ELKARRIZKETA

«Babesten bada, emaitza askoz hobeak izango ditu»

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 20a, 07:58

Idoia Apaolaza, bere bulegoan, Ikaztegietan. I.S.A.

Ikasketetan motibazioa galdu ohi duten ikasleen inguruan ondu du Como motivar al desmotivado liburua Apaolazak. Haurrena ez ezik, gurasoen zein irakasleen inplikazioa ere beharrezkoa dela dio.

Como motivar al desmotivado izeneko liburua idatzi berri du Idoia Apaolaza (Ikaztegieta, 1980) psikopedagogoak. Motibazioaren inguruan aritu da, ikasleen motibazioa galtzea zer faktorek edo zer aldagaik eragiten duten aztertu du, beste gauzen artean.

Liburua sortzeko beharra sentitu duzu?

Liburua sortzea terapia moduko bat izan da. Baliagarria izan zait, bai nire semeak hobeto ulertzeko eta baita nigana datozen familiak hobeto ulertzeko ere.

Zure lanbideari lotutako liburua da.

Liburuan zehar, anonimotasuna gordeta, kasu errealak agertzen dira. Horrela, irakurtzeko ere praktikoagoa da. Nire lanean topo egin dudan familiak dira protagonista eta beraiei esateko modu bat da lasai egon daitezela, haurrak zoragarriak dituztela eta aurrera egingo dutela beraien lana eta maitasunagatik.

Motibazioaren galera nondik dator?

Iturri desberdinak dauzka. Garrantzitsuena da jakitea zergatik ikasle batzuk daukaten hainbesteko gogoa beraien denbora librean ikasten egoteko, eta beste batzuk berriz ez duten ikusi ere egin nahi. Motxila edo zama hori txikitatik hasten da, haur hezkuntzan. Pentsa dezakegu, haur hori institutura iristen denean motxila horren zama oso handia dela eta ohikoa izaten dela motibaziorik ez izatea eta ikasketak utzi nahi izatea.

 

«Ikasketetan zailtasuna izatea ez da justifikazio bat lanik ez egiteko»



Horri buelta eman dakioke?

Posible da, baina gurasoak oso kontziente izan behar du lan asko dagoela horren atzetik. Adi egon behar dute ikaslearen prozesuan eta beraien ikasketetan. Azkenean, gurasoentzat ez bada garrantzitsua, seme edo alabarentzat ere ez da izango.

Zein arrazoiengatik galdu daiteke motibazioa?

Aztertzen dudan alor bat gaur egungo hezkuntza sistema da. Galdera batera iristea gustatzen zait: zergatik da garrantzitsua ikasketak bukatzea? Ze pisu dute ikasketek konparatuz gure gurasoen ikasketekin? Gure aurreko belaunaldikoak oinarrizko ikasketak eginda lan munduan sartzen ziren. Azken batean, lan mundura jauzi egitea errazten dute, baina gaur egungo langileari denbora guztian formatzen egotea eskatzen zaio. Beste faktore bat ikasketa zailtasunak dira. Identifikatu behar da zein diren zailtasun horiek eta zer erantzun ematen duen batez ere eskolak, eta familia ere nola gidatzen den bide horretan.



Bakoitzak bere motibazioa izango du.

Askotan pentsatzen da motibaziorik ez duten ikasleak alferrak direla eta ez dutela ikasteko balio. Baina ez dira alferrak. Eta ez da ere gurasoen errua gehiegi onartu dietelako edo gurasoak banatuta daudelako edo gurasoek lan gehiegi egiten dutelako. Askotan beste arrazoi batzuk egoten dira, beraz, goazen ikustera zeintzuk diren gakoak, eta behin identifikatuta daukagunean zer gertatzen zaion; ikusi behar da zer egin dezakegun ikasle horren ibilbidea errazagoa izateko. Egia dena da ikasleak lan egin behar duela baita ere, zailtasuna izatea ez delako justifikazio bat lanik ez egiteko. Baina pertsona batek babestuta dagoela sentitzen duenean, emaitza askoz hobeak lortzen ditu.

Motibazio eza lantzeko zer egin daiteke?

Lagundu ditzakegu behintzat oinarrizko ikasketa horiek bukatu ditzaten, eta diagnostikoen bitartez lagundu diezaiekegu familiei, esanez, beraien haurra ez dela tontoa, baizik eta ikasketa zailtasun bat duela, eta horrekin batera, egokitzapen batzuk egitearen alde borrokatu daitekeela.

Badaude beste aukera batzuk hortaz.

Bai, ikasi behar duenean, egokitzapen batzuk egin daitezke. Dislexia baldin badauka erraztu egin behar zaio, adibidez, testak eginez, ahozkoa landuz edo ortografia kontuan ez hartuz. Baina ez badakit haur horrek dislexia daukala, ikaslearen beharretara nekez iritsiko naiz. Eta familiak betiko mezua jasoko du: ez da saiatzen, ez dakigu zer egin... betiko mezu negatiboak, non familiako erlazioa okertu dezakeen eta bere autoestimua ere baxua izango den.

"Pentsatzen da motibaziorik ez duten ikasleak alferrak direla, baina ez dira alferrak"


Detekzioa nolakoa izaten da?

Berez, eskolan detektatu beharko lirateke, baina tamalez ez dira kasu asko hautematen. Horregatik da garrantzitsua formazioa, bereziki irakasleena. Familien lana da eskolara ondo bidaltzea, eta irakasleen lana izan beharko du ikasleak zailtasunak dituen edo ez detektatzea. Eta horretarako adierazleak ezagutu behar dituzte, zeren, adierazleen pistak ez badituzte ikusten, ez dute jakingo zer gertatzen ari den, eta ikasle horren beharrak ez dira erantzungo.

Hezkuntzan gabezia nabaria da?

Baietz esango nuke. Nik lan egiten dudan ikasleek zailtasunak dituzte eta badakit zenbat kostatzen den beraiengana iristea. Izan ere, zailtasuna ez da bakarrik irakurketa eta idazketan izaten, portaeran zailtasunak dituzten ikasleak ere badaude. Eta askotan etiketak jartzen dira: alferra da, hezigabea da, eta esaten amaitzen dugu ikasle horrekin ezin dela ezer egin. Diagnostiko egoki bat badu, ibilbide egoki bat topa dezake. Bestela, ikasle horiek oso erreta bukatzen dute eta ikasketak adin txarrean uzteko arriskuarekin egiten dute topo, edota konpainia desegokiarekin.

Erlazionatuak

Soinuak eta hizkiak lotzeko komeriak

Irati Saizar Artola 2022 mar 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!