Errazkin eta Otaegi, V. Euskal Pentlatoiko bigarren kanporaketan

Ataria 2022ko abu. 20a, 16:59

Irailaren 3an jokatuko dute Gizonezkoen V. Euskal Pentlatoia Saria txapelketako bigarren kanporaketa Azpeitiko zezen plazan. 18:00etan hasiko da lehia, eta bertan parte hartuko dute tolosarrak eta zizurkildarrak.

Iñaki Errazkin tolosarrak eta Joseba Otaegi zizurkildarrak V. Euskal Pentlatoia Saria txapelketako bigarren kanporaketan lehiatuko dira, datorren irailaren 3an, Azpeitiko zezen plazan. 18:00etan hasiko da herri kirol saioa, eta guztira, hamabi kirolarik hartuko dute parte. Julen Gabirondo, Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola Zelai V.a, Aitzol Atutxa, Julen Kañamares, Andoni Iruretagoiena, Aritz Irazabal, Jon Gisasola, Jokin Urretabizkaia eta Beñat Amade izango dira beste hamarrak.

Pentatloia bost kirol diziplinak osatzen dutenez, beste hainbeste lan egin beharko dituzte kirolariek, ahal duten azkarren. Lehenik, hamar aldiz altxa beharko dute harria; ondoren, plaza bat egin beharko dute giza proban; segidan, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki beharko dituzte; gero, hiru plaza egin beharko dituzte txingekin; eta azkenik, kilometro bat egingo dute lasterka.

Azpeitiko saiorako sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 eurotan. Tolosako Kantabriko tabernan edo Azpeitiko Mendizabal erretegian erosi daitezke.

Maiatzan, Tolosako zezen plazan jokatu zen txapelketako lehen kanporaketa. Bertan, Ibon Garaiburu berastegiarrak ez zuen lortu hurrengo fasera sailkatzea. Zaldua, Zelai V.a, Urretabizkaia eta Atutxa izan ziren bigarren kanporaketarako txartela lortu zutenak.

Bestalde, duela aste batzuk, Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa jokatu zen Irunen. Bertan, laugarren eta bosgarren izan ziren Errazkin eta Otaegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!