Elkarrizketa

«Arraunlariek disfrutatzea da batez ere nire lana»

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 30a, 07:58

Eskarmentua du Ramon Erostarbek (Pasai San Pedro, 1966) arraunean. Arraunlari moduan hasi zen, eta gero patroi bezala jarraitu zuen. San Pedro, Donostia Arraun Lagunak, Ilunbe eta Zumaian aritu zen. San Pedron 1988tik 1996ra egon zen, klubaren garai onenetakoan, bigarren patroi moduan, eta hainbat bandera irabazi zituzten, tartean Kontxako Banderak.

Entrenatzaile bezala orain zortzi urte inguru hasi zen. Zumaian aritu zen, eta gero San Pedroko bigarren taldean, Kalparra traineruarekin. Aurreko urtean, bigarren estropadatik hasita, Tolosaldea traineruan aritu zen bigarren entrenatzaile bezala, Patxi Francesek deituta. Denboraldiaren amaieran, Frances Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzaile izateko fitxatu zuten, eta Erostarbe bihurtu zen eskualdeko ontziaren lehen entrenatzailea.

Nola hartu zenuen entrenatzaile izateko gonbita?

Sabino Alijostesen [TAK klubeko lehendakaria] deia jaso nuen, neskek ni entrenatzailea izatea nahi zutela esanez eta baiezkoa eman nuen. Eta hemen nago, pozik eta gogoz.

Tolosaldea traineruaren aurretik, ez dituzu emakumezkoak entrenatu. Alderik badago gizonezkoen eta emakumezkoen artean?

Neskak eta mutilak oso ezberdinak dira. Ni udan hasi nintzenean, lehenengo estropadara joan nintzenean, arraunlariak batak besteari trentzak egiten eta hitz egiten ikusi nituen. Eta, harritu egin nintzen eta pentsatu nuen, zer ezberdinak diren; oso giro ona ikusi nuen, benetan polita, eta primeran pasa nuen. Arrauna egiterakoan ez dago alderik, baina neskak oso saiatuak dira. Zerbait esanez gero egiten dute; eta mutilak oso ezberdinak dira, gehiago kexatzen dira, eta zerbait eskatzerakoan agian ez dakitela esaten dizute.

Nola bizitu zenuen aurreko denboraldia?

Bikaina izan zen. Estropada guztietan arraunlariek dena ematen zuten. Ligan hamar bat bandera irabazi genituen, eta igoera fasean ere bikain aritu ziren, eta Kontxan ere bai. Presio handia zuten igoera lortzeko, eta aurreko urtean gertatutakoa oso presente zuten; oso lan gogorra izan zuten, baina ondo atera zen.

Zer aldatu da bigarren entrenatzaile izatetik lehen entrenatzaile izatera?

Nire aldetik gauza handirik ez; aurreko udan zodiakean nengoen eta aurten ere hor nago. Patxirekin hitz egiten nuen estropaden aurretik eta neskekin ere bai, eta niretzat ez da aldaketarik izan.

Bigarren entrenatzailerik izango duzu?

Ez, oraingoz ez. Zodiakean, Manex Balerdi etorriko da nirekin.

Prestaketa aldetik zerbait aldatu duzu?

Gauza batzuk aldatu ditugu bai. Pisuak altxatzen gehiago ari dira, entrenamenduak pixka bat luzeagoak izaten ari dira, eta uretan batez ere gogorragoak dira. Arrauna beti izan da berdina, entrenatzea eta entrenatzea. Aurrekoan eguraldi txarra egin zuen, baina saio oso ona egin zuten. Ikusten ari dira ontzia nabigatzen ari dela, ondo ari direla, eta disfrutatzen ari dira horrekin.

Ezagutzen dituzu arraunlariak. Hori abantaila da aurtengorako.

Bai, eta denak dira oso jatorrak eta horregatik erabaki dut jarraitzea traineruarekin. Niretzat garrantzitsuena hori da, neskekin ondo egotea.

Talde giroa indargunea dela diote arraunlariek.

Bai, lehen esan dudan bezala, niretzat hori da garrantzitsua, dagoen giro ona. Aurten solteago ikusten ditut, eta giroa hobea dela esango nuke.

Zer suposatzen du klubarentzat eta zuretzat Euskotren Ligan parte hartzeak?

Klubarentzat hori maximoa lortzea da. Ni bere garaian ACTn egon nintzen, ontzi barruan. Orain beste aldean nago. Nire aurtengo lana batez ere beraiek disfrutatzea da. Gazteenak izango dira, berrienak gara, eta ikusiko dugu nola joango den uda. Negua oso ondo doa, oso ondo egiten ari dira, eta hortik aurrera ikusiko da.

Nola ikusten duzu taldea?

Oso motibatuta daude eta gogoz; beraien artean galdetzen dute ea nola ibiliko diren.

Lehen estropadaren zain daude arraunlariak, guztiz sinesteko Euskotren Ligan ari direla.

