Ataria Bertso Jaialdia 2022

«Oso giro berezia egoten da kanturako ere»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 21a, 07:58

Oihana Iguaranek beteko du eskualdeko bertsolarien ordezkaritza, Leidorreko oholtzan, Ataria Bertso Jaialdian.

Ataria Bertso Jaialdian ariko zara, eta dagoeneko ezagutzen duzun oholtza da. Nola zatoz?

Eskualdeko bertsozale guztientzat oso zita berezia eta inportantea bihurtu da. Eskualdeko bertso eguna Ataria-ko bertso saioa izan ohi dela komentatu izan dugu. Duen garrantzia eta ilusio guztiarekin noa. Eskualde osoko bertsozaleak eta ingurukoak biltzen ditu eta gu ilusio handiz joaten gara. Oso giro berezia egoten da kanturako ere, eta saioa ere oso mimatua izaten da.

Ia bi urte da osasun egoerak kultura kolpatu duela, bertsolari eta sortzaile moduan nola bizi duzu?

Gizarteko beste eremu askotan bezala olatuka. Momentu oso zailak daude, dena geldi eta triste daudenak. Gero beste momentu batzuetan zirrikitua irekitzen da, eta saiatzen gara antolatzen. Gero berriz ere arau murriztaileak eta horren arabera bertan behera. Hasierako irekieraren ostean berreskuratzeko ilusioa geneukan, eta berriz ere zita mordo bat borratu beharra tokatu zaigu. Pandemia osoa gizartean doan bezala gorabeheratsu, eta sortzaile bezala horrek dakarren gorabehera eta arazo guztiarekin.

Feminismoaren bidetik berriz, lan handia ari zarete egiten bertsolaritzan, baina zein da egoera?

Lanketa horren oihartzunak esparru askotan ari direla sumatzen esango nuke. Uste dut bide honetan bertsolariak ez ezik entzuleak, espazioak, antolatzaileen ikuspegia, gaiak,... gauza asko dira. Noski gai jartzaile eta gai sortzaileekin egin dugu bide hori eta oraindik asko falta zaigun arren, aldaketa sumatzen dela esango nuke. Orain dela hamar urteko bideo bat ikusten dugu eta harritu egiten gara zer gauza kantatzen ziren edo nola kantatzen zitzaien bertso kide emakumeei, eta uste dut orain horrelako kasuak gertatzen badira ere, ez direla hain ongi etorriak. Ikuspegi bat garatu eta zabaldu da bertsozaletik hasita, eta zenbait gauza ez txalotzen hasi garela uste dut. Gai esparru zabal bat ireki zaigu, deskubritzen ari garen gaitegi eta kantaera, eta diskurtso mota berri bat; oso-oso lur interesgarria dugu. Feminismoak zehar lerroa aldarrikatzen duenez eta zeharkatzen dituenez beste zapalkuntza asko, uste dut horietan ere lan handia daukagula.

Tokiko euskarazko komunikabideak antolatu du saioa. Nola ikusten dituzu tokiko komunikabideak?

Zaurgarriak izan dira beti. Herriaren babesari oso lotuta daude eta tokikoak diren heinean gertutasun hori da gako. Ataria-k badu erreferentzialtasun bat eta egindako lan horretan nahiko zabal lantzen asmatu du gertutasun hori. Pandemia egoera honetan ere uste dut tokikoek izugarrizko garrantzia izan dutela. Tokiko informazioa behar genuen, eta uste dut erreferentzialtasun horretan jendeak eskatu diola, baina tokiko hedabide asko oso prest harrapatu ditu. Urteetan egindako lan isil horri esker gai izan dira erantzuteko, eta zerbitzuak eskaintzeko eta online material pila bat eskaintzeko. Ez dakit egindako bide horri aitortzarik iritsi zaion, baina uste dut baliabide indartsuak dauzkagula eta apreziatzen asmatu beharko genukeela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!