ERREPORTAJEA

Biziminaren orbainari, ukendua

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 13a, 07:57
2015eko irailean, Tolosan egin zuten Bizipoza Jaia ekitaldiko irudi bat. A. IMAZ

Otsailaren 15ean ospatuko da Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna. Aspanogi elkarteak 25 urte inguru daramatza minbizia duten Gipuzkoako haurrei eta bere gurasoei laguntzen; batez ere, familien egunerokotasuna arintzea du helburu, askotariko zerbitzuak eskainiz.

Urtero, haur minbiziaren 25 kasu berri atzematen dituzte Gipuzkoan. Horietatik %80ak gaitzari aurre egitea lortzen du; %20ak, ordea, ez. Osasungintzan dagoen behar handienetako baten aurrean, hutsune bat bete eta babes handia emateko helburuarekin sortu zen Aspanogi, Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea. Ospitaleko eremuan zein ospitaletik kanpo, minbizia duten adingabekoei eta bere familiei arreta osoa eskaintzea du helburu, eta Bizipoza elkarteko kide da, Euskal Herriko beste 35 elkarterekin batera.

1996an sortu bazen ere, 1998an jarri zen martxan elkartea, hogei familia ingururen egoera kudeatzen zuten lau gurasoren bultzadari esker. «Bakarrik sentitzen ziren, eta ikusi zuten elkartzeak laguntza handia ematen ziela, ospitaleetan topatzen zituzten gabeziei irtenbide edo erantzun bat aurkitu ahal zietela eta ospitaletik kanpo aurkitzen zituzten oztopoei aurre egin ahal zietela. Esperientziak eta sentimenduak elkarbanatu eta trukatzeak zentzua ematen zion egiten ari ziren lanari», azaldu du elkarteak.

Batez ere, minbizia duten haurren gurasoen egunerokotasuna errazten lagundu nahi du elkarteak. «Arazo horiei norberak eta bakarrik aurre egitea zaila eta nekeza da. Egoera larri horren aurrean familiak bakarrik ez sentitzea da gure egitekoa, gurasoen buruhauste bakarra bere seme-alaben irribarrea izan dadin», adierazi dute elkartetik.

Bisitak, zerbitzuak eta festa erraldoia

Aspanogiko kideentzat «garrantzitsua» da haur minbizidunaren ospitaleko egonaldia hobetzen laguntzea, «ahalik eta arinena» izan dadin. «Haur askorentzat ez dira momentu onak izaten. Lagunekin egoteko aukerarik ez izateak, asperdura eragiten die askotan». Horretarako, zenbait zerbitzu eskaintzen ditu elkarteak; tartean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bisita bereziak. «Helduentzat hain delikatua den gai bat oso erraz transmititzen diete haurrei», nabarmendu dute elkarteko ordezkariek.

Gainera, bai minbizia duten haurrei, baita bere gurasoei ere, harrera psikologikoa eskaintzen die egunero elkarteak, ospitalean bertan nahiz ospitaletik kanpo. Gainera, gizarte laguntza ere eskaintzen die: informazioa, aholkularitza zerbitzua eta baliabideen kudeaketa. Ikastetxeetan ere gaiaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditu, dibulgaziorako eta gizarteak duen estigmatizazio hori alde batera uzteko. Azkenik, ospitalean nahiz ospitaletik kanpo, aisialdiko eta denbora libreko ekintzak antolatzen ditu.

Bestetik, urtetan zehar, aurrera eramaten ditu zenbait elkartasun ekintza. Hain justu, otsailaren 15ean ospatuko da Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira, IX. Ipar Martxa antolatu du Aspanogik, Donostian. Gaur izango da, 11:00etan, eta 800 lagunen parte hartzea aurreikusten dute. «Lasterketa baino gehiago, festa erraldoi bat da. Komunitatea indartu nahi dugu, familiak berriro elkartuz». Saguestik abiatuko da, Haizearen Orrazira arte, eta interesa duenak Herrikrosa.eus webgunean eman dezake izena, bost euroko laguntzaren truke.

Egokitzeko beharra

Hastapenetan, familiak babestea zen Aspanogiren helburua, eta oraindik nahi hori mantentzen badu ere, azken urteetan, alor ezberdinetan errotzen joan den elkartea bihurtu da. Haur minbiziaren errealitatea ezagutzera eman eta gaixotasunaren inguruan dagoen tabuari aurre egiteko, Aspanogik garrantzia handia ematen dio informazioa partekatzeari. Besteak beste, gaia gizarteratzea eta naturaltasunez lantzea nahi dute. «Horrelako egoeren aurrean ez dakigu nola jokatu behar den; ez-jakintasuna handia da. Minbiziak, oraindik ere, tabu izaten jarraitzen du; askorentzat hitz debekatua da. Entzun nahi ez badugu ere, oso presente dago gizartean, eta haurrak tartean direnean, barrenak mugitzen zaizkigu».

Aldi berean, zenbait gurasok kezka handia dute osasun sistemaren eta azpiegituren inguruan: «Beti proposatzen ditugu hobekuntzak ospitalean. Egun dauden onkologia unitateak berritzea nahi dugu, baita familia bakoitzaren egoerara egokitzea ere».

13. Aspanogiko kideak eskualdean

 

Gaur egun, 220 familia baino gehiagok osatzen dute Aspanogi. Tolosaldean, 13 familia dira elkarteko kide: Tolosan lau, Amasa-Villabonan hiru, Asteasun bi eta Alegian, Elduainen, Ibarran eta Zizurkilen bana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!