Erreportajea

Amestutakoa bizitzera doaz

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 30a, 07:59

Tolosaldea trainerua Euskotren Ligan ariko da aurten. Arraunlariak gogoz daude goi mailakoak direla erakusteko.

Data bat iltzatuta gelditu da urrezko hizkiekin Tolosaldea Arraun Klubean: 2021eko irailaren 19a. Tolosaldea trainerua Euskotren Ligara igo zen, emakumezkoen arraunaren goreneko mailara. «Ahaztuko ez zaigun data da», esan du Malen Oiarzabal arraunlariak. Igoera fasea asteburuan zehar jokatzen zen, bi estropadetara. Larunbatekoan, irailaren 18koan, irabazi egin zuten baina bigarren egunean erremateak iritsi behar zuen. «Konfiantzaz baina guztiz fidatu gabe joan ginen», esan du Malen Oiarzabalek. Igoera iritsi zen, bigarren egunean ere irabazita, eta ondoren etorri zen eskualdeko ordezkariek egindako harrera Tolosako udaletxean eta Plaza Zaharrean.

Uxue Zuriarrain arraunlariak ere biziki gogoan du asteburu hura: «Uste dut aurreko urtean baino urduritasun gehiagorekin joan ginela. Aurreko urtean pauso bat eman genuen behintzat igoera borrokatzeko, baina espero ez genituen gauza asko pasa ziren eta arantzatxo hori geratu zitzaigun. Baina oraingo honetan, larunbateko estropadan markatu genuen aldea, hainbestekoa izango zela espero gabe, eta guretzako oso berezia izan zen».



Denboraldi guztiko emozioak elkartu zitzaizkien ongietorrian. Trainerua atera zuten lehenengo urtean ere egin zieten harrera, Kontxako Banderarako sailkatu zirenean. «Lehenengo aldia zen arraun taldea udaletxera igotzen zela. Emozio handikoa izan zen, baina aurreko denboraldiaren bukaerakoa, oraindik eta handiagoa izan zen», esan du Malen Oiarzabalek. «Pandemia guztia eta gero, etxean entrenatu eta gero, denboraldiari amaiera bikaina emateko unea izan zen. Eskualdeko 28 herrietako ordezkarien aurrean erakutsi ahal izan genuen lortutakoa, eta egia esan goxotasun hori behar genuen eta eskertu genuen».

Bi harrera horietan izan zen Itsaso Aranburu arraunlaria. Lehenengoan behe aldean zegoen, burutik pasa ere egin gabe hurrengoan goran izango zela: «Lehenengo hartan pentsatu nuen neska horiek meritua zutela. Eta bigarrengoa gogoratzea oso berezia izan da. Gozatzeko eta sinesteko momentua izan zen. Hainbeste bandera ikustea... Bakoitzak bandera bat eskuan izatea ikaragarria izan zen, eta hori bezainbestekoa jendearen babesa jasotzea».

«Ia denok maila beretik hasi gara arraunean, eta uste dut talde bezala denok oso lotuta gaudela»

Aitor Oiarzabal TAK klubeko zuzendaritzako kidea da, eta traineruaren ordezkaria izateaz gain, traineruaren garraioaz arduratzen da eta intendentzia lanak egitea ere egokitzen zaio. Klubarentzat ontzia Euskotren Ligan egotea «pauso ikaragarria» dela dio. Azken bi denboraldietan erakutsitako maila goraipatu du, eta 2020an igoera lortzeko gai zirela ekarri du gogora: «Ez ziren, baina, baldintzarik onenak izan estropada egiteko. Marea jaisten ari zen eta sekulako indarra zuen. Estatxa ezin izan zuten hartu, ezta lehian ari zen beste ontzi batek ere. Hor joan ziren aukerak. Aurreko denboraldian, 2021ean, baldintzak hobeak ziren, eta kolpe handiena lehen egunean eman zuten. Hor demostratu zuten maila handia zutela eta edozeini irabazteko aukera dutela». Bide horretatik, baikorra da aurtengoan arraunlariek egin dezaketenarekin: «Donostia Arraun Lagunak despistatzen bada, banderaren bat lortzeko gai izango gara. Besteak ere indartsu daude, baina estropada batean gauza asko gertatu daitezke. Bandera bat irabazi edo oso gertu egongo gara hori lortzetik».

