Urtekaria 2021

Auzolanean aritzeko proiektuak

Ataria 2022ko urtarrilaren 3a

Otañori buruzko filma auzolanean egiteko saioa, Aiztondoko zirtotsa lanaren ondorioak eta Kilometroak auzolanean osatzeko deia.

Otañori buruzko filma auzolanean egiteko saioa

Ombuaren itzala filmak Pello Mari Otaño bertsolariaren (1857-1910) bizitza jasoko du. Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen egitasmoa da, eta auzolanean egin nahi dute filma. Bertsolari eta poetaren jaioterrian aurkeztu zuten proiektua, 2020ko urte bukaeran, eta ordutik Patxi Bisquert ekoizle eta aktorea herriz herri ari da egitasmoa aurkezten. Ekimenaren bultzatzaileek aurre-salmentan 30.000 sarrera saltzeko erronka jarri dute.

'Aiztondoko zirtotsa' lanaren ondorioak eman dituzte

Harituz bertsozaleen elkarguneko kideek sinatutako lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño beka. Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proposamena gorpuzteko urtebeteko epea izan dute eta ondorioak aurkeztu zituzten uztailean. Zirtoaren lanketak Adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko aukera ematen du Harituzeko kideen ustez, «sormena eta irudimena gure hizkuntzarekin lotzeaz batera».

'Irribarrez' hartu dute Kilometroak Ibarran

Ibarrako Uzturpe ikastolak antolatuko du 2022ko Kilometroak jaia. Irribarra izango da ekimenaren goiburua. Urrian iritsi zen Goierritik lekukoa Ibarrara eta bertan egongo da 2022ko urriaren 2ra arte. Orduan egingo dute festa nagusia Ibarran, eta horrekin batera, urtean zehar beste hainbat ekimen gauzatuko dituzte Gipuzkoan, beste ikastolekin elkarlanean.

Bien bitartean, Kilometroetako denda, Euskal Herria kalean jarri zuten urrian. Bertan izango dira eskuragai Kilometroetako arropa eta banderolak. Banderolak erosi eta etxeetako balkoietan jartzeko gonbidapena egin zuten aurkezpen ekitaldian, «Irribarraz jantzi beharko ditugulako Ibarrako kaleak».

Josu Ozaita herritarra arituko da urte osoan zehar Kilometroak jaia koordinatzen. Ikastolako arduradunek esan dutenez, 150 herritarrek eman dute izena batzorde ezberdinetan urte osoa iraungo duen ekimena prestatzeko. Aurkezpen ekitaldia, aurtengo azaroan egin zuten Belabieta kiroldegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!