Mikel Beloki, Atariako BTN22 porrako irabazlea

Ataria 2022ko abe. 19a, 13:18

Argazkia: Bertsozale Elkartea

Irabazleak urtarrilaren 21ean Tolosako Leidor antzokian izango den Ataria Bertso Jaialdiko bi sarrera irabazi ditu.

Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi, hori izan zen, atzo, Iruñeko Nafarroa Arenan izandako Bertsolari Txapelketa Nagusiko sailkapena. Eta honen inguruan jolastu nahi izan zuen aurreko astean Atariak, sailkapenaren inguruko porra martxan jarriz. Guztira 176 lagunek hartu zuten parte baina zortzikotearen sailkapen erreala asmatu zutenak hiru izan ziren. Horien artean zozketa egin ondoren, Mikel Beloki berastegiarra izan da irabazlea eta urtarrilaren 21ean Tolosako Leidor antzokian izango den Ataria Bertso Jaialdiko bi sarrera irabazi ditu. Sarituarekin harremanetan jarriko da Ataria.

Ataria Bertso Jaialdia

2023ko urtarrilaren 21ean Tolosako Leidor antzokian ospatuko den Tolosaldeko urteko bertso-festan ondorengo seikotea arituko da bertsotan: Oihana Iguaran, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre ariko da.

Sarreren salmentaren informazio guztia bihar emango da. Atarikideek, eta Galtzaundikideek, lehentasuna izango dute horiek eskuratzerako orduan. Bakoitzak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, bakoitza 15 euroren truke; gainontzekoak 17 euroan izango dira. Atarikide ez direnentzat, berriz, aurrerago jarriko dira salgai, aurtengoan online bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!