Lehiarako gogoz

Iazko denboraldia aparta izan zen. Bigarren urtez jarraian irabazi zuten ETE Liga eta bederatzi bandera lortu zituzten. Kontxako Banderan laugarren egin zuten, eta igoerarekin biribildu zuten. Euskotren Ligan aritzea amets bat betetzea dela dio Zuriarrainek: «Traineruan aritu aurretik bateletan aritu ginen; bateletan zabiltzanean goiko horiei begiratzen diezu, eta arrauna gustatzen zaionak Euskotren Ligan lehiatzearekin egiten du amets, eta amets hori lortu dugu. Goiko ligakoak izan dira gure idoloak edo gure gainetik ikusi ditugunak, eta orain hor gaudela esatea...». Beti bezala entrenatzen jarraitzen dutela gaineratu du eta oraindik ez direla kontziente noraino iritsi diren. Bide beretik, ligako lehen estropadan estatxari eutsi arte ez dutela sinistuko non dauden esan du Malen Oiarzabalek.

Igoera lortu eta gero, arraunlari bakoitza bere «aje emozional» horretatik pasa ondoren, Aranburuk dio pixkana jabetzen ari direla noraino iritsi diren. «Ohore bat da, eta exijentzia puntu bat gehiago izango du. Baina momentu hori iritsi arte, hor egongo gara, gogotsu, urduri eta prestatzen». Naroa Leonet arraunlariak ere antzeko iritzia du: «Irailean igoera lortu genuenean ez genuen sinesten. Beste traineruak ondoan ikusten ditugu entrenatzen, eta horiekin lehiatuko garela esaten dugu, baina lehen estropada iritsi arte, hortxe egongo gara sinistu ezinik».



Hainbat baja izan dituzte aurtengorako, eta beste klub batzuetatik lau arraunlari etorri dira. Traineruaren helburua beti bizkarrezurra mantentzea izaten dela azaldu dute, eta hori lortu dutela diote. «Bakoitzak bere bidea hartzen du eta onargarria da. Geratzen garenak gogoarekin geratzen garen bitartean, nik uste dut aurrera egingo dugula», zehaztu du Malen Oiarzabalek. Jubenil mailakoak kontuan izateari garrantzia ematen dio Aitor Oiarzabalek: «Ateak irekita egon behar dira jubenil mailakoak igotzeko. Gainera, tostek ez dute izenik, irabazi egin behar da postua. Horrek behetik datozenei motibazioa ematen die arraunean jarraitzeko, traineruan sartzeko aukera ikusten dutelako».

Aurtengorako helburuei buruz galdetzean, gozatzea dela azaldu dute. «Euskotren Ligan egotea saria da, horrelako talde gazte batekin eta etxeko traineruarekin», esan du Malen Oiarzabalek. Lau traineruk parte hartzen dute ligan eta aurtengoan aldaketarik ez bada, laugarrena geratzen denak ligara igo nahi duten traineruen aurka kanporaketa jokatuko du. Arraunlariek garbi dute badaezpada ez dutela laugarren postu horretan geratu nahi. «Noizean behin batzuei estu hartzen saiatuko gara eta muturra erakusten ere bai», esan du Malen Oiarzabalek. «Amestu daiteke banderaren bat irabaztearekin, zaila izango bada ere. Guk estropada bakoitza ahalik eta ondoen egiteko borrokatuko dugu, eta emaitzak etorriko dira. Baina garbi dugu batez ere gozatzera joango garela».

«Guk borrokatu dugu hemen egoteko, guk borrokatu dugu traineru hori uretara ateratzeko eta borrokatzeko gogo hori ez dugu inoiz galdu»

Aranburuk gaineratu duenez, denborak erakutsiko die beraien postua zein izango den. «Aukeratzeko asko ere ez daude, lau baitira. Baina laugarrena ez dugu nahi eta hirugarrengoarekin ere ez dut uste konformatuko garenik. Gure taldea ez da konformista». Bere aldetik, Zuriarrainek dio denboraldiko lehen helburua urduritasunak maneiatzea izango dela: «Gu ETE Ligatik goaz, eta ez gara maila gorenean aritu. Hasiera batean saiatuko gara ikusten non kokatzen garen, eta gero hasiko gara onartzen non gauden eta borroka batean sartzen». Arraunlariek Donostia Arraun Lagunak ikusten dute faborito nagusi, aurreko denboraldian liga eta Kontxa irabazi zituelako eta taldeko kide gehienak mantendu dituelako. Beste ontzietan aldaketak izan dira, baina Orio ibiliko dela ikusten dute, baita Donostiarra ere, eta Tolosaldea ere hor izango dela.

