JON MENDILUZE. IRURA, 2005
Bertsoa betidanik izan du etxean. Aita bertsolaria du. «Parte batean horregatik eta bestela ere afizioa nuelako eman nuen izena bertso eskolan hamaika urterekin». Aurrena Tolosan aritu zen eta Villabonako taldera pasa zen iaz. Talde «berezia» dela azpimarratu du: «Oso giro ona dugu, elkarri adarra jotzen ibiltzen gara denbora guztian eta horrek egoteko eta bertsotarako ere asko laguntzen du».
Hirugarren parte hartzea izango du aurtengoa Eskolartekoan. Aurreko ostiraleko Oñatiko kanporaketa irabazi zuen eta Lasturren egingo den finalean kantatzeko aukera izango du. «Duela bi urte lehen aldiz parte hartu nuenean oso-oso urduri joan nintzen. Hankak dardarka nituela». Iaz urduri joanagatik ere, finalean kantatzeko aukera izan zuen eta aurten errepikatuko du.
Bertsotan umoretik jotzen saiatzen dela dio eta gaiak aztertu eta bide ezberdinak ikusten. «Zeinek duen mami gehien, zein komeni zaidan gehiena, horri begiratzen diot». Denbora du arerio handiena; berak nahi baino tarte handiagoa hartzen omen du bertsoa pentsatzeko eta alde hori hobetu nahi luke.
Aitarekin batera, Aitor Sarriegi eredu duela dio Mendiluzek: «Gaiei buelta bat eman eta umore puntu bat emateko abilidadea du. Miresten dut».
ARATZ ARZELUS. AMASA, 2006
Esperientzia bat bizitzeko eta jende berria ezagutzeko eman du izena Eskolarteko txapelketan. Aurreko ostiralean Oñatiko kanporaketan jardun zuen, «oso gustura». Aurreko urtearekin alderatuta erosoago jardun zuela dio eta pozik dago bertso eskolako kide Jon Mendiluzek irabazi zuelako saioa. «Giro oso polita egon zen eta ondo pasatu nuen».
Amak etxean jartzen zizkion bertsoekin lotutakoa da bertsolaritzarekin duen lehen oroitzapena. «Asko gustatzen zaizkit bertsoak eta giro polita dugu taldean, oso ondo pasatzen dut».
Bakarkako ariketa gustatzen zaio gehien. «Zure kabuz egiten duzun ariketa bat da eta nahikoa bertso pertsonalak ateratzen direla iruditzen zait». Gaur egun gehien entzuten dituen bertsolariak Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal dira. Ibarzabal irakasle izan zuen hezkuntza arautuan eta asko gustatzen zaio. «Oso ona da eta nire erreferenteetako bat».
Oraindik ez du plaza askotan kantatzeko aukerarik izan, baina gustatuko litzaioke aukera izatea. «Jendaurrean urduri jartzen naiz, baina esperientzia polita da eta asko ikasten da». Ez daki noraino iritsiko den bertso munduan: «Ni joango naiz nire bidea egiten eta ikusiko dut. Ez daukat helbururik jarrita. Gustura egon eta ondo pasatzea, hori da nire helburua».
ANE ZUBIA. IBARRA, 2004
Hirugarren parte hartzea eta azkena du Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Lehenengo aldian finalean kantatzeko aukera izan zuen eta asko disfrutatu zuela dio. Bertsozaleak ditu etxean, osaba gai jartzailea izan zuen. Eskolaz kanpoko jarduera asko izaten dituzte gazteek, baina bertso eskolara joateko beti pronto agertzen da Zubia. «Deskonektatzea lortzen dugu, ongi pasatzea, konfiantza dugu elkarrengan, eta talde polita osatu dugu. Astelehenetako hitzordu horrek aste osorako indarra ematen digu». Ofiziotan, zortziko handian eroso aritzen da ibartarra: «Gai serioagoetan, nire ikuspuntua emateko ariketa horietan gustura jarduten dut». Horregatik Habanera doinua du maiteen. Emakume gazteak indarra hartzen ari direla ikusita gertutik jarraitzen du haien ibilbidea eta Nerea Ibarzabal aipatu du Zubiak. Txapelketa Nagusiko kanporaketan hilekoaren inguruan Bizkaiko egungo txapeldunak kantatutako bertsoaldia du bereziki gogoan. Herriko festetan edo inguruko herrietako plazaren batean kantatzea gustatuko litzaioke, nahiz eta ez dion bere buruari helburu handirik jartzen. «Hemendik urte askotara afizio bezala bertso munduan jarraitzea gustatuko litzaidake».
