Herri hezitzaileen filosofia Euskal Herriratzeko asmoz Oinherri egitasmoan elkartu dira hezkuntza, aisia eta kultura arloko hamasei eragile. Pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea dute helburu, eta horretarako, herri hezitzailearen filosofia hau barneratzen hasiak diren herriek, euren praktika onak eta esperientzia eredugarriak beste herriekin partzeko, sarea sortu dute. Gaur egun 35 herrik osatzen dute. Tartean dira eskualdeko Asteasu, Altzo, Zizurkil eta Amasa-Villabona eta sareko kide izateko bidean dira, besteak beste, Anoeta eta Ibarra.
Zizurkilgo herriak, adibidez, maiatzean onartu zuen hitzarmena sinatzea Oinherri egitasmoarekin. Iker Urruzola alkateak nabarmendu zuenez, Herribizigune elkartearen bitartez jakin zuten Oinherri egitasmoaren berri eta filosofiarekin bat zetozela ikusita erabaki zuten sarearekin bat egitea: «Uste dut sinbiosi ederra sortu dugula, herri hezitzailearen filosofiarekin eta lan egiteko moduarekin erabat egiten dugu bat».
Amasa-Villabona eremu hezitzaile moduan garatzen hasteko eta elkarlan horizontalak eraikitzeko , bertako udala Oinherrirekin elkarlana bideratzen hasi da aurten. Azaroa hasieran herriko ikastetxe, hezkuntza ez formaleko eragile eta herrigintzako elkarteekin batera bilkura egin zuten, herria bera balioen eremu hezitzaile moduan sustatzen hasteko.
2021ean, eta sareko kide diren herrien beharrak aztertu ondoren, lau lan ildo identifikatu dituzte Oinherrin. Eskola Kirola egitasmoan, nerabeen kultura eta herri espazioak haur eta nerabeen parte hartzearen bitartez nola eraldatu aztertu dute, adibidez. Uztailean Herri bat hezkuntzatik eraikitzen jardunaldiak antolatu zituzten Errenterian eta bertan parte hartu zuten sareko kide diren eskualdeko herriek ere. Hezkuntzaren ardura konpartitua izanik, feminismotik, euskalgintzatik, aisialdi hezitzailetik eta herrigintzatik egin daitezkeen, eta jada egiten ari diren ekarpenen inguruan hausnartzeko aukera izan zuten jardunaldietan. Maite Azpiazu Oinherriko koordinatzailearen ustez, kolektiboaren garrantzia agerian geratu zen bertan: «Herri honentzat hezkuntza estrategia bat eraiki nahi badugu elkarrekin izan beharko du, edo bestela ez da herri estrategia izango. Desberdinen arteko batuketa moduan soilik kudea daitekeelako aniztasuna, elkarbizikidetasunean oinarritzen den herri hezitzaile baten baitan».
Haurrak erdigunean
Herriak espazio hezitzaileak direnaren ustea dute Oinherrin bat egiten duten eragileek, eta honenbestez lan egiten dute, «herriek horren kontzientzia har dezaten, hezkuntza proiektu integral bat landu eta denen artean adosturiko balioak sustatuko dituen herri bat lortu dezaten». Asteasun, esate baterako, lanketa interesgarria egin dute azkeneko urtean eta herri hezitzailearen norabidean urratsak eman dituzte 2021ean.
Euskal Herriko testuinguruan, modu kontzientean, herri bat hezitzailea dela esateko, zazpi giltzarri edo gako zehazten ditu Oinherri egitasmoak. Jendarteko kide aktibo gisa ulertzen dituzte haurrak. «Helduon zeregin bakarra umeentzat fisikoki, emozionalki eta afektiboki seguruak izango diren espazioak sortzea eta ahalik eta esperientzia anitzenak eskaintzea da, gero, espazio horren barruan, haurrek berezkoak dituzten gaitasunak garatu ditzaten», esan dute egitasmoko arduradunek. Herriak ere izan daitezke hezkuntzarako espazio seguruak eta norabide horretan lanean ari dira eskualdeko sei herri.