ELKARRIZKETA

«Gure semeari zer gertatzen zitzaion jakitean asko lasaitu ginen»

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 20a, 07:59

Aitor Otaegi eta Nekane Lazkano ibartarrak. I.S.A.

Semeak ikasketetan zailtasunak zituela ikustean jo zuten laguntza eske Dislegi elkartera Aitor Otaegik eta Nekane Lazkanok; haiekin harremanetan jarri orduko jakin zuten haurrak dislexia zuela.

Dislexia duen hamabi urteko haur baten gurasoak dira Nekane Lazkano eta Aitor Otaegi. Lauzpabost urte zituenetik zailtasunak izan zituen semeak ikasketetan, eta zortzi urte zituela diagnostikatu zioten dislexia. Momentu horretan konturatu zen Otaegi bera ere dislexikoa zela.

Noiz iritsi zen dislexia hitza zuen bizitzetara?

Lazkano: Nik pertsonalki ez nekien hitz horrek zer esan nahi zuen. Ikasturte amaiera bat zen eta semearekin urte batzuk generamatzan ikasketekin ezinean. Ikasturtea errepikatzeko proposatu ziguten, eta margenik gabe geratu ginen. Orientatzaile batek aipatua zigun dislexia izan zezakeela, eta horren inguruan informatzen hasi ginen. Dislegi elkartearekin harremanetan jarri ginen, eta aurreko hiruzpalau urtetan pasatako espezialistei kontatutako berdin-berdina kontatu genien elkartekoei, eta segituan esan ziguten gure haurrak dislexia zuela.

 

Aitor Otaegi: «Nik ikasi bizitzan zehar egin dut, ez ikastetxean»


Otaegi: Hiruzpalau urte zeramatzan semeak zailtasunekin. Irakasleren batek ere esan zigun aurrera egiten uzten ez zion zerbait gertatzen zitzaiola, baina ez zekitela zer. Elkartean segituan kasu egin ziguten, eta bide-orri bat eman ziguten, ikastetxeari begira egin beharreko pausoak markatzeko. Asko lasaitu ginen.

Zein garaitan izan zen hori?

Lazkano: Zortzi urte zituenean jarri ginen elkartearekin harremanetan, baina aurretik zetorren zailtasunekin. Haur hezkuntzan daudenean ez da arazorik izaten, guztia maneiatzeko errazagoa delako, baina lehen hezkuntzara pasa eta hizkiak ikasten hasten diren momentutik jarrera asko aldatu zitzaion. Gauzak egiteko zailtasunak dituzunean, normalean ihes egiten duzu ez egiteko, eta gure haurrak estrategia batzuk garatu zituen nolabait ihes egiteko. Hori ikusten zuten irakasleek, eta hipotesi pila bat aztertu genituen.



Otaegi: Harremanak egiteko garaian ere zailtasunak izaten dituzte, hezkuntzak markatzen duen eredu horretan ez dutelako asmatzen, txiki sentitzen direlako. Gauzak adierazteko ere, esaldi landuagoak egiteko, esaterako, kosta egiten zaie. Eta harremanak egiterakoan, gure semea ez zen ondo komunikatzen eta beste bide batzuk erabiltzen zituen, jo egiten zuen adibidez, eta distantzia bat nabaritu genion eta kezkatu egin ginen pixka bat.

Lazkano: BCBL kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko ikerketa zentrokoek esaten dute ezintasun horren aurrean jarrerak desberdinak direla. Batzuk jo egiten dute, eta beste batzuk bere baitan ixten dira. Izan ere, ez badaukate hiztegi nahikoa, ez dakite nola adierazi, eta ezintasun horretatik jotzen dute, ez dutelako beste modurik ikusten, edo zirikatzen hasten dira, berarekin jolastu nahi duela esateko gai ez direlako. Jarrera horiek gehienbat txikitan gertatzen dira.

Zaila izango da egoera horretan aurrera egitea.

Lazkano: Inork ez zuen arrastorik. Orientatzaileak beraiek orientatzen dituzten beste entitate bat dute, Berritzegunea. Haiekin harremanetan zeuden, galdera batzuk pasa zizkioten haurrari, baina ez zuten asmatu zer zuen. Dislexiaren azterketa egitea ez zuten planteatu ere egin, beranduago arte ez zitzaiolako tokatzen. Ez baduzu garaiz detektatzen eta ez badugu froga garaiz egiten, beste urte eta pikoko kalbarioa da. Haurra geroz eta txikiago sentitzen da, eta guraso bezala ere gaizki egiten ari ote ginen sentsazioa genuen.

