Andoni Iruretagoiena izan da azkarrena

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 8a, 10:16
Atzo Irungo Urdanibia plazan jokatu zen Gizonezkoen Gipuzkoa Pentatloi Txapelketa. Argazkia: Irungo Udala

Lehen aldiz izaera ofiziala izan duen Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa jokatu zen atzo Irunen, eta Izeta VI.ak jantzi zuen txapela lanak 25 minutu eta 44 segundotan amaitu ostean. Iñaki Errazkin tolosarrarentzat izan zen laugarren postua, eta bosgarren postuan berriz, Joseba Otaegi zizurkildarra geratu zen.

Goizean goizetik jendetza bildu zen Irungo Urdanibia plazan, atzo jokatu baitzen Gizonezkoen Gipuzkoa Pentatloi Txapelketa. Guztira zazpi kirolari aritu ziren txapelaren bila lehian, eta guztiek sekulako erakustaldia eskaini zuten. Bada, Izeta VI.ak egin zituen lanak azkarren, eta berak jantzi zuen txapela. 25 minutu eta 44 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. 

Xabier Zalduak minutu bat gehiago behar izan zuen, 26 minutu eta 41 segundo, hain zuzen. Hirugarren Julen Gabirondo helmugeratu zen, 28 minutu eta 57 segundora. Iñaki Errazkin tolosarrarentzat izan zen laugarren postua, eta honek 29 minutu eta 32 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Segundo gutxira Joseba Otaegi zizurkildarra helmugeratu zen, 29 minutu eta 48 segundorekin. Seigarren postua Jagoba Otaegik eraman zuen, 33 minutu eta 12 segundorekin. Eta azken postuan Aratz Mugerza geratu zen, 34 minutu eta 24 segundorekin helmugeratu ostean.

Kirolari bakoitzak 100 kiloko harri biribilari hogei jasoaldi eman behar izan zizkion, ondoren, giza probara pasa ziren eta 400 kiloko harriarekin bi plaza egin zituzten. Gero, aizkorarekin, 45 hontzako bi enbor ebaki zituzten eta 54 hontzako bat, 50 kiloko txingak hartuta lau plaza egin zituzten ondoren, eta azkenik, korrika bi kilometro osatu zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!