraitu behar duela uste du Larrartek: «Historia handiko taldea da, jende asko pasatu da hemendik, gerora World Tourrera salto egiteko. Txirrindulariak hazteko lekua da». Iaz Italiako Giroa korritzeko aukera izan zuen Larrartek, eta nabarmendu du inoiz bizi izan duen esperientzia «gogorrenetariko bat» izan zela, baina «asko ikasi» zuela. Aurten ere korritu nahi du, eta gustatuko litzaioke lasterketa batean aurreneko hamarren artean sartzea edota ihesaldi batean egotea.

 

«Taldeko txirrindulari dezentek maila oso ona dute; haiei laguntzen saiatuko naiz»

NAIA AMONDARAIN

LABORAL KUTXA

Alteatik (Alacant) «oso gustura» etorri da etxera Naia Amondarain (Ibarra, 2001). Han egin baitu egonaldia Laboral Kutxarekin. «Gogo askorekin nago hasteko, eta ikusteko talde bezala nola moldatzen garen», adierazi du ibartarrak. Izan ere, haren estreinako denboraldia da Laboral Kutxan, Sopelan hiru sasoi egin ostean. Denboraldi hau «aldaketa bat» da Amondarainentzako, eta «ilusio berriekin» hasiko du.

Denboraldiko helburu nagusia taldekideei laguntzea izango da: «Taldean txirrindulari dezente daude maila oso ona dutenak, beraz, haiei ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz».

Aldi berean, nabarmendu du taldekideengandik ikasteko ere balioko diola sasoi honek.

Ibartarrak iaz denboraldi ezin hobea egin zuen, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan bigarren eginda, eta Euskadiko txapelduna izanda kategoria berean. Datorrenean dituen helburuez galdetuta, aitortu du lasterketak korritu ahala «ikusten joango» dela. Hala ere, Amondarainek adierazi du pasa den denboralditik «salto bat» eman nahi duela, taldeak baliabideak jarri dizkietelako.

Horrez gain, ibartarrak uste du talde moduan ere «jauzi txiki bat» eman behar dutela, nazioarteko lasterketetan «itxura on bat» emanda.

Almerian korrituko du sasoiko lehen lasterketa, eta hortik aurrera, etxetik gertu jokatzen diren nazioarteko lasterketetan parte hartzea gustatuko litzaioke. Adibidez, Euskal Herriko Itzulian, Eibarko lasterketan, Nafarroako Klasikoan eta Durangokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!