ERREPORTAJEA

Soinuak eta hizkiak lotzeko komeriak

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 20a, 07:57

Dislexia, letra eta soinuen dantza. M.G. / N.R.A

Dislexia duten ikasleak eta haien familiak babesteko helburuarekin sortu zen Dislegi elkartea; galderei erantzunak bilatzen saiatzen dira, eta une honetan Dislexia On proiektua dute esku artean Tolosaldean.

Irakurketarekin eta idazketarekin lotutako hizkuntza gaitasunei eragiten dien nahasmendua da dislexia, alegia, ikaskuntza zailtasun bat, neurobiologikoa dena. Nazioarteko azken datuen arabera, biztanleriaren %7-14k du ikasketetarako zailtasun hori; hau da, ikasgela bakoitzean bizpahiru ikasle egon daitezke dislexia dutenak, eta 2019an EAEn egindako azterketan jaso zen ikasleen %1,81ari soilik diagnostikatu zaiola nahasmendua.

Dislexia dutenekin eta haien familiekin egiten dute lan Gipuzkoako Dislegi elkartean. Bertako orientatzailea den Libe Oñederrak kontatu du dislexia diagnostikoa jasotzen duen ikaslearen atzean familia bat dagoela, eta testuinguru hori zaintzea garrantzitsua dela: «Ezinbestekoa da familia laguntzea, ikaslearen ongizatea, zoriontasuna eta arrakasta akademikoa bermatzeko». Horretarako, Dislegik gurasoekin, ikastetxeekin eta profesionalekin egiten du lan, kolektiboa babesteko laguntza eskainiz eta zubi lana eginez. «Gurasoak eta ikastetxeak bideratzen laguntzen dugu Berritzeguneen bidez, eta horrela ez bada, profesionalen laguntza eskatzen dugu, bulego pribatuetan diagnostikoak egin ditzaten».

Dislexia dutenek defizit fonologiko bat dute, eta defizit horrek hiru osagai biltzen ditu: «Kontzientziafonologikoa: hizketaren soinuak hautemateko eta manipulatzeko gaitasuna. Hitzezko memoria epe laburrean: hitzezko estimuluak atxikitzeko gaitasuna. Eta izendapen azkarra: ikusmen estimuluak azkar eta modu automatizatuan berreskuratzeko gaitasuna». Prozesamendu fonologiko hori ahozko hizkuntza lantzen denean aktibatzen dela azaldu du Oñederrak, eta funtsezkoa dela irakurketan eta idazketan. «Horietan alterazioak izateak zailtasunak sortzen dizkie, esaterako, silaba berdinak edo desberdinak bereiztean, fonemak partekatzen dituzten edo ez dituzten hitzetan, edota fonemak eta silabak hitzen barruan manipulatzean; letrak eta soinuak elkartzeko ere zailtasunak dituzte».

Defizit horrek irakurketa eta idazketa prozesuetan zailtasunak eragiten ditu, eta «beste ekintza arloetan eragina izaten du, besteak beste, antolakuntzan, espazio eta denboran...». «Deskodifikazio prozesu horretan hainbeste murgiltzen dira, non irakurtzen ari diren bitartean ulermena aktibatzeko zailtasuna duten, beraz ez daude irakurtzen ari diren horren esanahian zentratuta».

Ikaskuntzaren etapa zabalena irakurketan eta idazketan oinarritzen da, eta Oñederrak esan du kolektiboarentzat kanal hori ez dela irisgarria eta beste baliabide batzuk behar dituztela gauzak ikasi eta informaziora iristeko: «Baliabide bisualak behar dituzte, entzutezko baliabideak, informazio horretara iritsi eta adierazterako orduan ere zailtasunik ez izateko».

Haur hezkuntzatik hasita

Dislexia duen ikasle bat identifikatzeko gaitasuna haur hezkuntzatik eduki daitekeela dio Dislegiko orientatzaileak. «Txikitan hasten dira errimak eta doinuak lantzen, oinarrizko hiztegia, kolorea, asteko egunak eta hilabeteak ikasten, eta ikaskuntza horren barruan erritmo ezberdinak aurkitzen dira eta ikasle horiek normalean haur hezkuntzatik azaleratzen dituzte lehen zailtasunak». Eta lehen hezkuntzara iristean, irakurketa eta idazketa ez denean eduki bat bere horretan, baizik eta edukia ikasteko tresna bat izatera pasatzen denean, zailtasuna «nabariagoa» dela dio. «Zortzi urte ingururekin detektatzen da dislexia gehienbat».

Nahasmenduaren beste ezaugarrietako bat iraunkortasuna da. «Irakasleek ikasle horiei laguntzatxoak eman eta ikusten dutenean zailtasunak denboran mantendu egiten direla, hori identifikatzeko gaitasuna eta ezagutza behar dute». Horregatik da garrantzitsua, Oñederraren ustez, irakasleak formatzea eta batez ere seinale adierazleak identifikatzen jakitea; bereziki haur hezkuntzako irakasleek. Eta hor kokatu dute Dislexia On proiektua, eskualdeko hamaika ikastetxetan martxan jarri duten proiektu pilotua da, eta haur hezkuntzatik lanbide heziketarako etapak kontenplatzen dituzte. Ikasle horiek ikaskuntza eremuan aurkitzen dituzten oztopoak gainditzeko ikastetxeei baliabideak eskaintzea da proiektuaren helburua. Lehen fasea amaituta, denera 500 irakasle formatu dituzte.

Orain gutxi Legebiltzarrean izan dira, proiektuaren berri ematen, eta datozen faseekin jarraitu nahi dute lanean. «Tolosaldean egiten ari gara proiektu hau, baina beste eskualdeetara ere zabaldu nahi genuke», dio Oñederrak. «Dislexia On proiektua aukera bikaina da, batez ere, gure kolektiboa zaintzeko eta aurkitzen ditugun zailtasun horiei aurre egiteko, baina baita ere gure jardunari bultzada bat eman eta lanean jarraitzeko».

%1,81 dislexia diagnostikatuta

Nazioarteko datuen arabera, biztanleriaren %7-14 inguruk du dislexia, eta 2019an EAEn egindako azterketan ikasleen %1,81ari diagnostikatu zitzaion.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!