Jendetza euskararen alde

Ataria 2022ko api. 11a, 19:59

Eskualdeak bat egin du Korrikarekin irudi ederrak utziz; Ane Aranburu Tolosaldeko arduraduna pozik azaldu da jasotako erantzunarekin eta izandako babesa eskertu du.

Euskararen aldeko olatuak zeharkatu zuen Tolosaldea pasa den ostiralean. 22. Korrika bitan pasa zen eskualdetik; goizean Adunatik barrena sartu zen eta Zizurkil, Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Albiztur eta Bidanian barrena ibili zen, eta gauean Ikaztegietatik sartu eta Alegia, Altzo, Lizartza, Tolosa, Ibarra, Berrobi, Elduain eta Berastegitik pasa zen. Altzotik pasa izana berezia izan zen gainera, izan ere, 1989. urtean igo zen azkenekoz Korrika herrira eta herritarrek gogotsu hartu zuten erronka.

ESKUALDEKO BALORAZIOA
22. Korrikaren Tolosaldeko arduraduna Ane Aranburu anoetarra izan da eta gaur nekatuta badago ere, pozik dago eskualdean Korrikak izan duen harrerarekin. «Lan handia egin dugu eta oso pozik gaude jasotakoarekin, gustura gaude, eta jasotako babesa eskertu beharrean gaude», esan du. 22. Korrikak Tolosaldean kilometro asko izan ditu; «53 kilometro egin ditu eta 153 eragilek hartu dute lekukoa. Aurrekoan baino 20 bat kilometro gehiago izan dira».

Eskualdeko herritarrek babes zabala eskaini diote Korrikari, Aranbururen hitzetan. Orain ziurtagiriak txukuntzeko, herrietako batzordeen balorazioak biltzeko eta materiala jasotzeko garaia dela esan du anoetarrak, baina lanik gogorrena pasata dagoela esan du. Dena den, errepikatu ohi den balantzea egin du: «Dezenteko lana du Korrikak eta eskualde mailan hitzordua handi samar geratzen zaigula esango nuke. Lan handia da eta momentu gogorrak izaten ditugu. Baina pozik gaude».

AEK-k Donostian egin du balorazio orokorra, eta bertan Euskal jendarteari mezu bat luzatu dio Asier Amondo Korrikaren arduradunak: «Inoiz baino argiago dugu Korrika egiten jarraituko dugula; edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babes izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena». Bestalde, Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak esan du Korrikatik harago, AEKn eguneroko lanekin jarraitzen dutela. «Gaur bertan, euskaltegiak zabalik daude Euskal Herriko txoko askotan, eta AEK-k aurrera eramaten dituen beste jarduera asko ere martxan daude».

AMAIERA FESTA

2.575 kilometro egin ondoren iritsi zen Korrika Donostiara eta Karmele Jaio idazleak eskuz esku eramandako lekukoa irakurri zuen. Mezuan aipatutako erreferentziek garrantzi handia izan zuten eta tartean izan zen Pello Zabala amezketarra. Joan Mari Torrealdai, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Izaskun Arrue eta Maurizia aipatu zituen ere. «Ekin euskarari, eutsi kateari! Gora Korrika eta gora euskara!», aldarrikatuz amaitu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!