ELKARRIZKETA

«Ustekabean, gure bizitzek zuten zentzua galdu zuten»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 13a, 07:59

Figerido-Luqui familiako senideak, Tolosako Arkaute parkean. J. A.

Figerido-Luqui familiako senide zaharrena da Xabier. Bi urte besterik ez zituela, errabdomiosarkoma muskulu ildaskatuko tumorea atzeman zioten hanka batean, eta egoerak okerrera egin ondoren, bizirik irteteko %25eko aukera zuen; orain, aldiz, pilota saioak ditu begiz jota. Ander Figeridok eta Raquel Luquik haur minbizidun baten guraso izateaz hitz egin dute.

2017ko apirilaren 27an izan zen; astebetera hiru urte beteko zituen Xabierrek. Ebakuntzaren eta tratamenduaren ondorioz, hanka bat bestea baino apur bat motzagoa du orain. Gurasoentzat, ordea, hori izan da ondorio guztien artean arinenetako bat.

Nola jakin zenuten zuen haurrak minbizia zuela?

Ander Figerido: Erosketa batzuk egitera joan ginen kalera. Bat-batean, Xabier herrenka hasi zela nabaritu genuen. Etxera itzultzean, kozkor bat nabaritu genion hankan, eta hori ikusita, anbulatoriora eramatea erabaki genuen.

Raquel Luqui: Berehala bidali zuten Donostiara, bertan proba gehiago egiteko. Aurpegi arraroak ikusten genizkien medikuei; gainera, inork ez zuen azalpenik ematen. Guk bagenekien ikusi edo jakin nahi ez genuen zerbait zela, eta beraz, beldur ginen. Galderak egin arren, ez zuten gaia mahai gainera ekarri nahi.

Kolpe bat soilik izan zitekeela pentsatzera heldu zineten?

Figerido: Bai, baina biok erizainak izanda, nahikoa informazio dugu horrelako kozkorrak zergatik izan ditzaketen jakiteko. Hala ere, beti pentsatzen duzu beste zerbait izan daitekeela; gainera, kozkorra nabaritu genion egunaren bezperan kolpe bat hartu zuen hankan, eta horren ondorioa edo hematomaren bat izan zitekeela pentsatu genuen. Ospitalean, baina, aurpegi haiek ikustean, entzun nahi ez duzun hori izango dela irudikatzen duzu.

Ander Figerido: «Lur jota geunden, pronostikoa oso txarra zelako, semea galtzeko arriskua oso handia zelako» 

Zer sentitu zenuten horren berri izatean?

Figerido: Hurrengo egunean, erresonantzia egin zioten, eta bertan argi ikusten zen tumore bat zuela hankan. Mundua gainera jausi zitzaigun. Ustekabean, gure bizitzek zuten zentzua galdu zuten, eta amildegi batetik eroriko bagina bezala geunden. Aurrerago, gainera, proba gehiago egitean, biriketan metastasia atzeman zioten. Egunetik egunera gauzak okertzen zihoazen, eta beldurra ere handiagoa zen. Lur jota geunden, pronostikoa oso txarra zelako, semea galtzeko arriskua oso handia zelako.

Luqui: Profesionalek esaten zigutenaren arabera, haurren kasuan, sendatzeko probabilitatea helduena baino dezente handiagoa izaten da, tratamenduak eta haurraren erreakzioak desberdinak direlako. Minbizia, ordea, minbizia da, gaixoa haurra edo heldua izan, eta beti lotzen da heriotzarekin.

Eta nola eraman du haurrak kasua?

Luqui: Xabierrek ia hiru urte besterik ez zituen eta oso txikia zen oraindik. Fisikoki, prozesu zaila izan da, kimioterapiak albo-kalte batzuk eragin dizkiolako. Baina psikologikoki bera ez zen kontziente zer gertatzen zitzaion; prozesua ez zuen larritasunarekin erlazionatzen. Hortaz, ondo eraman zuen; berarentzat jolas bat balitz bezala uler zezan saiatzen ginen, eta horretarako panpina bat erabiltzen genuen, kontsultetan zer egingo zioten azaltzeko. Azkenean, ospitalea bere bigarren etxea bihurtu zen.

Erantzuteko gai ez zineten galderak entzutea egokitu zaizue?

Figerido: Bai. Ez da batere erraza hiru urteko haur bati ilea zergatik erortzen zaion edo ahoan zauriak zergatik dituen azaltzea. Hala ere, jolasaren bitartez, errazagoa izan da prozesua; ahalik eta modu naturalenean saiatu gara egoerari aurre egiten. Askotan, gainera, haurraren galderak baino, kalean topatutako herritar ezezagunek egindako galderak izaten dira erantzuteko zailenak.

Rakel Luqui: «Minbizia, minbizia da, gaixoa haurra edo heldua izan, eta beti lotzen da heriotzarekin»

Zein da Xabierren egungo egoera?

Figerido: 2018ko ekainean amaitu zuen tratamendua; gerora, azterketa desberdinak egin dizkiote. Ondo bidean, 2023ko ekainean emango diote alta.

Luqui: Tratamendua amaitu zuenean, oso ahul zegoen. Lehen hilabeteetan, gainera, arriskuak ekiditeko, ezinezkoa zuen zenbait gauza egin edo leku jakin batzuk bisitatzea. Ondorioz, luzea izan da normaltasunera itzultzeko egin behar izan duen bidea.

Inoiz bizi nahiko ez zenuten errealitate bat ezagutu behar izan duzue, ezta?

Figerido: Erizainak izanik, mundu hori ondo ezagutzen genuen lehendik. Hala ere, alde bat bakarrik ezagutzen genuen.

Luqui: Guztiok dakigu haur onkologia existitzen dela, baina gertu pairatu arte ez gara benetan duen dimentsioaz eta garrantziaz jabetzen. Uste duguna baino kasu gehiago daude, baita pentsatzen ditugunak baino zailtasun gehiago ere.

Eta guzti honetan nola lagundu dizue Aspanogik?

Figerido: Lehen aipatutako eroriko hori ez zuen ekidin, baina leuntzen lagundu du. Horrez gain, familia erraldoia osatu dugu elkarteko kideek.

Luqui: Egun batetik bestera, zulo beltz batean sartzen zara, eta kezkak areagotzen hasten dira: lana, haurren zaintza... Hori dela eta, ezinbestekoa izan zen Aspanogik eskainitako gizarte hezitzailearen figura.

Zer ari zarete ikasten urte hauetan?

Luqui: Topiko samarra den arren, gertatutakoak bizitzen irakatsi digu.

Figerido: Zorigaiztoko ezbehar bat bizitzea egokitu zaigu, eta zoritxarrez, horietatik ikasten da gehien.

Erlazionatuak

Biziminaren orbainari, ukendua

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 ots 13 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!