Eskualdean Orexa izan zen autokontsumorako energia berdea sortzen hasi zen lehen herria, eta hirugarren fasea amaitu dute. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuari jarraipena emanez Larraulen martxan jarri dute, eta Berrobik bide bera hartuko du.
Orexa Bizirik proiektuaren barruan azken bi urteetan energiaren inguruko lanketa egin dute. 2019 urte bukaeran herriko ostatuaren teilatuan jarri zituzten lehenengo eguzki plakak, 50 guztira. Iaz 100 plaka jarri zituzten pilotalekuko teilatuan, eta aurten Oihan Txiki kooperatibako teilatuan jarri dituzte azkeneko 80 plakak. Orotara, 130.000 euroko inbertsioa egin dute azpiegitura sortzen, eta laguntza publikoa jaso dute. Autokontsumo komunitarioan parte hartzeko herritarrei eskatu dieten baldintza bakarra euren etxebizitzetako teilatuak uztea izan da azpiegiturak bertan jartzeko.
Larraul Gipuzkoako lehen landa eremuko energia komunitatea da, Tokiko Energia Komunitatearen proiektuari esker. Sustatu duten eredua deskarbonizazioaren kontzeptuan oinarritzen da. Zero kilometroko eredu berrian, instalazioak kontsumitzailearen 500 metroko erradioan daude. Honela, kontsumitzailea ahalduntzea lortuko dute, energia berriztagarriak ekoitzi, eskuratu, kontsumitu eta biltegiratzean herritarren rol aktiboa sustatuz. 90 plaka fotovoltaiko jarri dituzte frontoiaren estalkian. 30 kw-eko eguzki energia sortuko da eta Larraulgo 50 etxetan energia berdea autokontsumo erregimenean hornitzeko moduan dira.
Berrobin ere energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzera bideratutako tokiko energia komunitatea aurkeztu dute. San Andres ikastetxe publikoaren eraikina utziko du udalak bertan eguzki plakak jartzeko eta han sortutako elektrizitatea herriko familien artean banatuko du. Eskolako teilatuan 100 eguzki plaka jarriko dituzte eta bertan sortutako energiarekin, 70 etxebizitza hornituko dituzte.
Energiaren bulego birtuala
Tolosaldeko Energia Estrategiaren barruan, kultura energetiko berri bat sortu asmoz, lanean jarraitzen du Tolosaldea Garatzen garapen agentziak. Horregatik, eskualdeko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin elkarlanean, energiari buruzko informazioa eman, eraldaketarako sentsibilizatu eta formazioa sustatzeko, Tolosaldeko Energia Bulegoa jarri du martxan. Herritarrei energia alorreko arreta pertsonalizatua emateko, bulego birtuala jarri dute martxan; argibideak emateaz gain, doako online aholkularitza eskaintzen du.