Elkarlanean garatutako bi proiektuak aurkeztu dituzte

Ataria 2022ko mai. 20a, 12:34

Amarotz auzoko basoaren biziberritzea eta babarrunekin egindako bonboiak aurkeztu dituzte Tolosaldeko Lanbide Heziketako bost ikastetxeetako ikasleek.

Tolosaldeko Lanbide Heziketako bost ikastetxeak elkarlanean ekonomia zirkularra lantzen aritu dira ikasturte honetan, eta lanketa horren barruan babarrunekin egindako bonboiak egin dituzte eta Amarotz auzoko basoa biziberritzeko aritu dira lanean. Don Bosco LHII, Fraisoro Eskola LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Tolosaldea LHII eta Peñascal Kooperatibak osatzen dute eskualdeko Lanbide Heziketako sarea.

Bi proiektu horiek gaur aurkeztu dituzte eta jasangarritasun irizpideak oinarri hartuta, proiektu partekatuak elkarrekin lantzen dituztela nabarmendu dute. Proiektu horiek lantzeko  ikastetxe bakoitzak dagokion alorra jorratzen du.

Amarotz auzoko basoaren biziberritzea
Basoen ekosistema izan da Lanbide Heziketako ikastetxeek aurtengo ikasturtean zehar landutako gaietako bat. Horretarako, Amarotz auzoko basoa biziberritzeko lanak ezagutu dituzte Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, baita prozesu horretan parte hartu ere. Tolosako Udalak hiru hektareako natur eremu hau berreskuratzeko lanak egin ditu azken urteotan, suntsitutako ekosistema berreskuratu eta kontserbazio lanak egiteko helburuarekin. 2020. urtean hasi zen lanketa hori. Herriko talde batekin auzolandegia antolatu zuten basoan garbiketak egin eta eremua erabilgarri egiteko. Urmael bat sortzeko lehen urratsak ere eman zituzten. Hain zuzen, herriko ikastetxeek eremu hori erabiltzen dute Baso Eskola proiektua garatuz, ingurumenarekin lotutako ekintza didaktikoak burutzeko. Lanbide Heziketako ikastetxeek sasiak eta landare inbaditzaileak kendu dituzte aurten, ondoren bertako landareak landatzeko, 15 x 15 metroko eremu batean.

Babarrunekin bonboiak egiten


Ikasturte honetan garatutako beste proiektua aurkeztu dute ere: bertako elikagaiak erabiliz egindako bonboiak eta baita horiek eramateko kaxak ere. Tknikatik jaso zuten erronkari segida eman diote bost ikastetxeek, ekonomia zirkularra landuz. Ikastetxe bakoitzak bere alorreko jakintzak aplikatuz egin dio ekarpena proiektuari. Hala, Peñascal Kooperatibako Sukaldaritza zikloko ikasleek bonboien errezetak garatu zituzten. Bertako lehengaiak erabili zituzten horretarako, Fraisoro Eskolak landutako Tolosako babarrunak, erremolatxak eta sagarrak, hain zuzen. Paper Eskolako Kimika industrialeko lehen mailako ikasleek sortu dituzte bonbioak biltzeko papera eta kaxak, landareen zurtoina eta porrua erabiliz. Tolosaldea LHIIko ikasleek, berriz, paper horren lehortze prozesuan
lagundu dute.


Bonboien nutrizio azterketa ere kontuan izan dute, eta horretaz Inmakulada LH Ikastolako Farmazia teknikari izateko prestatzen ari diren ikasleak arduratu dira. Kaxa bakoitzak, hain zuzen, bonboien konposizioari buruzko informazioa darama. Bonboi horiek gizarte eragileei eskainiko zaizkie opari moduan, egiten duten lana eskertu asmoz. Tolosako gozogileak ere presente izan dira gaurko foroan, proiektuaren berri lehen eskutik izateko. "Balio handiko" lana dela aitortu dute, “irakasgai bat izan da, baita guretzat e
re”.


Lan-prozedura erreferente bat

Eskualdeko Lanbide Heziketa ikastetxe guztiak biltzen dituen lan egiteko modu hori balioan jarri nahi dute gaur Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea  Garatzeneko lehendakari eta Zizurkilgo alkateak, eta Olatz Peon Ormazabal, garapen agentziako lehendakariorde eta Tolosako alkateak. “Aitzindari izateaz gain, EAE mailan erreferente bihurtu da lan egiteko modu hau. Pozgarria bezain aberasgarria da ikastetxe guztiak elkarlanean ikustea, gainera, etorkizunera begira balio handia izango duten lanak gauzatuz. Lanbide Heziketa sare sendo bat dugu eskualdean, eta horrelako egitasmoek sare hori egonkortzen eta indartzen laguntzen dute”, azaldu du Urruzolak.


Peonek gaineratu du, “aldaketa klimatikoaren arazo globalari tokikotasunetik erantzutea ere funtsezkoa” dela. “Zentzu horretan, benetan baliotsua da proiektu hau eta funtsezkoak dira ikastetxeen konpromiso, lan eta ahalegina biodibertsitatearen zaintzarako, ekonomia zirkularraren sustapenerako eta gure herri eta eskualdeak berezkoak dituen balioen zabalkunderako”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!