Eskualdeko 14 eta 18 urte arteko zazpi bertsolarik hartuko dute parte, aurten, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Aspaldiko kopururik handiena da eta Harituz bertsozale taldearen azkeneko urteotako lanaren emaitza. Bertsozaletasunaren sustapenean, hedapenean eta ikerketan jarduten dute taldeko kideek, baina, transmisioaren alorra da bereziki zaindu dutena. Gehien hazi den lan esparrua izan da eta gaur egun dozena bat bertso eskola daude martxan Tolosaldean.
Mikel Artola, Haritz Mujika eta Naroa Olano Harituzeko kideak. J.M.
Kopuruan ez ezik, jarraikortasunean ere irabazi dutela uste du Mikel Artola (Alegia, 1989), Harituzeko kideak: «Gauzak aterako badira, perspektibarekin jokatu beharra dago. Duela hamar urte, ia ez zen talderik osatzen. Tolosan ateratzen zen eskolaren bat, baino segida handirik gabe. Uste dut egoera honetara iritsi bagara, apustua egin dugulako izan dela». Harituzen duela lauzpabost urte pertsona bat jardun osoz liberatzea erabaki zuten. Hautu hori egin zuten urtean berean, bertso eskoletako ikasle kopurua hirukoiztu egin zen. «Urteotako bilakaeraren arrazoietako bat horri zor zaio, eta liberatu horrek eragiletza lan hori egin dezan, gure proiektua sostengatzen duten udalen laguntza, ikasleen matrikula eta jende askoren babesa ezinbestekoak dira. Lan kolektibo baten emaitza da», aipatu du Artolak.
Aurten martxan jarritako 'Plazara' ekimenaren barruan egindako saioetako bat, Anoetan. HARITUZ
Gaur egun, Haritz Mujikak (Asteasu, 1995) darama Harituzen koordinazioa eta bere ardura dira eskualdeko bertso eskolak. Gehienetan bera aritzen da irakasle. Dozena bat bertso eskola dira guztira eta 60 ikasle inguru dabiltza. Alegian eta Altzon helduen taldeak daude osatuta eta gainerakoak gaztetxoenak dira. Gu ere bertsotan proiektuari esker hezkuntza arautuan izaten dute ikasleek lehen harremana bertsoarekin eta eskolaz kanpoko jarduera gisa, bertsogintza lantzera animatzeko motibazio saioak antolatzen ditu Harituzek eskoletan. LHko 5. eta 6. mailetako ikasgeletara joaten dira bi bertsolari, gazteak motibatu eta bertso eskoletan izena eman dezaten. «Lehen Hezkuntzako garai horretan gazte askok ematen dute izena eta 10-12 urteko neska-mutilen taldeak handiak izaten dira. DBHra pasatzearekin batera, ordea, eskualdeko gazte asko ikastetxez aldatzen dira, beste interes batzuk sortzen zaizkie, eta bertso eskola uzteko joera izaten dute. Geroz eta zaharragoak izan, taldeak kopuruz txikitu egiten zaizkigu, eta justu, 14-15 urtera iritsi eta eskolartekorako pausoa eman behar duten garaian, jarraitu nahi dutenek herrian bertan ez dute talderik izaten», dio Mujikak.
Mikel Artola: «Uste dut egoera honetara iritsi bagara, apustua egin dugulako izan dela»
Beraz, bertso eskolak bideragarriak eta emankorrak izan daitezen, adin bertsuko ikasleak elkartzera jo dute azken urteetan Harituzen. «Adin horretan, eta nahasketa horren bitartez ikusten ditut gazteak gustuen. Lehen guk Harituzen bizi izandako prozesu hori bizitzen ari direla ikusten dut. Guk ere, premiak bultzatuta elkartzera jo genuen gure belaunaldian eta elkarketa horren ondorioz bizi izan ditugu gauzarik politenak, bai txapelketetan, bai plazan eta baita talde barruan ere».
Villabonan biltzen da talde horietako bat, eta Amasako, Asteasuko, Irurako, Ibarrako eta Leitzako ikasleak biltzen dira bertan. Gaztetxoagoen beste talde bat ere biltzen da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen egoitzan astean behin eta bertan Tolosa bertako, Lizartzako eta Anoetako bertso eskoletako gazteak elkartzen dira. «Harreman handia dute elkarrekin. Lagun talde bat da bertsoaren bueltan sortua eta hasiak dira eragiletzan. Dagoeneko ekimenen antolakuntzan dabilen jendea haiekin jartzen da zuzenean harremanetan saioren bat antolatu nahi badute. Bertsolari eta eragile dira aldi berean, eta polita litzateke etorkizunean haiek gure lekukoa hartzea Harituzen», aipatu du egungo koordinatzaileak.
