Amaia Agirre gure bertso eskolako irakasleak animatuta parte hartu genuen eskolarteko bertso txapelketan lehen aldiz.
Pedro Mari Otañon LH6ko gelan geundela, bertso idatzien eskolarteko txapelketan emaitza onak lortu genituen gelakide batzuk, horrek eta garai hartan tutore genuen Agustinek bultzatuta, sortu zen Zizurkilgo bertso eskola.
Gogoratzen dut gogotik saiatzen ginela entrenamenduetan, baina batez ere txapelketako egunak gogoratzen ditut. Goizean goiz, eskolan jasotzen gintuen Amaiak eta eguna pasatzen genuen agurra entseatzen eta txapelketako lanen bat egiten. Taldekakoak babes handia ematen diola iruditzen zait bertsolari hasiberriari. Agurra taldean egiteak berriz, festa giroa eransten dio.
Hamalau urtetik aurrera, bakarkakora pasatzean saltotxoa igartzen dela esango nuke. Serioagoa bihurtzen da txapelketa eta tentsio gehiagoko egunak izaten dira. Gerora, bertsolari erreferente izan direnak ezagutu eta beraiekin kantatu izanak ilusio berezia egiten dit.
Bertsolari ibilbidea hasteko oso plaza egokia iruditzen zait eskolartekoa. Harremanak egiteko zein jendaurrean kantatzen eta egoten ikasteko oso baliagarria da. Era batera edo bestera plazetan ibiltzea egokitu zait urte guzti hauetan eta garbi daukat, oso eskola ona izan zela eskolartekoa.
Asko pozten nau gure eskualdetik hainbeste gaztek parte hartuko dutela ikusteak, seguru esperientzia zoragarria biziko duzuela
Asko pozten nau gure eskualdetik hainbeste gaztek parte hartuko dutela ikusteak, seguru esperientzia zoragarria biziko duzuela. Zorte on!