ERREPORTAJEA

Mila aurpegiko gaitza

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 29a, 07:57

Gaixotasun neuro-degeneratiboa eta kronikoa da Esklerosi Anizkoitza, nerbio-sistema zentralari eragiten diona; 50 sintoma pasatxoren bidez adierazi daiteke, eta iragarrezina den arren, zenbait tratamendu daude.

Esklerosi Anizkoitza nerbio-sistema zentraleko gaixotasun neuro-degeneratibo eta kronikoa da, eta garuneko substantzia zuri eta grisei eta bizkarrezur-muinari eragiten die. Ez da hilkorra, baina autoimmunea da. Defentsa-mekanismoek erantzun anomaloa ematen diote gizakiari mielinaren proteinen aurka, nerbio-sistema zentralaren seinaleen transmisio zuzena bermatzen duen substantziaren aurka. Hori dela eta, garunak organismoaren atal desberdinetara bidaltzen dituen aginduak aldatu, eten edo moteldu egiten dira.

Mila aurpegiko gaixotasuna bezala ezagutzen da eta 50 sintoma baino gehiagoren bidez adierazi daiteke; horiek intentsitate desberdinekoak izaten dira, kaltedunaren arabera. Neke kronikoa, oreka eta koordinazio arazoak, eta zentzumenen, ikusmenaren edo ezagutzaren alterazioak dira agerraldi ohikoenak. Gaur egun, gaixotasunaren zergatiak zehazki ezagutzen ez diren arren, faktore genetikoen nahasketarekin lotzen dute haren garapena.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun iragarrezina da eta lau azpimota ditu: berreritze-arintzea (forma arruntena da; kasuen %85 inguru), sekundario progresiboa (10 edo 20 urteko etapa baten ondoren, tipologia-igorlea adierazten duten kaltetuen %30-50ek eboluzionatzen dute), primario progresiboa (mota arrotzena, kasuen %10-15), eta progresiboa berreritzeekin (forma oldarkorrena, kasuen %3-5). Hala ere, gaixotasunaren lehen agerpena azpimota bereizitzat hartzen da, «sindrome kliniko bakartua» deritzona. Era berean, gero eta ikertzaile gehiagok gaixotasunaren azpimota berri bati buruz hitz egiten dute: Esklerosi Anizkoitz Onbera.

Gaur egun, hainbat tratamendu-mota daude, gaixotasun honen faseetara edo etapetara egokitzen direnak. Tratamendua espezialistarekin adostuta aukeratzen da beti. Kasu bakoitza aztertu ondoren, eta zenbait faktore kontuan hartuta, neurologoak erabakitzen du gaixoaren beharretara hobekien egokitzen den botika.

 

%75. Lautik hiru, emakumeak

Maiatzaren 30ean Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. 20-40 urte inguruko gazteei eragin ohi die, eta %75 emakumeak dira. Osakidetzaren arabera, Espainiako Estatuan 50.000 lagunek pairatzen dute, eta urtero, 1.900 diagnostiko berri azaltzen dira.

Erlazionatuak

Gaixo bakoitzaren beharretara egokituz

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 mai 29 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!