Nafarroako Erriberako euskararen egoera ez da samurra, eta lehen hezkuntzan D ereduan ibili izanagatik ere, nekez mintzatzen da bere hizkuntza kuttunez. Etxean eman ezin zioten euskara ikas zezan, amak Peraltako eskolara eramaten zuen egunero. DBHn, berriz, ezin izan du euskaraz ikasten jarraitu. Handitan euskaltegian izena eman behar duela garbi du Aitorrek. Oraingoz, KORRIKAn parte hartzea du ilusiorik handiena. Arratsalde eguzkitsu batean, bere herritik, Martzillatik, pasa baita euskaldunon oinatza.
Hurrengo eguneko iluntzean, Muskildiraino iritsi da jende-ostea tipi-tapa. Erramun dago hantxe, jendartean behin behar, ardiak tarte batez belazean utzita. Dagoeneko ez du korri egiteko sasoirik, hala ere, gerturatu nahi izan du, jendetza laket ez zaion arren. Malkoei ezin eutsiz, korrikalariak herriko kaleetatik pasatzen ikusi ditu, lekukoa berak eraman zuen aldi haren gomuta gozoa bihotzean.
«Elizabeth Villabonara iritsi zenean, bazekien, lehenago etorritako Cochabambako auzokide batek esanda, hemen ere bazela bere arbasoen hizkuntzaren tankerako bat. Ez zuen aldiz, hain beharrezkoa izango zenik uste»
Elizabeth Villabonara iritsi zenean, bazekien, lehenago etorritako Cochabambako auzokide batek esanda, hemen ere bazela bere arbasoen hizkuntzaren tankerako bat. Ez zuen, aldiz, hain beharrezkoa izango zenik uste. Hasierako nagiak astindu eta euskaltegian izena eman zuenean, ezin zuen imajinatu handik lau urtera hemen egon behar zuenik, hain abegikor hartu zuen herriko sarreran, lagunartean, goiz eta gau gelditu gabe dabilen lasterketa hura noiz pasa zain.
Pirritxen abestietan maiz azaltzen den zerbait da, eta azken boladan amatxori entzun eta entzun ari zaio. Tipi-tapa esaten dute helduek, beraz, mugimenduarekin lotutako zerbait dela ematen du. Parranda usaina ere hartu dio Ilargik, zeren amatxok txosnako txanda egin behar omen baitu. Aitatxo eta ahizpatxoarekin joan beharko du Bulebarrera bere lehenengo KORRIKAri harrera egitera.
Gure bost lagun hauek asmatutako pertsonaiak dira; errealitatearekin izan dezaketen edozein antzekotasun kasualitate hutsa da… Ba ote? Seguruena ez. Izan ere, milaka lagun, milaka sentipen eta milaka euskara biltzen ditu zoro zoragarrien festak.