Oria Merkatarien Elkarteak jada urte batzuk badaramatza, eta urtero, kanpaina oso antzekoak egiten ditu, baina berrikuntzak ere sartu dituzte. Iaz, lehen aldiz, Stock Azoka egin zuten. Martxoan egin zuten estreinakoz, eta irailean errepikatu zuten. Merkatariek denboraldiko produktuak bukatzeko egin ohi da. Beherapenen azken egunak izaten dira, eta herritarrek eskaintza bereziak, hau da, prezio oso onak izaten dituzte esku-eskura. Oria Merkatarien Elkartearen klasikoetako bat izan da Pariserako bidaiaren zozketa. Bi urtez, osasun egoera tarteko egin ez badute ere, aurten, berriz zozkatuko dute Pariserako bidaia. Bi urte horietan, ordainetan, hemengo landa turismoko agentzia bateko saria zozkatu zuten.
Garai batean, Villabonari Le petite Paris deitzen zitzaiola adierazi dute elkartetik, eta horregatik sortu zuten Erosi hemen eta joan zaitez Parisera kanpaina. Aurten maiatza aldera jarriko dute martxan. Villabonako festetan ere presentzia eduki nahi izaten du merkatarien elkarteak, eta haurrei begira, marrazki lehiaketa egiten dute. Gaia beti bera izan ohi da: dendak eta festak. «Txikitatik bizilagunei herriko dendak gerturatu nahi dizkiegu».
Erosketen ibilbidea ere egiten dute, sei denda ezberdinetako zigiluak lortuz, erosketa txekeak zozkatzen dituzte. Oria elkarteak badu beste berezitasun bat: bezero txartela. Txartel fisikoa da, eta bakarra den arren denda bakoitzean zenbateko jakin bat pilatu dezakezu, hau da, txartel bakar horretan hainbat dendatarako saldo desberdina izan dezakezu. Momentu honetan zazpi denda ezberdinetan ari dira egiten, eta erosketak egiten dituztenek, erosketaren %1 gehitzen dute txartelera. «Denda horretan bakarrik gastatu dezakezu, hau da, gehitzen zoazen denda bakoitzean deskontatu behar da metatutakoa». Txartel horri lotuta hiru hilean behin zozketa bat egiten dute. Esaterako, hurrengo zozketa Aste Santuaren ostean egingo dute, eta kasu honetan bi pertsonarentzako sagardotegiko otordua izango da.
Elkartetik kezka dute dauden lokal hutsengatik eta ekintzailetza zein errelebo faltarengatik. Amasa-Villabonako Udalarekin harremanetan jarri, eta plan estrategiko bat lantzen ari dira. Diagnosiaren fasean daude, eta biztanleei, kontsumitzaileei eta dendei galdeketa ezberdinak egiten ari dira.
ORIA MERKATARI ELKARTEA
- Telefonoa. 688 885 496
- Helbide elektronikoa. merkataritza.tolosa@gmail.com
- Instagram. @oriamerkatarielkartea
- Facebook. @oriamerkatarielkartea