BEÑAT MATEOS. ASTEASU, 2005
Gurasoek gomendatu zioten bertso eskola probatzea eta kasu egin zien. Gaur egun, Villabonako bertso eskolan dabil. Hirugarren aldia du Eskolartekoan, Oñatin eta Azpeitian kantatu du aurreko bi urteetan, eta aurten ere, Azpeitiko kanporaketan kantatzea egokitu zaio. «Esperientzia ona iruditzen zait, nire adineko bertsolariak ezagutzeko bidea eman didalako». Bertsolari gazteek jendaurrean kantatzeko aukera gehiegirik ez dutela izaten uste du eta horregatik dela aukera «polita» Eskolarteko txapelketa. Antzeko prestakuntza darama aurtengorako, nahiz eta adinean aurrera egin ahala seguruago sentitzen den bertsotan. Bertso mundua bizimoduaren parte bihurtu zaiola dio Mateosek. «Astean orduak eskaintzen dizkiot eta lagunak ere egin ditut bertso eskolan, bizitzan uste baino gehiago eragin dit». Ofizioak gustatzen zaizkio gehien eta Andoni Egaña bertsolariaren jarraitzailea da, gustuko du bere umoreagatik. «Niri denek esaten didate umorea dela nire indargunea, eta konforme nago, txisteak eta hitz jokoak egiteko erraztasuna daukat». Eskolartekoa baliagarria egingo zaiola uste du. Gustatuko litzaioke, inoiz, Gipuzkoako txapelketan kantatzea , «eta erronda batzuk pasatzea».
DANEL ETXEBERRIA. TOLOSA, 2007
Ez zaio iruditzen afizioa etxetik datorkionik. «Egia da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusi izan dela etxean, eta gustatzen zitzaidan hori ikustea. Fernando Amezketarraren marrazki bizidunak ere asko gustatzen zitzaizkidan». Oso gustura aritzen da eta segitzeko asmoa du bertso eskolan. Bat-batean egitea gustatzen zaio, gaia jarri eta bertsotan aritzea. Horregatik eman du izena Eskolarteko txapelketan: «Hor parte hartzea zer den jakiteko eta ahal dela disfrutatzeko». Iaz ikastetxean antolatutako jaialdi batean aritu zen jendaurrean. «Baina oso ekitaldi txikia izan zen eta ez oso bat-batekoa». Eguneroko dinamikarekin jarraitu dute bertso eskolan eta lehenengo aldia duenez Eskolarteko txapelketan presiorik gabe doala dio. «Beldur handirik ez daukat». Lizartza toki aproposa iruditzen zaio kanturako, etxetik gertu dagoelako. Han arituko da apirilaren 8ko kanporaketan. Bakarkako ariketak ditu gustukoen, hausnartzeko aukera ematen diotelako. «Niri gustatzen zaizkit gai zabaleko ariketak». Lagundurikan danoi doinuan aritzen da erosoen. «Momentuz gustura nabil eta gustura nabilen bitartean ez dut utziko. Iristen naizen tokira iristen naizela, ikusiko dugu zer gertatzen den».
MALEN GARTZIA. TOLOSA, 2007
Irakasleak bultzatuta eman du izena Eskolarteko txapelketan. Bertso eskolan kide duen Danelekin batera eman du izena eta biei egokituko zaie Lizartzako kanporaketan kantatzea. «Elkarrekin lasaiago arituko garela uste dut».
Bi urte daramatza bertso eskolan. Manex Agirre bertsolaria osaba du eta Arabako Bertsolari Txapelketako finalean kantuan ikusi zuenean piztu zitzaion bertsotarako harra. Bixente Gorostidi izan du irakasle ikastetxean eta gustura aritzen zenez, eman zuen izena gero bertso eskolan. «Eroso aritzen gara eta lagunartean gustura nago». Osaba bera du eredu, baina beste bertsolari batzuen lana ere jarraitzen du. Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña aipatu ditu.
Urtero Tolosaldeko Ataria-k antolatzen duen bertso jaialdian botatako bertsoak oso gustura entzuten ditu eta inoiz bertsotan jardun behar badu Tolosan bertan edo inguruko plazaren batean aritzea gustatuko litzaioke.
Eskolartekoan egin beharreko ariketak prestatzen aritu dira azkeneko hilabeteotan. Tartean puntu erantzunak lantzen jardun dute eta ariketa hori du gustukoen Gartziak. Hamalau urte ditu eta oraindik ere beste hiru alditan parte hartzeko aukera izango du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan.
IZAR ZELARAIN. AMASA-VILLABONA, 2006
Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran izan zituzten bisitan ikastetxean bertsoari buruz hitz egiteko. «Hasieran ez nuen arretaz aditu, baina etxean komentatu nuen proposamena egin zigutela eta probatzea erabaki nuen. Lagun batzuk apuntatu ginen, eta orain kuadrillatik bik bakarrik jarraitzen dugu».
Ustekabean hasi eta konturatu da bertsolaritza asko gustatzen zaiola: «Geroz eta gusturago nago». Talde polita egin dute Villabonako bertso eskolan. «Bertsoa da modu bat sentitzen dudana adierazteko. Nahiz eta askotan bertso txarrak atera eta pixka bat frustratu, bertso on bat ateratzen zaizunean satisfazio handia sentitzen duzu». Gai serioetan eroso aritzen da. «Nire iritzia ematea gustatzen zait, mezu indartsuak transmititzea».
Eskolartekoan parte hartzen duela dio, bere buruari presio apur bat jartzeko modua delako. «Ez gaude jendaurrean aritzera ohituta eta urduri egon arren, bukatzerakoan sentitzen duzuna oso polita da. Nik iaz oso ondo pasa nuen txapelketan».
Sagardotegi edo bertso afari giroan kantatzea gustatuko litzaioke etorkizunean, nahiz eta ez dakien noraino iritsiko den bertsotan. «Bertsotan ez bada, uste dut presente izango dudala bertsolaritza, bertso saioak antolatzen edo beste edozein modutara».