Eskualde izaera eta pilota sustatzeko asmoz, eta bi urtez antolatu gabe izan ondoren, Ataria Pilota Txapelketa egingo da aurten. Seigarren edizioa izango da, eta eskualdeko pilota elkarteek azaldu duten prestutasunaren ondorioz jarri ahal izan da martxan beste behin. Ia 300 pilotarik hartuko dute parte txapelketan.
Hain justu, bihar bertan hasiko dira partidak, eta ostegun, ostiral eta larunbatetan jokatuko dira norgehiagokak. Finalen egoitza aurten Albiztur izango da, eta eguna ekainaren 25a. Aurreko urteetan bezala, bi modalitatetan jokatuko da txapelketa: eskuz eta palaz. Eskuz guztira lau maila izango dira: benjamin A, benjamin B (aurrebenjaminak), alebinak eta infantilak. Palaz bi maila izango dira: benjaminak eta alebinak batera ariko dira, eta infantilek osatuko dute bestea.
Txapelketak duen eskualde izaera horren adierazgarri, hamabi herritan jokatuko dira partidak: Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ibarra, Larraul eta Tolosa. Guztira hamasei pilota elkartetako pilotariek parte hartuko dute, eta pilota elkarteetako ordezkarien artean egin da maila bakoitzeko egoitzen banaketa. Elkarte bakoitzetik ordezkari bat baino gehiago behar izaten da partidak bideratzeko, eta falta den lekuetan gurasoen parte hartzea ere izaten da. Izan ere, gurasoek ematen duten laguntza eskertzekoa da txapelketak aurrera egiteko.
Ohi bezala, ligaxka formatuan jokatuko da txapelketa. Ez da nahi kanporaketa formatuan egin, hau da, pilotariek partida bakarra jokatu eta txapelketatik kanpo geratzea. Horrela, pilotariek partida bat baino gehiago jokatzeko aukera izaten dute. Aurreko edizioetatik aldatuko da hurrengo faserako sailkatzen den bikote kopurua. Multzo bakoitzetik lehen biak igaro ohi ziren aurrera, baina aurtengoan, egutegiak horrela agintzen duelako, multzo bakoitzeko bikote bakarra pasako da hurrengo fasera. Bestalde, ahal den bikote parekatuenak egiten saiatzen dira antolakuntzatik, orokorrean pilotariek aukera gehiago izateko aurrera egiteko.
Finalerdiak hainbat herritan jokatuko dira, eta finalen egoitza, aurretik esan moduan, Albiztur izango da. 2019an eskatu zuen Albizturrek hurrengo txapelketaren finalen jaialdia bertan egitea, eta aurtengorako mantendu egin da eskari hori. Urte batetik bestera aldatzen da finalen egoitza. Horrela, herri bakoitzak egiten duen lanari errekonozimendua eman nahi zaio.
Txapelketaren nondik-norakoak jarraitzeko Ataria.eus webgunean atal berezi bat dago. Bertan dagoeneko ikusi ahal dira txapelketan parte hartuko duten pilotariak eta partiden egutegiak, eta norgehiagokak jokatu ahala emaitzak ikusi ahalko dira. Bestalde, asteazkeneko ATARIA egunkarian hurrengo jardunaldiko partiden informazioa emango da.
EGOITZAK
Eskuz
- Benjamin B. Anoeta, Ibarra eta Tolosa (Beotibar). Larunbatetan.
- Benjamin A. Albiztur, Alegia, Asteasu eta Bidania. Ostiraletan.
- Alebinak. Alkiza, Altzo, Berastegi eta Larraul. Ostegunetan.
- Infantilak. Amezketa. Ostegunetan.
Palaz
- Benjamin eta alebinak. Altzo. Larunbatetan.
- Infantilak. Altzo. Larunbatetan.
PARTE HARTZAILEAK
Eskuz
- Elkarteak. Abaltzisketa, Albiztur, Alkiza, Atzapar (Asteasu), Bidania-Goiatz, Behar Zana (Amasa-Villabona), Berastegi, Intxurre (Alegia, Altzo eta Ikaztegieta), Kuku (Anoeta), Larraul, Otsabio (Lizartza), Sendi-Ekintza (Ibarra), Txulobi (Aduna), Tolosa, Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil).
Palaz
- Elkarteak: Intxurre (Altzo), Bidania-Goiatz, Behar Zana, Atzapar eta Txulobi.