Urtekaria 2021

Herrigunea berpizteko saioa

Ataria 2022ko urtarrilaren 3a

Herribizigune elkarteak lanean jarraitu du 2021ean Zizurkilgo Herrigunean. 2019an erosi zuen udalak bertan dagoen Plaza Etxeberri eraikina eta beheko solairuan eskaintzen duen ostatu-jatetxe zerbitzuaz gain, gainerako espazioei zein erabilera eman erabakitzeko parte hartze prozesua dinamizatu du elkarteak azkeneko bi urtetan.

 

Ekarpen guztiak bildu eta urte amaieran aurkeztu duten proposamena lantzeko, tokiko elikagaien eta elikagai agroekologikoen aholkularitzako nahiz heziketarako zerbitzuak garatzen dituzten Lakari eta Talaios kooperatibetako kideen eskutik formazioa jaso zuten Herribizigune elkarteko kideek urte hasieran. Besteak beste, lanaren burujabetzaz, kooperatibismoaz, tokian tokiko garapen eraldatzaileaz eta marketin komunitarioaz aritu ziren saio horietan. Martxoa hasieran biribildu zuten trebakuntza aldia.

Abendu hasieran batzar ireki batean aurkeztu zituen Herribizigune elkarteak prozesuaren ondorioak eta hartutako konpromisoen berri eman zien bertaratutako herritarrei.

Elkarguneak sortzeko ahaleginean jarraitu du Herribizigunek 2021ean. Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren hiria proposamenean oinarrituta, Herrigunean haur parke sozial bat eraiki nahi dute, Haurren basoa deitu diotena. Bide hirukoitza abiatu dute, parte hartzea sustatu eta haurrak erdigunean jartzeko: San Millan eskola, gurasoak eta udala ari dira parkea irudikatzen. Oinherri egitasmokoaren aholkularitza jaso dute bidean.

Pertsonen arteko elkarlana eta auzokidetasun sentimendua sustatzeko helburuz ekimen gehiago ere antolatu ditu Herribizigunek. Martxoaren 28an, Udaberri Eguna ospatu zuten, euskal egutegiaren araberako urte berriari ongi etorria emateko.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!