Tolosaldeko Lanbide Heziketako bost ikastetxeak elkarlanean ekonomia zirkularra lantzen ari dira ikasturte honetan, eta lanketa horren barruan bonboi bereziak egin dituzte. Don Bosco LHII, Fraisoro Eskola LHII, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Tolosaldea LHII eta Peñascal Kooperatibak osatzen dute eskualdeko sarea.
Proiektu berezia da eta ideia Tknikatik irisi zitzaiela esan dute Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunek. «Mari Jose Barriola da Biozientziak eta Jasangarritasun arloko zuzendaria eta Bizkaia aldean martxan jarri zuten antzeko proiektu bati buruz hitz egin zigun. Modu honetan pentsatu genuen bost ikastetxeen artean antzeko zerbait abiaraztea».
BONBOIAK ETA KAXAK
Proiektuaren helburua da bonboiak eta horiek sartzeko kaxak egitea, beti ere ekonomia zirkularraren irizpideak jarraituz. «Bonboiak tokian tokiko lehengaiekin eginda daude eta papera landa hondakinetatik. Bonboi hauek gizarte eragileei eskainiko zaizkie opari moduan garai zail hauetan egiten duten lan itzelaren esker moduan, eta Tolosako gozogileei aurkeztuko zaizkie ezagutu dezaten Lanbide Heziketan egiten den lana», esan dute. Ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte proiektuan, baina lanak banatu dituzte.
ESKOLA BAKOITZAREN EKARPENA
Peñaskal Kooperatibako Sukaldaritza zikloko ikasleek bonboien errezetak garatu dituzte eta lehengaien artean daude Tolosako babarruna, erremolatxa eta sagarra.
«Ikasleen artean sortutako errezeta bat da, eta orain arte landutako tekniken arabera moldatu dituzte. Inguruan ekoiztutako produktuak erabili behar zirenez, ez dute kakaorik erabili. Tolosan gaudenez babarruna izan da osagai nagusia eta horren arabera jaio da bonboi berria».
Don Bosco LHII Paper Eskolako Kimika Industrialeko lehen mailako ikasleek, euren aldetik, bonboi kaxak egiteko papera eta kaxak egin dituzte. Papera egiteko arto landarearen zurtoina eta porrua erabili dituzte.
Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolako Farmazia Teknikari lehen mailako ikasleek bonboien nutrizio azterketa egin dute, eta kaxa bakoitzak elikagaien konposaketaren inguruko informazioa darama.
Fraisoro Eskola LHIIk bonboiak egiteko lehengaiak eskaini ditu.
Eta Tolosaldea LHII ikastetxeko ikasleek paperaren lehortze prozesuan lagundu dute.
Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunek esan dute prozesua oso aberasgarria izan dela. Peñaskal Kooperatiban ikerkuntza egin dute bonboiak egiteko errezeta berri hauek sortzeko. «Bonboien itxura eta ezaugarriak lortzeko baldintzak lortu arte aritu dira probak egiten. Lehengaiak Fraisoro Eskolatik lortutakoak dira eta Inmakuladako ikasleak nutrizio analisia egin dute, informazioa kaxari gehitzeko. «Bakoitzaren ekarpena oso garrantzitsua izan da».
ARTO ZUTOINA ETA PORRUA
Papera egiteko prozesuan hainbat proba egin behar izan zituztela gogoratu dute; «ikasleek lehengai desberdinak probatu dituzte; babarrun azala, artilea, banbua, itsasoko algak… eta azkenean arto zurtoina eta porrua erabilita lortu dituzte emaitza gustukoenak. Orain ekoizpen lanetan ari dira nahi dugun kaxa kopurua lortzeko. Ekoizpen prozesu horretan lehortze prozesua da zailenetako bat eta horretan Tolosaldea LHIIko ikasleak ari dira laguntzen».
Ekonomia zirkularra ardatz duten bonboiak eta kaxak Lanbide Heziketa Azokan egongo dira erakusgai eta proiektuan aritu diren ikasle eta irakasleek azalpenak emango dizkiete gerturatzen direnei.
Aurkezpen ofiziala maiatzaren 20an izango da, Tolosako Ingurumen Foroan, eta bertara ikasle eta irakasleez gain, Tolosako gozogileak, gizarte erakunde batzuk eta Tolosako eta Zizurkilgo udaletako ordezkariak gerturatuko dira. «Egindako lana aurkeztuko da eta bonboiak erakunde hauen artean banatuko dira. Hortik aurrera ikusiko dugu zer-nolako oihartzuna duen proiektu honek».