Kolore gorria, horia eta berdea. Hiru aukera horien artean ibili gara azken urtean. Batean edo bestean egon neurri murriztaileak ekarri dituzte, pasan den urte hasieran dena den, askoz murriztaileagoak izan ziren.
Eskualdean Euskal Herriko joera orokorrarekin egin dugu bat eta olatuaren gorabeherak antzekoak izan dira. Urtarrilean Tolosaldean 85 positibo atzeman zituzten eta hortik behera egin zuen positiboen kopuruak; 15, 17, 24... inguru horretan aritu ziren kopuruak otsaila bitarte. Otsailean zifra bakarreko kopurura jaitsi ginen, baina hortik aurrera berriz ere gora egin zuen. Martxoan igotzen hasi eta apirilean kopurua larritzeko modukoa zen. Hain zen egoera muturrekoa martxoan Ibarrako Udalak baheketa bat egitea eskatu ziola Osasun Sailari. Jaurlaritzak ordea, ez zuen beharrezkotzat jo. Maiatza eta ekaina lasai joan ziren, kopuruak behera egin baitzuen, baina uztaila eta abuztuan gora egiten hasi zen ere. Abuztuko goraldiak albiste zaharrak berri egin zituen eta zahar etxeetako egoera okertzen hasi zen berriz ere. Lehen positiboak atzeman zituzten eta abuztua hasieran Fraisoroko egoiliar bat hil zen ere. Udako oporraldiaren ostean barealdia iritsi zen eta pandemiari lotutako neurriak egon bazeuden ere, asko lasaitu ziren, azaroa bitarte. Azaroak seigarren olatuaren gandorra ekarri baitzuen, eta hor gabiltza oraindik ere, olatua surfeatu ezinik. Azaroaren 18rako eskualdeko herri guztiak eremu gorrian zeuden berriz ere, horrek pandemia hasi zenetik kaltetutako osasun zerbitzua zauritu zuen, berriz ere. Asuncion ospitaleak esaterako, abenduaren 14an iragarri zuen behar-beharrezkoak diren kirurjiak bakarrik egingo zituztela.
Pandemiaren garapena ikusita eta agintariek ezarritako mugak ikusita, bertan behera geratu dira azken hilabeteetan ohikoak izaten diren ekitaldi asko; 2021ean ez dira inauteriak ospatu, baina ezta udako herrietako jai gehienak ere, eta herri askotan kultur ekitaldiak antolatu dituzte jaien ordez.
Mugak
Pandemiak sortutako egoerak osasun sisteman izan du eragin zuzena eta hori dela eta hainbat neurri hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken hilabeteetan. Osasun Saila ez da bakarrik egon, dena den, eta Labi aholku batzordearen irizpideak jarraitu izan ditu. Urri hasieran desegin zuten Labi, eta batzordearekin batera neurri murriztaile gehienak bertan behera utzi zituzten, ez behin betiko, hala ere.
Urtarrilaren bigarren astean zorroztu zituzten ordura arteko neurriak. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua zuten udalerriak itxi zituzten eta udalerri horietan ostalaritza itxi behar izan zuten. Era berean, eremu gorrian zeuden herrietan joan-etorriak mugatu zituzten eta eskola kirola bertan behera utzi zuten. Aurretik indarrean zeuden neurriak mantentzea erabaki zuten ere, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itxiera perimetrala mantentzea, gehienez sei pertsonako taldeen bilerak baimentzea, gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea eta musika zein ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea. Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia, 20:00etatik 06:00etara mugatu zuten ere.
Urtarrila bukaeran udalerri guztiak perimetralki ixtea eta pertsonen arteko bilerak lau lagunetara mugatzea (bizikidetza unitate bereko lagunak ziren salbuespena) erabaki zuen Labik. Intzidentzia tasa altuko orduan azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuen langa jarri zuten 5.000 biztanletik gorako herrietan ostalaritza establezimenduen itxiera mantendu zuten eta herri zein hiri horietan, bertan behera geratu zen taldeko kirola (profesionalen eta erdi-profesionalen kasuak dira salbuespenak). Labik hamabost egunez behin berrikusi du egoera, eta neurri gehiago ezartzea edo ezarritakoak malgutzea erabakitzen aritu dira.