Emaitzei dagokionez, klubetik argi dute. «Guk ez dugu eskatzen irabazi egin behar dela; eskatzen dieguna lehiatzea da, eta lehia horretan disfrutatzea. Ezin dira presionatu, ez dira profesionalak. Ezin zaie exijitu, eta, gainera, beraiek dira beraien buruari exijitzen diotenak. Gero emaitzak etorriko dira», esan du Aitor Oiarzabalek. «Hori bai, nik argi dut ez direla laugarren geratuko. Oso borrokalariak eta lehiakorrak dira. Noski, ez da erraza izango, baina gai dira hori lortzeko. Disfrutatu dezatela da gakoa».

Taldearen indargunea zein den argi dute. «Inguruko herrietakoak gara, eta gehienak kategoria txikietatik elkarrekin gaude», esan du Zuriarrainek. «Amets berarengandik ari gara borrokatzen. Ia denok maila beretik hasi gara arraunean, eta uste dut talde bezala denok oso lotuta gaudela, sekulako lotura dugu elkarrekin. Harreman hori berezia da eta edozer emango genuke denok batera amets hori lortzeagatik». Malen Oiarzabalek bat egiten du, taldea bera dela indargunea esanez: «Denok gatoz bateletatik, guk borrokatu dugu hemen egoteko, guk borrokatu dugu traineru hori uretara ateratzeko eta borrokatzeko gogo hori ez dugu inoiz galdu. Nahiz eta erori, denok batera altxatu gara eta uste dut hor dagoela taldea eta gogoa».

Datorren denboraldian Euskotren Ligan zortzi talde izango dira. Eman behar zen pausoa dela esan dute arraunlariek. «Urte asko goaz emakumeen arrauna bultzatzen», esan du Malen Oiarzabalek. «Lortu zen ETE liga sortzea, eta gero zortzi traineru sartzea Kontxan, eta urte askoren ondoren beharrezkoa zen Euskotren Ligan zortzi traineru egotea. ETE Ligan urte askotan erakutsi dugu, eta hor sartzen gara gu, goran traineru gehiago egoteko maila dagoelako». Aurrera egiten ari den kirola dela gaineratu du Aranburuk: «Orain hamar-hamabost urte inork ez zuen esango hainbeste klub izango zirenik emakumeen arrauna bultzatzen. Gero eta talde gehiago orduan eta erreferente gehiago sortzen dira eta normalizaziorantz pauso bat gehiago da».



Zortzi traineruko liga bat izatea egokiago ikusten du Aitor Oiarzabalek: «Lauko liga batean ezin da akatsik egin, bestela aukera asko galtzen dituzu. Zortziko liga batean egun txar bat izanez gero, aukera gehiago daude galdutako aldea berreskuratzeko. Beste lehiakortasun bat egongo litzateke». Euskotren Ligan TAK klubak ez du botorik, mutilen gorengo mailan trainerua duten klubek bakarrik baitute boto eskubidea.

Lehen proba, Orioko jaitsiera

Udaren hasieran, ekaina bukaeran edo uztailaren hasieran, ligaren hasiera izango dute. Aurretik, hiru jaitsieretan parte hartuko dute. Lehenengoa, Oriokoa, otsailaren 19an izango da, eta gero martxoan izango dituzte Hondarribikoa eta San Pedrokoa.

