Ataria Bertso Jaialdia 2022

Dena bete nahi eta ezin

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 21a, 07:57

Iazko Ataria Bertso Jaialdian, osasun neurriak medio, honelako argazkia utzi zuten Leidorreko besaulkiek. I. GARCIA LANDA

Iguaran, Lujanbio, Arzallus, Egaña, Ibarzabal eta Zubeldia bertsolariekin Tolosaldeko Ataria-k urtero antolatzen duen bertso jaialdia izango da, bihar, Tolosako Leidor antzokian.

Leidorreko eserleku guztiak ezin izango dira bete biharko bertso jaialdian. Bigarren urtez, osasun neurrietara egokitutako bertso jaialdia antolatu du Tolosaldeko Ataria-k. Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Iker Zubeldia bertsolariak igoko dira oholtza gainera, eta saioaren gidari lanak Amaia Agirre gai jartzaileak egingo ditu. 

Sarrera guztiak salduta daude, eta ez da leihatilan sarrerarik izango. Sei bertsolari eta gai jartzailea oholtzan. Eta parez pare 500 pertsona inguru. Saio «kuttuna» da bertsozale askorentzat Tolosaldeko Ataria-k Harituz bertsozale taldearen eta Galtzaundi euskara taldearen laguntzarekin eta Tolosako Udalaren babesarekin antolatzen duen bertso jaialdia.

Urteko lehen hitzordu garrantzitsuetako bat izan ohi da. Mimoz landua. Gai serioak eta umoretsuak. Hausnarketarako bide ematen dutenak, eta barrea eragiten dutenak. Betiko moduan pare bat orduko saioa izango da. 

Sarrerak erosita dituztenei puntualtasuna eskatzen diete antolatzaileek. Leidorrera sartzeko ateak 17:15ean zabalduko dira, eta jendeari denborarekin etortzeko eskatu nahi zaio. 18:00etan hasiko da saioa, eta puntual hasiko dela ohartarazi dute. Osasun egoerak eskatzen duen moduan, sarrera duten guztiei Leidorrera sartu ahal izateko COVID ziurtagiria eskatuko zaie, eta eskura izatea eskatzen da jendearen ilara ahalik eta azkarren pasatzeko.

Behin ateak irekita «lasaitasunez» ibiltzeko eskatzen zaie bertsozaleei; sarrerak zenbakituak direnez, bakoitza bere lekuan eseri beharko da. Eta saioak irauten duen bitartean nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea. Behin saioa amaitzean, atzeko ateetatik atera beharko da, eta txandak errespetatuz atera beharko da, pilaketak ekidinez.

Ohikoa da Bertsoa.eus-ek saio guztia grabatzea, eta aurten ere horrela izango da. Hori horrela, saiorako sarrerarik gabe geratu direnek ETB-ko Hitzetik Hortzera saioan ikusteko aukera izango dute, edota baita Ataria.eus webgunean ere.

KONTUAN HARTZEKOA

  • Ateak 17:15ean irekiko dira, eta saioa 18:00etan puntual hasiko da.
  • COVID ziurtagiria eskura izan eta aurkeztu beharko da.
  • Maskara jantzita izatea beharrezkoa da.
  • Barruan lasaitasunez ibili eta segurtasun tarteak errespetatzea eskatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!