Martxo hasierarekin neurrien malgutzea aurreikusi zuen Labik. Mugitzeko askatasun apur bat berreskuratuko zuten herritarrek eta udalerrien konfinamendua bertan behera utzi zuten. Hiru lurraldeetako herrien artean mugitzea baimendu zuten nahiz eta Euskal Herriko eremu administratiboen artean ibiltzerik ez zegoen oraindik, gainerako murrizketek indarrean segitzen baitzuten: Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala, esaterako. Neurriak gehiago malgutzeko helburu bat zehaztu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak: Araba, Bizkai eta Nafarroako intzidentzia tasa 60 kasura mugatzea. «Hori da agertokirik egokiena; horrek izan behar luke euskal gizarte guztiaren konpromisoa».
500dik 400era
Martxoaren bukaeran alarma gorriak pizteko erabiltzen zuten tasa aldatu da, eta azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago zituztenak baino, 400 kasu zituzten herri eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezartzea erabaki zuten ondoren. Tolosaldean ez zegoen 400dik gorako tasa zuen 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerririk. Intzidentzia tasa hori zuten herrietan tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatu zituzten.
Ekainean itxiera perimetrala eta etxeratze agindua bertan behera utzi zituen EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaile batek erabaki zuen Jaurlaritzak ez zuela eskumenik herritarren mugikortasuna mugatzeko, behin alarma egoeraren legea indargabetu eta gero. Etxeratze agindua ezartzeko modurik ere ez zuela zehaztu du. Epaitegiak hartutako erabakiaren ondotik ostalaritzak 22:00ak arte irekita egoteko aukera izan zuen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez zion helegiterik aurkeztuko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiari, eta onartu zuen horrek ebatzi zuena. Maiatzean Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzean bukatu ziren ere mugikortasun mugak, etxeratze agindua eta bilkurak lau pertsonetara mugatzeko araua.
Maiatzean LABI batzordeak hainbat neurri malgutu zituen 22:00etatik 24:00era luzatu zuten ostalaritzak nahiz merkataritzak irekita eduki ahal izateko muga, eta kultur jardueren kasuan ere, gauerdira arte egiten hasi ziren.
Uztailean ordura arte hartutako neurriak mantentzea erabaki zuten eta horri gehitu zion neurri berria: gauerditik 06:00etara bizikideen topaketak bakarrik onartuko zituzten kalean. Hala, gauez jende multzoak elkartu espazio publikoetan elkartzea debekatu zuten.
Abuztuan albiste gehiago: tabernetan mahai bakoitzean zortzi pertsona esertzeko aukera zabaldu zuten eta esan zuten txertatuta zeuden ikasleek ez zutela berrogeialdirik egin beharko.
Urrian etorri zen Labiren azken erabakia. Maskararen erabilera ez aldatzea erabaki zuen, baina normaltasuna itzuli zen aisialdi eta ostalaritzara. Pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak indargabetzea erabaki zuten beraz eta baita Labi desegitea ere. Dena den, ordurako Omikron zegoen denen ahotan. Birusaren azken aldaera hori ordura arteko gainontzeko aldaerak baino azkarrago zabaltzen ari da eta mundu mailan ezegonkortasuna areagotu du.
Eguberrien bueltan debeku jakinik ez du egin Jaurlaritzak, baina bai gomendapenak. «Aurrera egitea eragiten duten egoerak» ohikoak izaten direla argudiatuta, «gomendio bereziak» eman ditu duela gutxi Gotzone Sagarduik. Besteak beste, eskatu du «ospakizunetarako talde egonkorra eta txikia» sortzea, gehienez ere hamar pertsonakoa edo bi familia unitatekoa. Ostalaritzako establezimenduetako mahaietan gehienez ere sei lagun biltzea ere eskatu du, eta, ahal dela, kanpoan. Topaketa handiak sor daitezkeen egoerak galarazteko ere gomendatu du, eta aipatu dituzte, besteak beste: enpresetako afari edo bazkariak, kotilioiak eta jaiak. Pilaketa handiko beste zenbait gune ere aipatu ditu Osasun Sailak: esaterako, ikastetxeak, gurtza lekuak eta merkataritza guneak, horietan «zuhurtziaz jokatzeko» eskatuz die herritarrei.