Ataria Bertso Jaialdia 2022

«Bada ondo egindako lan baten eta sare indartsu baten seinale»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 21a, 07:59

Nerea Ibarzabal Bizkaiko bertsolari txapelduna Leidorreko oholtzan izango da bihar, Ataria Bertso Jaialdian.

Ataria Bertso Jaialdian ariko zara, eta dagoeneko ezagutzen duzun oholtza da. Nola zatoz?

Poz-pozik noa. Bigarren aldia izango da, eta Harituzetik esan didatenez edukiera ez da izango orain urte batzuk moduan, baina beti da plaza bat zirrara eragiten duena. Zabal-zabala da eta oso beroa, orduan arduratik eta gogotik ere badut hor egoteko.

Ia bi urte da osasun egoerak kultura kolpatu duela, bertsolari eta sortzaile moduan nola bizi duzu?

Denon moduan boladaka. Batzuetan baikorrago eta beste batzuetan ezkorrago, egia dena da ez dela batere erraza. Batez ere, orain negu partean, saio gehienak otorduen bueltakoak izaten ziren edo barruko saioak, eta orain oso gutxi ari dira egiten edo antolatuta zeudenak bertan behera gelditzen jarraitzen dute. Jada, momentu batzuetan frustraziorantz ere bai, zeren ematen zuen aurretik amaituko zela. Aurreko negutik errepikatzen da negua, eta ez da erraza batez ere animo aldetik, baina eskertzen da bestalde, jaialdi formatuak behintzat mantentzeko antolatzaileen konpromisoa eta ardura. Badakigu ez dela erraza. Lehen otordu zirenak edo jaialdi bihurtzen ari dira edo bestela ez da ezer egiten, horregatik eskertzen da negu honetan ere zerbait egitea bizipozari eutsi ahal izateko.

Feminismoaren bidetik berriz, lan handia ari zarete egiten bertsolaritzan, baina zein da egoera?

Gai zabala da, eta fokua non jartzen denaren arabera ondorio ezberdinak izan daitezke. Txapelketak pasa berri dira, eta Xilaban neskak finalean ondo, Nafarroan Saioa eta Bizkaian buruz burukoan biok emakumeak, baina txapelketa ez den beste esparru batzuk sortu eta indartu dira feminismoaren bidez. Gu baino helduagoak ziren emakumeek zabaldutako bidetik, gero ahalduntze bertso eskolan, Ez da kasualitatea moduko saioetan, eta mugimendu feministatik antolatu diren saio horiei esker ere uste dut indartu dela gure konfiantza eta gure arteko aliantza hor. Pasa den udazkenean ikusi da txapelketara ere iritsi dela konfiantza hori. Honekin ez dut esan nahi feminismo ikuspegi batetik txapelketa erraza denik edo justua denik. Pertsonalki, guri eusten babes handi bat zegoela sentitzen nuen, eta hori gako handi bat da zuk zure buruarengan eta zure bertsoengan sinesteko.

Tokiko euskarazko komunikabideak antolatu du saioa. Nola ikusten dituzu tokiko komunikabideak?

Iturri handi eta oso homogeneo eta indartsu batzuk bonbardatzen gaituzte uneoro, eta tokiko komunikabideek fokua gertukoan, gertuko ikuspegian eta gertuko bestelako milaka arazoetan jarri dute. Horrekin eskualde bateko konfiantza eta sinesgarritasuna irabazi dute, eta nik uste dut Ataria-k hori baduela, gainera euskaraz eta euskaratik eginda. Bestalde eskertzekoa da kulturarekin ere konpromisoa izatea, eta honelako bertso saio eder bat antolatzea bada ondo egindako lan baten eta sare indartsu baten seinale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!