Haritz Mujika: «Ikusi dugu ikasketa prozesua aldatu ahala, emaitzak ere aldatzen direla»
Eskolartekoaren prestaketa
Bertso eskolan aritu eta Eskolartekora joan daitezkeen gazteetatik gutxi gorabehera erdiak ematen du izena. Mujikaren esanetan, faktore askok dute zerikusia horretan: «Batzuk lehiarako prest egoten dira eta berez datorkiela esango nuke. Hamar urterekin dagoeneko hasten zaizkit batzuk galdezka ea non kantatuko duten eta ea noiz izango ote duten aukera lehian parte hartzeko. Beste batzuk, berriz, hemezortzi urte beteta ere, ez dute lehia aipatzerik nahi izaten. Dena den, testuinguruak ere pizten die kanturako gogoa. Herrian aurretik inork parte hartu izan badu, izena emateko joera handiagoa izaten dute atzetik datozenek».
Aurten eskualdetik lau mutil eta hiru neska animatu dira txapelketan parte hartzera. Plazarako orduan eta lehian izena ematerako orduan generoak hainbesteko pisurik ez duela uste du Mujikak: «Bertso eskoletako izen-ematean badago desoreka txiki bat, mutil gehiago apuntatzen dira neskak baino. Behin bertso eskolatan dabiltzala, ordea, Eskolartekoan izena ematerako orduan kopuruak orekatu egiten dira. Esango nuke neskak gehiago animatzen direla mutilak baino».
Artolaren ustetan, Eskolartekoak trebatzeko aukera ematen die gazteei, esperientzia hori bizitzeko aukera eta eskolan gehiago saiatzeko motibazioa. Eskolartekora joaten diren gazteak prestatzerako orduan, berme guztiekin joan daitezen saiatzen direla dio Mujikak. «Denborak, oinak zaintzea eta beste baliabide batzuk erakusten dizkiegu, oholtzan edo jendaurrean ari diren momentuan zurian geratuko balira, nolabait, bertso bat atera dezaten. Ez dezatela, behintzat, txapelketarena esperientzia txar bat bezala bizi». Nahiz eta ondotik Artolak ohartarazten duen, horretarako arriskua egon badagoela. «Gaur egun gutxiago gertatzen da hori, Eskolarteko kanporaketak bertso afari formatuan egiten direlako eta giro goxoagoa sortzen delako gazteen artean ere».
Naroa Olano: «Nik, esate baterako, bertso bat botatzerakoan eroso sentitzea bilatzen dut»
Prestaketa berezirik ez dute egiten gazteek txapelketari begira. «Ez dugu gehiegi aldatzen bertso eskolen dinamika txapelketara doazen ikasleak egonagatik», nabarmendu du Mujikak.
Ikas-irakas prozesuan aldaketak
2017tik Harituzen bertan eta Euskal Herriko Bertsozale elkartean bertsolaritzaren didaktikaren inguruko ikerketa egiten ari dira hainbat lagun, tartean Artola bera. «Ideia da ez izatea hainbeste paperari lotutako ikas-irakaskuntza metodo bat lantzea, ahozkoagoa bat baizik, bat-batera gehiago hurbiltzen dena. Planteatzen ari garena ez da ezer berria, egin izan da han edo hemen, baina orain sistematizatu eta teorizatu egin nahi genuke». Eta praktikara eraman. Bertso eskoletan material hori erabiltzen hasia da Mujika: «Orain egiten ditugun gauzetako asko lehen intuizioz egiten genituen. Bertsoaren irakaskuntzan faseak bereizi eta adin bakoitzari dagozkion trebetasunekin uztartzen ditugu. Hemen Tolosaldean ditugun dozena bat taldetan gure hipotesiak egia diren edo ez probatzeko aukera izan dugu eta ikusi dugu ikasketa prozesua aldatu ahala, emaitzak ere aldatzen direla». Ikerketa prozesu horren barruan dago, esate baterako, Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proposamena, Harituzek Pello Mari Otaño beka baliatuz iaz garatu zuena.
Kezka bat ere badute Harituzen eta Artolak azaldu du ahoz gora: «Ez dakigu zenbateraino ez ote garen ari ibilbide bakar bat eskaintzen. Eskolartekoan hasi, ondoren sariketetan parte hartu, Gipuzkoako txapelketara salto egin, Euskal Herrikora... Badirudi hori dela bertsolari izateko derrigor jarraitu beharreko ibilbidea. Bertsolaritzaren didaktikan azkeneko urteetan egin dugun lanketatik ere badator gogoeta. Lagunartean kantatzea, plazan jardutea, bertso eskola lau pareten artetik ateratzea bada gure kezketako bat. Uste dugu, badagoela bertsotan egin daitekeen beste ibilbide bat, eta horretarako aukerak eta bestelako plazak sortzeko modua aztertu beharko genuke».