 

Nekane Lazkano: «Dislexia ez da esfortzu kontu bat, zailtasun bat da»



Otaegi: Ni ere dislexikoa naiz eta semea ere hala dut. Hainbeste urte pasa eta gero, eta ikusita zein aurrerapen izan diren, harrigarriena da Berritzegunearen zeregina justifikatu ezina izaten jarraitzen duela, eta nolatan den posible hezkuntzan lanean dabilen jendeak honetaz ezer ez jakitea.

Lazkano: Hau errealitate bat da, eta nahita nahiez unibertsitatean eman beharreko gai bat da. Bai orain eta baita lehen ere. Lehen, ikasteko zailtasunak zituenari esaten zitzaion ez zuela ikasteko balio eta lanera joaten zen. Lehengo lan merkatua, ordea, ez zen hain zorrotza; gaur egun dagoen konpetentzia izugarria da. Orain gutxienez goi mailako ziklo bat behar duzu lan duin bat izateko. Horraino iritsi behar da. Eta sei urtetatik zailtasunekin hasten bazara, ea zer espero dizun. Dislegik dioenez, askotan, txikitan sekulako ilusioa izaten dute handitan profesio eder bat izateko, baina aurrera doazen heinean ilusio hori jaisten joaten zaie, eta momentu bat iristen da non beraien errealitatera errazena egokituko zaiena lanbide heziketa izango dela. Edo bestela besteen bikoitza saiatuta lortuko dute, baina gauza askori uko eginda; lagunak jolasean dauden bitartean ikasten arituta. Dislexia ez da esfortzu kontua, zailtasun bat da.

Bestelako baliabideak jarri behar zaizkie?

Lazkano: Zuk diagnostiko bat ez badaukazu, eta ikusten baduzu haurrak zailtasunak dituela, ikastetxeak ematen dizun soluzioa errepikatzea da. Errepikatzean ikasle bezala errazago egingo zaizu termino batzuekin trebatuagoa zaudelako, baina arazo berdina daukazu, zeren informazioa jasotzeko modua berdina da, beraz arazoa ez da konpontzen errepikatuta. Dislegitik gomendatu ziguten diagnostikoa egiteko, eta partikular egin behar izan genuen, kurtso amaiera zelako eta Berritzegunetik egiteko ez zuelako denbora ematen. Diagnostikoa egin genuen, eta konprometitu ginen berreziketa fonologikoa egiteko. Horrela, ez errepikatzea lortu genuen; izan ere, haurrak ez zuen aukera izan berari egokiena zetorkion modura informazioa jasotzeko.



Otaegi: Egitura bera ez dago prestatuta, pertsonak ez daude prestatuta, baina intentzioa badago eta horrek ere asko balio du. Hobetzeko tarte handia dago.

Lazkano: Dislegitik formazioa ematera joan ziren ikastetxeko irakasle guztiengana. Izan ere, informazioak iristeko kanal horretan zailtasuna badu, egokitu egin behar da, alternatibak eman behar zaizkio, adibidez, arbeletik kopiatzen egon beharrean, fotokopia bat eman beharko zaio edo aurretik emango zaio materiala etxean begiratu dezan, hizkiak handiagoak jarri, bideo bidez landu... Neurri txikiak jarri genituen martxan, eta antzematen zen hobeto zihoala.

Otaegi: Bide horretan konturatu ginen, hezkuntzatik zer eskainiko ziguten zain geratzen baginen, ez zegoela ezer. Logopedara eraman behar genuen, diagnostikoa egin behar zen, ondoren kurtso batzuk jaso behar zituen, eta gastuak handiak ziren. Hor esan behar dena da mundu guztiak ez dituela errekurtso berdinak gastu horiei aurre egiteko. Guk izan dugu aukera gure semeari zerbitzu horiek eskaintzeko, baina alor pribatutik egin dugu, eta guk uste dugu hezkuntzak berak eskaini beharko lituzkeela. Apustu publiko bat egin beharra dago.

Lazkano: Eta gainera ez da diagnostiko bat behar neurri batzuk hartzeko. Ikusten baduzu zailtasunak dituela, diagnostikorik izan gabe ere jarri neurriak, eta neurri horiekin errazago joango da. Horixe da Dislexia On proiektuan esaten duguna, gaur egun oso berandu detektatzen dela, eta ikusten denean zailtasunak daudela, ez dela itxaron behar, baliabideak jarri behar zaizkiela.

 

«Harremanak egiteko garaian zailtasunak izaten dituzte, hezkuntzak markatzen duen ereduan ez dutelako asmatzen»



Diagnostikoa jasotzean lasaitua hartu zenuten?

Otaegi: Gure semeari zer gertatzen zitzaion jakitean asko lasaitu ginen, eta bera ere asko lasaitu zen, bere jarrera asko aldatu zen. Guztiek ez dute ondo hartzen, baina gure semeak oso ondo hartu zuen.