Baina horren aurretik ikusten da Euskotren Ligakoak direla, entrenamenduengatik. Oso serio ari dira, bai uretan eta baita lurrean ere. Maila hau mediatikoagoa bada ere, hori ere ikusten ari dira.

Zu zeu nola zaude?

Motibatuta. Erronka neskek arraunean nola egiten duten ikustea da, eta zer emaitza lortuko dituzten. Nik beldurra-edo izan nuen patroia nintzenean San Pedron. Hor banuen presioa. Baina nik hemen ez dut presiorik. Hori seguru.

Taldean aldaketak izan dira.

Zazpi baja eta lau alta izan dira guztira. Bi arraunlari San Juanetik etorri dira, beste arraunlari bat Zumaiatik eta patroia Trintxerpetik. Ikusiko da nola eragingo duten aldaketa horiek, lehiatzen hasten garenean. Etorri direnak oso onak dira, oso ondo ari dira egiten eta oso ondo ari dira egokitzen. Eta hori da garrantzitsuena, gogoz etorri baitira. Jubeniletatik batzuk igoko dira, baina ez dakigu zenbat izango diren azkenean. Traineruan ere ari dira entrenatzen. Bateletan ariko dira lehian eta batelen denboraldia bukatzerakoan erabakiko dugu zein igoko diren trainerura.

Emaitzei dagokionez, helburu jakinen bat izango duzue taldean.

Lehenengo helburua kanporaketatik libratzea da, ez geratzea laugarren. Gero ikusiko dugu zer gertatzen den, estropadaz estropada joango gara, eta besteek huts egiten badute, gu hor egongo gara. Baina garbi dugu dena ematera aterako garela eta gero ikusiko dugu. Datorren urtean zortzi traineru izango dira Euskotren Ligan, eta ez dakigu aurten norbait jaitsiko den, baina guk garbi dugu laugarren postu horretatik kanpo geratu nahi dugula.

Eta nola ikusten dituzu Euskotren Ligako beste hiru aurkariak?

Guk momentu honetan 16 senior ditugu. Donostia Arraun Lagunakek 24 ditu, Oriok ez dakit zenbat, eta Donostiarra gure antzera dabil, baina badakigu gerora jendea fitxatuko dutela. Faboritoa, argi eta garbi, Arraun Lagunak izango da, eta gero Orio ere hor egongo da, Patxi entrenatzaile dutela. Eta hor egongo gara gu, eta ea noraino iristen garen.

Berezia da Patxi Frances aurkari bezala ikustea estropadetan?

Lehen ere aurkariak izan ginen... Bera Oriokoa eta ni San Pedrokoa. Eta Arraun Lagunakeko entrenatzailea, Juan Mari Etxabe, nire laguna da. Guztiok ezagutzen dugu elkar. Hori bai, uretan ez dago lagunik; gero elkarrekin joango gara trago bat hartzera, baina uretan arerioak izango gara.

Kontxako Bandera izango da beste hitzordu garrantzitsu bat. Zer asmo duzu estropada horretarako?

Nik hor garbi dut, irabaztera ez bagoaz, disfrutatzera joango gara eta arraunlari guztiek parte hartzea izango da irizpidea. Berdin zait bigarren edo hirugarren geratzea. Niretzat Kontxak sari bat izan behar du beraientzat. Ez zara estropada horretan egunero ateratzen. Ni arraunlaria eta patroia izan naiz, eta oso zaila zen urtero ateratzea. Arraunlari guztiek parte hartzea da asmoa. Gero, estropada iritsi ahala ikusiko dugu zer aukera ditugun. Ligak berak erakutsiko digu nola gauden, baina garrantzitsuena da, esan bezala, ahalik eta gehienek parte hartzea. Bandera handiena da Kontxa, eta nahi duguna da arraunlariek gutxienez estropada horretan behin parte hartzeko aukera izatea.

Nola ikusten duzu orokorrean emakumezkoen arrauna? Indar gehiago hartzen ari da?

Indar pila bat hartzen ari da, eta ikusten da. Orain ontzi pila bat daude. Lau gaude Euskotren Ligan, baina ETE Ligan beste hamahiru-edo daude, eta Galizian hemen baino ontzi gehiago daude.

Eta zer iritzi duzu TAK klubari buruz?

Txapela kentzeko modukoa da egiten dutena. San Pedrora entrenatzera joatea, eta horren inguruan egiten duten esfortzua izugarria da. Kluba txikia da, eta lehorrekoa. Meritu izugarria dute Euskotren Ligara iristeagatik, eta aurten gozatzera joan behar dugu. Lehenengo egunean hori esan nien arraunlariei: aurten nahi dudana da zuek disfrutatzea; entrenamenduetara joan eta ondo egin, eta gero uretan dena eman, baina disfrutatuz. Hori ikusten ari naiz. Presioa kendu behar da. Norbait bada presioa sentitu behar duena, hori ni naiz, eta nik ez dut sentitzen presiorik. Gainera, argi dut aurten ere gauzak aterako direla.

Erlazionatuak

Amestutakoa bizitzera doaz

Imanol Garcia Landa 2022 urt 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!