Gustura dago Luis Galarraga, Ataria Pilota Txapelketa berriro ere martxan delako. Bere lana eskatzen badu ere, horrelako proiektuak pilotarentzat eta eskualdearentzat beharrezkotzat ditu, eta pilota elkarteek erakutsitako prestutasuna eskertu du.
Azkenean VI. Ataria Pilota Txapelketa egingo da aurten.
Bai, hala da. Izan ere, pandemia dela-eta bi urtez egin gabe egon ginen, 2020an eta 2021ean. Pandemia nola bukatuko zen edo bideratuko zen ez genekien, eta bideratzen joan den heinean, ikusi genuen beranduago antolatzen hasi arren posible zela aurrera egitea. Herrietako ordezkariekin bilera egin eta denak gogoz ikusten ziren, umeak frontoitik frontoira mugitzeko gogotsu daude, eta ilusio hori ez kentzeagatik, saiakera egin behar genuela pentsatu genuen.
Eskualdeko pilota elkartekoekin hitz egin zenuten. Zer iritzi bildu zenituzten?
Oso onak. Denak prest antolakuntzan parte hartu eta txapelketan ere parte hartzeko. Hainbat herri egoitza izateko aukera zegoen, eta hortik ere erraztasuna etorri da, ikusten delako jendeak ilusioa eta gogoa duela lanerako. Azken batean, gogo hori ikusita, ez dago horrelako proiektu bat aurrera atera gabe uzterik. Poz handiarekin ekin genion antolakuntzari.
Beharrezkoa da, noski, pilota elkarteen parte hartzea hau dena aurrera eramateko.
Bai, ezin baita bakarrik eraman aurrera horrelako txapelketa bat. 300 haur inguruk eman dute izena. Pentsatzen genuen agian gutxiagok parte hartuko zutela, baina izen-ematearekin harrituta geratu gara denok. Harridura hori ona da, oraindik bizirik dagoelako parte hartzeko gogo hori haurren aldetik eta elkarteetan gustura ari direlako lanean. Bide hori bultzatu beharra dago bai gure aldetik eta baita erakundeetatik ere. Pilota hemengo kirola da, baina iruditzen zait erakundeetatik ez duela izan horrelako bultzadarik, eta berriz ere saiatu behar gara hori eskatzen. Erakundeetatik hori bultzatzen jarraitu behar dute, umeak frontoietatik frontoira ibiltzea adin txiki hauetan, herriak ezagutzeko aukera izatea. Gurasoak ere mugitu egiten dira; askotan kanpora joaten gara baina bertako herriak ez ditugu ezagutzen, eta txapelketa honek ere aukera polit hori eskaintzen digu, bertako giroa ezagutzea. Bide batez, partidak jokatzen diren herrietan beste giro bat sortzen da.
Albizturren izango dira finalak. Gonbidatu bereziren bat izango da?
Esperantza dut Tolosaldeko pilotari profesionalak prest egongo direla. Beraiek ilusioz etortzen dira, mundu horretatik pasatakoak direlako. Esango nuke gaur egun dauden pilotari profesional guztiek garai bateko Hitza Pilota Txapelketatik [Ataria Pilota Txapelketak bere lekukoa hartu zuen] pasatakoak direla, eta pentsatzen dut beraiek ere ilusioz hartzen zuten txapelketa bat zela. Ezagutzen ditut, eta libre badaude, oso gustura etorriko dira.
Zer garrantzi du horrelako txapelketa batek?
Izugarria. Tolosaldea bezalako eskualde batentzako garrantzia du, herri batetik bestera joanez eskualdea erakusten delako bertako biztanleei. Adin horretako haur askok, eta zaharragoek ere, ez dakite eskualdeko herri asko non dauden. Txikitatik batera eta bestera joateko aukera badute, behintzat esango dute halako herrira iritsi zirela. Eta uste dut hori bultzatu egin behar dela, gauza polita baita: bertan bizi garen biztanleak behintzat Tolosaldea ezagutzea.
Aurretik esan bezala, haurrak parte hartzeko irrikaz izaten dira.
Bai, eta iruditzen zait gurasoei eskaera bat egin behar zaiela. Semeari edo alabari kirola eta pilota gustatzen bazaie, bultzatu egin behar da frontoietara eramatea, eta herri ezberdinetara joatea. Gero zenbat urtetan jarraituko duen ez dakigu. Gaur egun hainbeste kirol eta aukera daudenez, horrek asko baldintzatzen du. Maila txikietan gehiagok ematen dute izena, eta handietan gutxiagok, pilotak asko eskatzen duelako. Hamalau urtetik aurrera takoak-eta jantzi behar dira, eta horrek baldintzatu egiten du.
Bestalde, ez daude adin hauetako hainbeste txapelketa, ezta?
Aiztondo Pilota Topaketa egin berri da, adibidez, eta Eguberrietan izaten dira ere pilota topaketak. Baina eskualde oso bat hartzen duen txapelketa bat ez dut uste egiten denik. Garai batean, Errioxa eta Nafarroa aldetik izan zen interesa nola antolatzen genuen jakiteko. Uste dut Bizkaia aldean ere txikiekin antolatzen dela zerbait.
Azken urteotan zer aldatu da pilotan adin horietan?
Nik esango nuke ordu gutxiago sartzen direla frontoian. Lehengoko haurrek eskolaz kanpoko ordu libreak frontoian pasatzen zituzten. Orain, herri txikietara joanez gero ere, haurrak patineteekin eta beste joko batzuekin ikusten dira. Lehen, frontoian biltzen ziren, lehorpean, eta pilota baldin bazegoen pilotan aritzen ziren, bai neskak bai eta mutilak ere. Orain ordu gutxiago pasatzen dituzte eta aukera gehiago daudenez kirola egiteko, gurasoek seme-alabak beste kirol batzuetara ere eramaten dituzte.
Horrelako txapelketak haurrek pilotan jarraitzeko beste akuilagarri bat al dira?
Dudarik gabe. Ume eta gaztetxoen aldetik gauza polita da herri ezberdinetako pilotariak ezagutzea. Gero, Tolosara, Villabonara edo Alegiara institutu batera joaten direnean, elkar topatzen dute. Hori ere laguntza bat da herri txikietatik institutuetara joaten direnentzat.