Don Bosco LHII, Fraisoro Eskola LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Tolosaldea LHII eta Peñascal Kooperatibak osatzen dute eskualdeko Lanbide Heziketako sarea, eta elkarlanean ari dira ikasleen trebakuntza helburu.
Ikastetxeetako arduradunek esan dute, gaur egun Lanbide Heziketako ikasketen garrantzia geroz eta nabarmenagoa dela: «Ibilbide formatibo anitzak eta malguak eskaintzen ditugu eta ikasleak ahalik eta prestatuen egoteko lan itzela egiten dugu». Bide horretan kokatu behar da formaziorako eta testuinguru egokiak lortzeko egiten duten ahalegina, «ikasleek ikasitakoa praktikan jar dezaten, enpresetan trebakuntzak aukerak izan ditzaten eta komunitateari begira proiektu ezberdinetan parte har dezaten».
PRAKTIKAK, LEHEN URTETIK
Ikasturte honetan Lanbide Heziketako hezkuntza legea aldatu da gainera, eta ondorioz Dual orokorra deritzon modalitatea ezarri dute; «hau da, ikasleek lehenengo mailatik jada enpresatan praktikaldiak egiteko aukera dute, trebatzen jarraituz eta gaitasun teknikoak eskuratuz. Testuinguru horietan ikasleak bestelako konpetentziak zabaltzeko aukera ere izaten du, hau da, lantaldean aritzeko trebetasunak, konpetentzia komunikatiboak, erantzukizuna, lan ohitura egokiak…».
Zentroen arteko elkarlanean sinesten dute eta zeharkakoak diren konpetentziak lantzeko aukera ematen dietela esan dute. Horien bidez ikasleek euren ezagutzak beste zentroetako ikasleekin partekatzeko aukera dute, beste zentroetan egiten dena ezagutuz eta ikasleen arteko harremana sustatuz. «Ikasleentzako garrantzi handia du euren lanari esker produktuak edota zerbitzuak aurrera atera daitezkeela ikustea».
EKONOMIA ZIRKULARRA ARDATZ
Hor kokatu behar dira Tolosaldeko Lanbide Heziketako zentroetan garatzen ari diren bi proiektu. Biak ala biak ekonomia zirkularraren aterkipean eta ahal dela, euskaraz. «Ikastetxe bakoitzak hizkuntza eredu propioa izanda ere, ikasleen artean euskaraz aritzeko testuinguruak errazten ditugu». Eskoletako arduradunek esan dute ikastetxeen eta ikasleen arteko koordinazioa ez dela erraza eta Tknikaren babesa dutela aipatu dute.
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika eta berrikuntza zein ikerkuntza aplikatua ditu ardatz. Helburua da Europako abangoardian kokatzea eta sare-lanaren bitartez eta Lanbide Heziketako irakasleen inplikazioari esker, «munduko eredurik aurreratuenak erreferentetzat dituen zentro honek teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura estua duten berrikuntza proiektuak garatzen ditu». Tolosaldeko zentroen arteko lana lankidetza horren isla dela esan dute.
ELKARLANAREN EMAITZA: BI PROIEKTU
Urtero saiatzen dira zentro ezberdinen arteko elkarlana sustatzen, baina ikasturte hau berezia izan da eta eskualdeko zentro guztien arteko proiektuak ari dira garatzen. Garapen fase ezberdinetan dauden bi proiektu dituzte eskuartean: bonboiak ditu ardatz batek eta sendabelarrak, besteak.
«Bonboiena da aurten gehien landu den proiektua eta horren produktua aurki aurkeztuko dugu. Sendabelarrenari hasiera eman zaio, oinarrizko planteamendua ezartzen ari da momentu honetan eta datorren ikasturteari begira egiten ari gara diseinua». Etorkizunean proiektu horiek jarraipena izatea espero dute, modu batean edo bestean, elkarlanean jarraitzea guztientzat esperientzia aberasgarria dela uste baitute. «Bestetik, Tknikatik proiektu eta ekimen berrien sustapena egingo dutenez, gai berriak aztertzeko eta aktibatzeko aukera izango dugu, adibidez arlo teknologikoaren gaia».
HAINBAT ZIKLO
Tolosaldean Lanbide Heziketa eskaintzen duten eskolek diote, zentro bakoitzaren formazio eskaintzaren araberako zikloak eskaintzen dituztela, eta horri esker ikastetxe bakoitzak proiektuari hobeto egokitzen zaion zikloa eta maila aukeratzen duela. «Ondoren, bakoitzak zein ekarpen egin dezakeen adosten du, helburuak finkatzen ditu eta ekintza plan bat diseinatzen dugu guztion artean.
Ekintza plan horren arabera ardura eta eginkizun desberdinak planteatzen ditugu kronograma bat jarraituz». Normalean, ziklo bakoitzak dagokion eginkizuna bere ikastetxean garatzen du, baina «ezinbestekoa» da, ikasle eta irakasleen arteko topaguneak edukitzea, hala nola, topaketa birtualak, bilera presentzialak edota ikasleen arteko topaketa dinamikoak. Guztia ikasleek prestakuntza integrala izan dezaten, lan mundura ahalik eta prestatuen iristeko helburuz.
ESKUALDEKO LANBIDE HEZIKETAKO ZENTROAK
Don Bosco LHII
- Helbidea: Paper kalea, 1, Tolosa
- Telefono zenbakia: 943 67 29 00
- Webgunea: Donbosco.eus
- Helbide elektronikoa: donbosco@donbosco.eus
Fraisoro Eskola LHII
- Helbidea: Elbarrena 12, Zizurkil
- Telefono zenbakia: 943 692 162
- Webgunea: Fraisoroeskola.eus
- Helbide elektronikoa: fraisoro@fraisoroeskola.eus
Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola
- Helbidea: Kondeaneko aldapa, 5-B, Tolosa
- Telefono zenbakia: 943 67 36 29
- Webgunea: Inmakuladatolosa.eus
- Helbide elektronikoa: idazkaritza@inmakuladatolosa.eus
Tolosaldea LHII
- Helbidea: Santa Luzia, 17, Tolosa
- Telefono zenbakia: 943 65 11 47
- Webgunea: Tolosaldea.hezkuntza.net
- Helbide elektronikoa: idazkaritza@tolosaldealh.eus
Peñascal Kooperatiba
- Helbidea: Usabal industrigunea, 5 C, Tolosa
- Telefono zenbakia: 943 67 61 61
- Webgunea: Peñascaltolosa.com
- Helbide elektronikoa: marian@penascaltolosa.com