ERREPORTAJEA

Ihesaldi baten kontakizunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 10a, 07:57
36ko Gerrako haurren testigantzen bila. M.G.

Orain arte, 36ko Gerran erbestera joandako gipuzkoar jatorriko 6.819 ume identifikatu dituzte Intxorta 1937 elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina orain ahotsak bildu nahi dituzte; laguntza eskatu diete herritarrei, haien datuak, argazkiak eta testigantzak jasotzeko.

Intxorta 1937 elkartea ikerketa bat egiten ari da Espainiako Gerratik ihesi erbestera joan ziren umeei buruz. Zailtasun nabarmen bat dute, ordea: denbora. «Testigantza berriak biltzea gero eta zailagoa da», azaldu zuen proiektuaren aurkezpenean Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendariak; hain justu, elkarteari ikerketa egiten laguntzen ari zaio aldundia.

Dagoeneko, baina, egina dute lana. Intxorta 1937 elkarteko kideak azken bi urteotan ibili dira Euskal Herriko zein atzerriko artxiboetan arakatzen, eta horren emaitza lortu dute. Jakinarazi dutenez, gipuzkoar jatorriko 6.819 ume identifikatu dituzte, Gipuzkoako 57 herritakoak; horietako 3.468 gizonak dira, eta 3.300 emakumeak. 3.139 Frantziara joan ziren, 1.796 Kataluniara, 466 SESBera, 334 Belgikara, eta 180 Erresuma Batura, baina badira herrialde gehiago ere, tartean Latinoamerikakoak. Uste zutenez, lurraldean jaiotako 16 urtez azpiko 5.000 haur eta gaztetxo bidali zituzten erbestera, gerratik babestu asmoz, baina azkenean, uste baino luzeagoa da zerrenda.

Hala ere, asmoa ez zen zerrenda bat osatzea soilik. Gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorioak jasan zituzten haur eta gaztetxo haien izen-abizenak, argazkiak eta testigantzak ikertu eta batu nahi dituzte, lurraldeko «memoria historikoaren pieza garrantzitsu» hori osatzeko asmoz. «Bizipenak, testigantzak eta datuak bildu nahi ditugu, gertaturikoa galdu ez dadin, eta hurrengo belaunaldiei helarazteko», azaldu zuen Gambrak.

Dagoeneko 45 testigantza bildu dituzte, eta uste dute gehiago direla zerrenda horretatik oraindik bizirik dauden gizon eta emakumeak. Horietako asko, gainera, ez ziren sekula Euskal Herrira itzuli, eta horrek zailtasun erantsia dakar pertsonak bilatzerako orduan, nabarmendu dutenez.

Iosu Chueca Intxorta 1937 elkarteko kideak azaldu du berezitasun bat duela Gipuzkoak, eta horregatik merezi duela ikerketa berezi bat egitea. Izan ere, 36ko Gerra hasi eta berehala ehunka lagunek gurutzatu zuten Bidasoa Irundik, Ipar Euskal Herrira eta ondotik Frantziara joateko, 1936ko irailean. Donostia ere geroago «hustu» egin zela kontatu du, eta, beraz, beste leku batzuetan ez bezala, modu antolatuan ihes egin ez zuten asko egon daitezkeela uste dute: horiek «zailagoak» dira identifikatzen, elkartekoen hitzetan.

Julia Mongek, elkarteko kideak, zehaztu du atzeman dituzten gerrako ume gipuzkoarretatik 2.773 direla donostiar jatorrikoak: «Eta badakigu badirela askoz gehiago». Horregatik, lanketa berezia egingo dute Gipuzkoako hiriburuan: uztailaren 11n eta 12an bulego bat irekiko dute Gipuzkoako Foru Aldundian, kasuak eta testigantzak jasotzeko, 10:00etatik 14:00etara. Beste hainbat lekutan ere jarriko dituzte bulegoak: Irunen, Eibarren, Soraluzen, Tolosan eta Andoainen. Herri horietako memoria elkarteei eskerrak eman dizkiete eskaintzen ari diren laguntzagatik.

Ikerketarekin jarraitzeko laguntza eskatu diete herritarrei, ume izandako horiek identifikatu eta haien testigantzak jaso ahal izateko. Harremanetan jartzeko helbide bat eman dute: intxorta1937@gmail.com . Kasuren baten berri izanez gero ere, horra idazteko eskatu dute. Aurreratu dutenez, ikerketarekin jarraitu ahala, gerrako umeei aitortza ekitaldi bat egingo diete, otsail aldera. Egitasmo gehiago ere badituzte aurreikusiak, erakusketa ibiltari bat egitea, esaterako.

237 GERRAKO UME TOLOSARRAK, ORAIN ARTE ZENBAKITUTA

114 emakumezkoak eta 123 gizonezkoak

Frantziara 128.

Kataluinara 65.

Belgikara 25.

Errusiara 19.

 

ESKUALDETIK GERRARA

Herriz herri

Amasa-Villabona: 19. 

Alegia: 6. 

Ibarra: 4. 

Orendain: 4. 

Berastegi: 4. 

Abaltzisketa: 2. 

Asteasu: 1. 

Altzo : 1. 

Zizurkil: 1.

 

Felicitas Pozo Garmendia

Tolosa. 7 urterekin Frantziara.

Ignacio Ruiz de Eguilaz Lope

Tolosa. 6 urterekin Errusiara.

Josefa Ruiz Gonzalez

Tolosa. 12 urterekin Errusiara.

Salvador Garaicoechea Esquibel

Tolosa. 9 urterekin Errusiara.

Aranzazu Jauregui Zugazaga

Tolosa. 10 urterekin Errusiara.

Francisca Asensio Orueta

Tolosa. 12 urterekin Errusiara.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!