ELKARRIZKETA

«Gerra batetik ihes egin nahian, beste batera joan ginen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 10a, 07:59

Angela Zumeta Asteasu. J.A.

Hiru alabetatik gazteena da Angela Zumeta Asteasu (Tolosa, 1935). Tolosako Larramendi auzoan jaio zen eta bi urte baino gutxiago zituen etxetik alde egin behar izan zutenean; ahizpek, berriz, hiru eta bost urte zituzten. 36ko Gerran ihes egin ondoren, beren herrira itzuli ziren bakarrenetarikoak izan ziren. «87 urte ditut, eta beraz, zerbait gaizki esanez gero, edo hanka sartuz gero, ez harritu; lehen gehiago gogoratzen nituen gauza hauek», aitortu du elkarrizketa hasi aurretik.

Aita gerran nola hil zen ikusi ondoren, amari esker, Zumeta-Asteasu familiako hiru ahizpek elkarrekin eta arbasoen laguntzaz egin zioten aurre 36ko Gerrako ihesaldiari. Frantzian aurkitu zuten babesa, baina Bigarren Mundu Gerra hastean bere herrira itzultzea erabaki zuten.

Zein oroitzapen duzu 36ko Gerra hartatik?

Urte eta erdi besterik ez nuen gerrak eztanda egin zuenean, eta oroitzapen oso gutxi ditut garai haietakoak; gerora, ahizpek, amak edo amonak kontatutakoak dira ia denak. Gure aita —Luis Zumeta Mayer— Durangon hil zen gerran, eta bere ama gurekin bizi izan da betidanik. Gerra hartako bonbardaketarik handienetarikoa izan zen Durangokoa; triskantza handia eragin zuen, eta 300 hildako baino gehiago izan ziren; horietako bat gure aita. Italiar tropek hegazkin batetik jaurtitako metrailekin hil zen.

Durangotik Santanderrera joan ginen gero, eta bertan, Errusiarrek Bilbon egin moduan, haurrak bakarrik hartzen zituzten, gurasoengandik banandu eta beste herrialde batera eramateko. Hiru ahizpak eraman nahi gintuzten, baina amak jenio bizia zuen, nik bezala, eta ezetz esan zien. Itsasontzian sartu eta kapitainari ukabilkada bat jo zion, bere amaginarreba eta hiru alabak ondoan zituela. Eskerrak! Ondoren, Frantziara ihes egin genuen.

«Tolosan frantsesez gaztelaniaz baino gehiago hitz egiten genuen, eta horregatik, 'Las francesitas' bezala ginen ezagunak»

 

Bertan aurkitu zenuten babesa?

Ez nuke esango babesa aurkitu genuenik. Ihes egin behar genuen, eta hura izan zen topatu genuen lehen lekua. Ama bi kilometrora zegoen inguruko herri bateko etxean aritu zen lanean, zerbitzari eta garbitzaile, eta ia inoiz ez ginen elkarrekin egoten. Egunak eta gauak igarotzen zituen bertan, eta hori dela eta, amonak zaintzen gintuen hiru ahizpak, baina ez genuen elkar ulertzen.

Zer dela eta?

Hizkuntzagatik. Eskolan frantsesa ikasten genuen, eta kalean ez zen besterik entzuten, baina amonarekin ez zen erraza komunikatzea. Berak gaztelaniaz hitz egiten zigun, baina guk frantsesez erantzuten genion. Kantu bat irakatsi zigun, gaztelaniaz, eta hori izan zen berarekin ikasi genuen gauza bakarra.

Baina Frantziatik ere ihes egin behar izan zenuten, ezta?

Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta Frantzia erabat murgilduta zegoen gatazkan. 1942ko urrian, beraz, gure herria utzi eta bost urtera, hona itzuli ginen; zazpi urte nituen orduan. Gogoan dut alemaniarrek, ate azpiko zirrikitutik argi izpiren bat ikusiz gero, nola suntsitzen zituzten eta nola botatzen zituzten etxe haiek. Hegazkinetatik lehergailuak jaurtitzen zituzten, eta han-hemenka entzuten ziren sirena hotsak. Beldur handia sentitu genuen gerrak eztanda egin eta lehen aste horietan; ez dut inoiz ahaztuko. Gerra batetik ihes egin nahian, beste batera joan ginen. Hala ere, Frantzian hemen baino hobeto geunden, zalantzarik gabe.

Gerra batean hobeto?

Hemen bizi zena ere gerraren antzekoa zen. Batetik, sekulakoak entzun behar izan genituen jaunartzea egin gabe geundelako; behartuta egin behar izan genuen. Tolosan ere frantsesez gaztelaniaz baino gehiago hitz egiten genuen, eta horregatik, Las francesitas bezala ginen ezagunak. Oraindik ere, bakarren batek hala ezagutzen gaitu, eta batzuek ere bertakoak garela uste dute.

Hiru ahizpak oso gazteak zinetela jakinda, eta ama etxetik kanpo zegoela kontuan izanda, urte horietan, amona ezinbesteko elementua bilakatu zen, beraz.

Bai, eta ama alargun geratu zen momentuan ere bai. Hiru alabak oso gazteak ginen, eta beraz, amaginarrebari esker, helduleku bat topatu zuen ondoan. Tolosan ere, hala bizi izan ginen zenbait urtez. Ama ezkondu zenean, ordea, amona —aitaren ama— etxetik joan zen. Urte horietan ere gose handia pasa genuen; tabernaz taberna joaten ginen janari eske, eta aurreko egunetako ogia ematen ziguten, zoparekin batera jateko. Orduan, amak bakarrik egiten zuen lan, baina gu lanean hasi ginenean, gauzak aldatzen hasi ziren, eta errazagoa izan zen bizitza aurrera eramatea.

«Frantziara itzultzean, etxe zahar batean bizi zen emakume batekin egon nintzen, eta ezagutzen gintuela esan zidan»

Bestetik, nire amaren ama zegoen, baina oso gaiztoa zen; gose handia igaro genuen berarekin egon ginenean. Gogoan dut ere Rondilla kalean, eskola zegoen eremuan, jaten ematen zutela. Falangistek jarri zuten postua eta ez ziguten jaten ematen, gure ideologia eta printzipioengatik. Franko hil arte urte oso txarrak pasa genituen.

Zein oroitzapen duzu Frantzian igarotako urteetatik?

Etxe oso txiki batean bizi ginen; sukaldea, komuna eta logela bat zituen. Logelan bi ohe zeuden, eta bertan egiten genuen lo amonak eta hiru ahizpek. Frantziako egonalditik ditudan oroitzapen guztiak dira oso onak. Hain justu, berriro itzuli nahi nuen bizi gineneko herrira, eta iazko abuztuan bertan egon nintzen. Gogo handia nuen herriko plaza bisitatzeko eta hala egin nuen.

Eta nola aurkitu zenuen?

Erabat aldatuta; orain handiagoa da herria. Guztia zen berria eta txundituta geratu nintzen. Gu bertan bizi izan ginenean, eskola, udaletxea eta gure etxea elkarren ondoan zeuden, eta iaz bertan nengoela, ederki gogoan nuen non zegoen bakoitza. Baina horrez gain, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait gertatu zitzaidan: etxe zahar batean bizi zen emakume batekin egon nintzen, eta gu ezagutzen gintuela esan zidan. «Gogoan dut zuen etxera joaten ginela eta ohe gainean jauzika ibiltzen ginela», esan zidan. Gure izenak ere bazekizkien!

Erlazionatuak

Ihesaldi baten kontakizunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 uzt 10 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!