Lazkano: Ez genion ezer ezkutatu. Guretzako sekulako lasaitua izan zen; izan ere, gure bigarren haurra da, eta lehenengoarekin egiten genituen gauzak errepikatzen ari ginen, lehenarekin funtzionatu zutelako. Baina ikusten genuen emaitza ez zela berdina, eta guraso bezala asmatzen ari ez ginenaren sentsazioa genuen. Pentsatzen genuen zerbaitetan huts egiten ari ginela, edo ez ginela ari nahikoa arreta jartzen. Baina diagnostikoa jasotzean, konturatu ginen ez zela gure zerbait, ez zela bere borondatearen baitako zerbait, baizik eta zerbait fisiologikoa zela, zerbait neuronala. Beste betaurreko batzuk jantzi genituen.

Zein izan dira zuen beldurrak?

Otaegi: Eskola porrota batetik, eta horrek eragin lezakeena. Bestetik, bere buruagan segurtasun falta, beldurra, ezberdin ikustea, gizartean baztertua sentitzea. Dislexia dugunok normalean oso borrokalariak gara. Umetatik gehiago saiatu behar dugu, tontotzat hartzen gaituztelako, baztertu egiten gaituztelako, eta nola hala atera behar duzulako. Nik fisikoki indarra nuen eta borrokatuz egiten nuen aurrera. Baina nola hezkuntzan irakurketa eta idazketa den oinarria, hor ondo moldatzen direnak inongo arazorik gabe egiten dute aurrera. Baina bizitzak erakutsi dit, hori ez dela ardatza, eta hezkuntzak irakurketa eta idazketatik harago begiratu beharko lukeela.

Lazkano: Nire haurra nahiz eta diagnostikatua egon, ematen duelako diagnostikoa baduzu guztia egina duzula, beldurtzen nauena da dislexia horrekin nola jarraituko duen kurtsoetan aurrera, eta nola eutsi motibazioari eta nola animatu ikasten jarraitzeko. Eta nola autoestimua baxua duten, beste beldurretako bat da bullyinga jasateko arriskua dutela.

Otaegi: Dislexia dugunoi tontoaren etiketa jartzen zaigu. Eta ez dauka zerikusirik inteligentzia mailarekin. Adibidez, nik ez dut inoiz inongo arazorik izan aritu naizen lanetan, oso trebea izan naiz, eta bizitza aurrera ateratzeko gai izan naiz, nahiz eta ez eduki ingeniari baten titulua.

Izan ere, dislexikoa zara, Aitor.

Otaegi: Diagnostikoa oraindik egin gabe daukat, baina hala naiz, bai. Dislexia herentziazkoa da, eta Dislegira joan ginenean nire ibilbideaz ere hitz egin nien eta ondorioztatu genuen hala nintzela. Horretaz konturatzean negar asko egin nuen. Izan ere, ni tontoa ez nintzen ikusten, baina ez nuen asmatzen. Hezkuntza mailan porrot egin nuena izan nintzen.

Lazkano: Herentziazkoa zela jakitean, barrua mugitu zitzaion Aitorri. Dislexia duten helduekin hitz egiten duzunean, esaten dute ez dagoela inor bere haurtzaroko etapa gogoratzean negarra egiten ez duenik. Aitor oinarrizko hezkuntzarik gabe utzi zuten, eta bera bezala beste asko. Zortea izan zuen aitak ofizio bat erakutsi ziolako, baina bestela ea zer egiten duzun.

Aurrera egiten jakin duzu.

Otaegi: Ez dago ezberdintasun jakin bat esateko besteengandik ezberdinak garela. Ez gara ezberdinak, baina ezaugarri batzuk ditugu, guztiek dituzten bezala.

Lazkano: Aitorrekin kalean topo egiten duzu eta berak ez badizu esaten dislexikoa dela, zu ez zara konturatzen. Agian ikusiko bazenu nola idazten duen, esango zenuke akats asko egiten dituela. Horrelakoetan ematen du alfabetatu gabe egon daitezkeela, baina finean da ez dakizulako zer duen.

Otaegi: Ikasketaren eta jakintzaren artean badago aldea. Nik ikasi bizitzan zehar egin dut, esperientziak erakutsi dit, ez dut ikastetxean egin.

Gauza onak baditu?

Lazkano: Enpatia adibidez, gure txikia oso enpatikoa da; erresilientzia gaitasuna ere bai, badakite kostatzen zaiela eta izugarri saiatzen dira. Ekintzaileak ere badira. Eta ezagutu ditugu unibertsitate ikasketak burutu dituzten ikasle dislexikoak. Jende ospetsu dezente dago dislexikoa dena eta gauza zoragarriak asmatu edo ekiteko gaitasuna duena, Einstein tartean. Beraz, posible da.

Erlazionatuak

Soinuak eta hizkiak lotzeko komeriak

Irati Saizar Artola 2022 mar 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!