ELKARRIZKETA

«Bagenekien Errusian zeudela, baina ez nola»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 10a, 07:58

Fortu Ruiz de Egilaz Lope. J.A.

Ruiz de Egilaz-Lope familian, bost anaietan gazteena da Fortu (Txarama, 1945). Ignacio eta Luis Mari anaiak Espainiako Gerratik Errusiara ihesi joan zirenean, oraindik jaio gabea zen. Hala ere, amak kontatu zizkion aurreko urteetan bizi izandakoak. «Gerrara joan zenean ere, ez genekien bizirik zegoen ala ez». Gerora, bi aldiz izan da Luis Mari Tolosan; Fortu, berriz, behin joan zen anaia bisitatzera.

Espainiako Gerran, Errusiara alde egin zuen haurretako bat izan zen Luis Mari Ruiz de Egilaz Lope tolosarra. Ignacio anaiarekin joan zen, baina hura bidean hil zen. Urte luzez bakarrik bizi ondoren, ezkondu eta haurrak izan zituen; duela hilabete batzuk hil zen Errusian.

Nola oroitzen dituzu zure nerabezaroko urteak?

Txaraman bizi ginen, eta Araxes paper-fabrikan lan egiten genuen aitak eta Rafaelek —hirugarren semeak—, Joxe Marik —laugarren semeak— eta laurok. Bizimodua oso gogorra zen, eta ez genuen dirurik, ezta ogia erosteko ere. Espainiako Gerraren garaian, familia gehienek ez zuten dirurik haurrei jaten emateko, eta beraz, beste herrialde batera joatea zen irtenbide onena. «Gerra amaitzean, itzuliko dira», pentsatzen zuen askok. Ama, Luis Mari eta Inaxio Errusiara joateko itsasontzia hartzera Bilbora joan zirenean, Rafael etxean geratu zen, eta Joxe Mari bertan jaio zen.

Nola izan zenuten Luis Mariren berri lehen aldiz?

Haurrak ginela, bagenekien bi anaia genituela Errusian, baina ez genekien non zeuden, ezta nola zeuden ere. Lehen urteetan, ez genuen bien berririk izan, eta Luis Mari 1969an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Errusiara joan eta 32 urteetara. Horren aurretik, gutunen bidez mantentzen genuen komunikazioa, eta horrela jakin genuen Ignacio Errusiarako bidaian hil zela.

Luis  Mari (ezkerrean) Errusian, emaztea, alabak eta aitaginarreba ondoan dituela; 1972ko argazkia. ATARIA

Behin, Luis Mariren adin inguruko gizon bat etorri zen Tolosara bisitan. Errusian egondakoa zen, eta gure ama ohartu zenean Tolosara joan zen. Gizonak argazki bat zuen bere diru-zorroan, Errusian hiru lagunekin ateratakoa. Gure amak berehala ezagutu zuen bere seme Luis Mari, eta beraz, gizon hari esker jakin genuen gure anaia bizirik zegoela. Etorri izan ez balitz, akaso ez genukeen anaiaren berri izango.

Ignacio Ruiz de Egilaz Lope, Forturen anaia. ATARIA

1969an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira. Nola gogoratzen duzu une hura?

Ez dut gogoan 1969an etorri zeneko unea, baina urte batzuk beranduago, ni soldaduskatik etorri nintzenean, sekulako bazkaria egin genuen, Ruiz de Egilaz eta Lope familietako senideek; Juanito Lope ere bertan egon zen. Hunkigarria izan zen, eta Luis Marik ordura arte bizitako guztia kontatu zuen. Beranduago, ni joan nintzen bera bisitatzera.

 

 

«Gutunen bidez mantentzen genuen komunikazioa eta horrela jakin genuen Ignacio Errusiarako bidaian hil zela»

 

Eta nolakoa izan zen esperientzia?

1982 inguruan edo joan nintzen. Bazen deigarria egin zitzaidan gauza bat. Errusian ez dago tabernetan tragoak hartzeko ohitura hori, hemen badagoena. Han, kalean, bankuetan, whiski eta vodka botilak eskuan hartuta egoten dira herritarrak, gehienetan, adinekoak. Kultura eta ohiturak oso desberdinak. Anaia bisitatzen egon nintzenean, bere herri inguruan zuten zentro batean egon ginen.

San Blas auzoko Felix Arnaiz lagun minarekin joan nintzen Errusiara. Orduko ikasle talde batek antolatutako bidaia batean eman genuen izena, ekonomikoki ere irisgarriagoa izan zedin. Gutxi ordaindu genuen, baina noski, lotarako lekuak ere hala-moduzkoak ziren. Motxila bat besterik ez nuen eraman, kontserbaz eta arropaz beteta, iraun ahal izateko.

Lehen bi egunetan ez genuen Luis Mariren arrastorik izan; gero, berarekin kontaktatu genuen. Gogoan dut elkar ikusi genuen egun hura. Kalean elkartu ginen, eta besarkada estu bat eman zidan. Hurrengo gauetan elkarrekin egin genuen lo; gogotsu heltzen ninduen ohean. Ordutik aurrera, errazagoa izan zen elkar komunikatzea eta elkarren berri izatea. Azken hamarkadetan dirua ere bidaltzen genion hemendik, bizimodua aurrera eraman zezan. 600 eurorekin lau hilabetetarako dirua izaten zuen.

 

«Errusian izandako gizon batek erakutsitako argazki batean ikusi genuen lehen aldiz Luis Mari»

 

Nola bizi zen Errusian?

Kataluniar familia batekin bizi izan zen haurtzaroan eta nerabezaroan, eta errusieraz egin zituen ikasketak. Gero, bertako emakume bat ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Aurrena, Krimean bizi izan ziren, baina inbasioen ondorioz, 8-10 etxeko herrixka batean bizitzera joan ziren; trenez, San Petersburgotik hiruzpalau ordura zegoen. Igeltseroa zen, eta berak egin zuen bere etxea. Txerriak eta oiloak zituzten, eta horrela ateratzen zuten aurrera bizimodua. Bi alaba izan zituzten, eta gaur egun, bizirik daude; harremana mantentzen dugu beraiekin.

Rafael, Luis Mari, felisa Lope (ama), Fortu eta Jose Mari, anaia zaharrena Errusiatik bisitan etorri zeneko argazkia. ATARIA

Nolakoa zen Luis Mari?

Umoretsua eta alaia zen. Kalean musikariak topatzen zituenean berehala dantzan hasten zen. Ia 90 urtez bizi izan da horrela, eta zer-nolako urteak eta gertaerak igaro behar izan dituen jakinda, ikaragarria da.

Ruiz de Egilaz Lope familia, Errusiatik etorritakoan. ATARIA

Erlazionatuak

Ihesaldi baten kontakizunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 uzt 10 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!