Orioko jaitsiera beti estropada gogorra izaten dela diote. «Gure maila ikusteko aukera izango da, besteak ikusteko eta ideia bat egiteko», esan du Malen Oiarzabalek. «Lehen kontaktua egiteko balioko du eta neguko entrenamenduei bizitasun pixka bat emateko. Bestela pixka bat monotonoa bihurtzen da». Entrenamenduetan gustura ari direla gaineratu du Aranburuk: «Ikusten goaz aurrera goazela, eta Orioko jaitsiera gure funtzionamendua nola doan ikusteko une bat izango da. Baina kanpotik bai begiratuko digutela luparekin. Ea zeintzuk joan garen, ea zer egiten dugun, eta ea Tolosaldeko neska hauek merezi duten hemen egotea». Traineru bakoitzak bere prestaketa izaten duela azaldu du Zuriarrainek: «Jaitsieretan gertatzen denarekin ideia bat egiten duzu, baina gero horrek askotan ez du balio udarako. Jaitsierak oso goiz izaten dira, eta gero udara begira prestaketa asko aldatzen da».

Denboraldi honetako lehen entrenatzailea Ramon Erostarbe da, aurrekoan bigarren entrenatzailea izan zena. «Ezagutzen genuen eta horrek lagundu digu», esan du Malen Oiarzabalek. «Aldaketa beti izaten da entrenatzailea aldatzen denean, baina nik uste dut taldea oso gustura dagoela. Lasai gaude, eta berak gugan eta guk berarengan konfiantza dugu».

Azaroaren erdialdean hasi ziren entrenamenduekin, eta urtarriletik hasita ia egunero ari dira entrenatzen. San Pedroko azpiegiturak erabiltzen dituzte, eta asteburuan joaten dira uretan entrenatzera Pasaiako Badiara. Orain astean zehar egun bat egiten dute uretan, eta beste hiruretan Tolosan aritzen dira lan fisikoa egiten. Denboraldi bukaerako entrenamenduak eta oraingoak ezberdinak direla dio Aranburuk. «Orain herdoil guztia askatzen ari gara. Sentsazioak onak dira, baina udakoekin alderatuta ezberdinak dira, helburuak ere ezberdinak direlako. Tenperatura ere ezberdina da». Entrenamendu gogorrenak orain direla gaineratu du Zuriarrainek: «Gero tenperaturak igotzen hasten direnean, uretan gustura ibiltzen gara. Orain urak pixka bat ukitzen zaitu eta ia izoztu egiten zara».

Arraunlariek duten meritua nabarmendu du Aitor Oiarzabalek: «Kontxari garrantzia ematen zaio, baina arraunlariak urte guztian aritzen dira entrenatzen, eta gero uda guztian egiten dituzte estropadak. Jendeari eskatuko nioke estropada guztietan babesa emateko. Egiten duten lanagatik merezi dute zaleen babesa izatea». Goi mailan aritzeak beste ikusgarritasun bat emango dio Tolosaldea traineruari, eta dagoeneko lortu dutena nabarmentzeko balioko du.


Batelak etxean arraun egin ezinik

Oria ibaiko presa ez dago martxan, eta horren eragina da ezin dela egin arraun ibaian. Dirudienez azken uholdeetan ura sartu zen azpiegitura elektrikoa dagoen lekuan, eta izorratuta dago. TAK klubetik ez dakite noiz jarriko den abian berriro. «Alemaniatik ingeniari bat etortzekoa dela esan digute, baina dirudienez oraindik ez da iritsi», esan du Aitor Oiarzabalek.

Oria ibaian batelek entrenatzen dute, eta klubak ere batel denboraldiko estropada bat bertan antolatzen du. Dagoeneko hasi dira bateletako ligak, infantil, kadete eta jubenil mailan, baina TAKekoek ezin dute etxeko eremuan entrenatu. «Entrenatzeko ura behar da, eta Trintxerpera joatea erabaki da», esan du Oiarzabalek. «Baina horrek gastu gehigarria eta denbora gehiago eskatzen ditu. Autobusak jarri behar dira arraunlariak eramateko, eta jendea erremolkeak eramateko».

Hamar batel baino gehiago daude, hiru mailak kontuan hartuta. Trintxerpera hiru egunez joaten dira eta klubarentzat buruhauste handia dela dio Oiarzabalek. Hasiera honetan eusten ari direla gaineratu du, baina egoera luzatzen bada, arraunlariak eta klubeko jendea erre daitezkeela esan du. «Gazteentzako lehentasuna beraien ikasketak dira, eta arrauna bigarren maila batean dago. Egoera luzatzen bada motibazioa galdu dezakete, eta horrek kezkatzen gaitu».

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!