Ideia horri jarraituz, bestelako plazak sustatu eta bertsotan aritzeko beste zirkuitu batzuk asmatzeko ahaleginean ekimen ugari jarri ditu martxan azkenaldian Harituzek. Gaztetxoenek Tolosaldeko Bertso Eskolen egunean jendaurrean kantatzeko espazio bat izan dezaten saio bat antolatzen dute urtero. Berriki, Plazara ekimena jarri berri dute martxan. Bertsolari gazteei plazetan maiz aritzen diren bertsolari beteranoekin batera kantatzeko aukera ematen zaie eta dagoeneko bi saio egin dituzte Anoetan eta Berastegin. Gazte hauek, hasiak dira ostegunetan Harituzen bertso eskola ibiltarira joaten eta inguruko herrietako saioetarako ere hots egiten diete. Ekimen berritzaile bat ere iragarri dute ekainaren 10erako. Altzon elkartzekoak dira bertso eskola guztietako ikasleak. Elkartu eta tabernara joago dira kantatzera, «erdi bertso eskola, erdi plaza» izango dela dio Artolak. «Bertso eskolara joaten diren denek ez dute zertan plazara atera behar, baina jendaurrean aritzeko aukerak ugaritzen badira, plazak ulertzeko modua aldatzen badugu, agian animatu daiteke jende gehiago. Denek ez dute plazarako grina berdina izaten, baina atera nahi duenak pausoa eman dezan taldea behar du inguruan, besteen anparoa».
Altzon osatu den helduen bertso eskolan parte hartzen du Naroa Olanok (Altzo, 1999), esate baterako. Aurtengoa hirugarren ikasturtea dute. 20 eta 25 urte arteko zortzi gazte aritzen dira eta Mujika bera izaten dute irakasle. Olanok azaldu du zein asmorekin hartzen duten parte bertso eskolan: «Gure aspirazioa ez da bertso munduan aurrera egitea, bertsoa osorik botatzearekin konformatzen gara, eta hori lortzen dugun egunean gustura itzultzen gara etxera. Nik, esate baterako, bertso bat botatzerakoan eroso sentitzea bilatzen dut. Horrelako gauza txikiak dira guretzako garrantzitsuak». Jendaurrean ere lehenengo aproba egin dute Altzoko bertso eskolakoek: Santa Ageda bezperan, herriko abesbatzarekin atera ziren lau kide, bertso eskoletan aritzen diren beste bi gazterekin batera. «Lehenengo aldia izan genuen, eta ez dakit azkena izango ote den, baina argi dago hori baino urrunago ez garela iritsiko. Guretzako testuinguru erosoa zen, gustura aritu ginen eta horrekin konformatzen gara». Elkarrekin harreman ona dute, ondo moldatzen dira, eta bertsolaritzari buruz gehiago ikasteko aukera ematen die bertso eskolak, beraz, aurrera begira jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Olanok.
«Luxuzko taldea da Altzokoa, gazteak eta bertsozaleak dira eta beti daude laguntzeko prest», dio Artolak. Hain zuzen, bertso eskolako bi kidek urtarriletik Harituzeko zuzendaritza batzordean parte hartzen dute, tartean Olanok. «Dinamika ezagutzen ari gara, Harituz barrutik nolakoa den ezagutzen eta gustura gaude»
Eskolartekora bidea zabaltzen
Bertsotan aritzeko moduak ugaritzeko ahaleginean ari da Harituz bertsozale taldea, baina orain arte ohikoa izan den ibilbidea baztertu gabe. «Eskolartekoarekin abiatzen den bide hori zilegi da, baina ez derrigorra. Gerora plazetan ibili izan garen bertsolarietako asko, esate baterako, sekula Eskolartekoan atera gabeak gara, ez Adur Gorostidi, ez Txomin Azpiroz, ez Iñigo Gorostarzu Etxorde, ezta ni neroni ere», aitortu du Artolak. Eta gaineratu du, aldi berean, bere burua probatu eta gogoa duenarentzat, Eskolartekoa leku «ederra» dela bertsotarako.
Horretan saiatuko dira eskualdeko zazpi bertsolari gazte. Gogoa badute bertso munduan bidea egiteko eta ez zaie zidorra egingo, bidea erakutsiko dien babes talde zabala dutelako Harituzen. Bide hau itsu suertatuta ere, beste norabide asko markatuko dizkiete taldean, bertsotan segi dezaten.
LIZARTZAN AZKENA
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak XLII. edizioa izango du aurtengoa eta guztira hamazazpi gaztek hartuko dute parte bat-bateko atalean, horietatik zazpi Harituzeko kideak dira. Hiru kanporaketa eta finala ospatuko dira. Lehen saioa Oñatin egin zuten aurreko ostiralean eta Jon Mendiluzek irabazi zuen. Zuzenean sailkatu da finalera. Aratz Arzelusek, berriz, zain egon beharko du hurrengo kanporaketan zer gertatzen den. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea eta puntuazioz beste hiru sailkatuko dira apirilaren 29an Lasturren jokatuko den finalera. Apirilaren 1ean Azpeitian eta apirilaren 8an Lizartzan izango dira hurrengo kanporaketak eta kanporaketa guztiak bertso afari formatuan izango dira. Lizartzako saioaren antolakuntzaren ardura Harituzek hartuko du bere gain, herriko bertsozaleekin batera. Saiorako txartelak Bertsosarrerak.eus atarian erosi beharko dira hamabi euroren truke.